Lagunak eginez, 60 urtez

Ordura arte, noizean behin, opera saioren bat antolatzen zen Bilbon, hiriburuko enpresariek bultzatuta. Egitarau sendo bat atondu eta emanaldiak egonkor bihurtzeko asmoz sortu zen, 1953ko apirilaren 9an, OLBE Operaren Lagunen Bilboko Elkartea. Lau lagunen artean jaso zuten egitura guztia: Jose Luis de la Rica tenor bilbotarra izan zen lehen presidentea, Guillermo Bidegain otorrinolaringologoa presidenteordea, Juan Elua idazkaria, eta Jose Antonio Lipperheide diruzaina. Datorren urtean 60 urte beteko ditu elkarteak, eta bukatu berri dute 60. denboraldia. Dagoeneko 61.a ere prest dute. Gaur egun, opera denboraldia duen Euskal Herriko hiriburu bakarra da Bilbo, eta, egitarauaren kalitateari dagokionez, Europako ezagunenen artean dago.

"Opera ez da elitista, ez da garestia eta gozatzeko ez du eskatzen aditua izaterik". Juan Carlos Matellanes OLBEko presidenteak (Burgos, Espainia, 1958) topikoak apurtu nahi ditu. Izan ere, musika lirikoaren inguruko uste hori oso hedatuta dago gizartean. Azken urteetan, bada, hori izan da OLBEren erronka nagusietako bat: operarekiko zaletasuna gizarte osora zabaltzea.

Zortzi urte bete ditu Matellanesek elkartea gidatzen, eta tarte horretan horixe izan da haren obsesio handiena: bizkaitarrak OLBEra erakartzea. Bizkaian operarekiko zaletasuna badagoela iruditzen zaio. "Mundu ezezagun horri beldurra galtzea da garrantzitsuena, gugana etor daitezen lagunekin eta familiarekin". Krisiak kultura arloan sekulako eragina izan duela dio, eta aisialdirako zein kultur ikuskizunetarako gastuak behera egin duela: "Egoera honetan, beste publiko batzuk pixkanaka erakartzeko promozioak aurkitu behar ditugu". Hein handi batean, OLBE Txiki eta Opera Berri egitasmoen egitekoa hori da. Aurrenekoak umeak ditu jomuga: asteburuetan, guraso eta lagunekin joateko aukera izaten dute; astelehenetan, ikastetxeei zabaltzen diete gonbidapena. Bigarrena, Opera Berri, publiko heldua baina orain arte operarekin harremanik izan ez duena erakartzeko sortu zuten. Opera lan garrantzitsuak eskaintzen dituzte, baina prezio erakargarriagoan.

Aste gutxitan, 581 bazkide lortu zituen elkarteak sortu berritan; gaur egun, halako hamahiru dira. Sekulako marka izan zen lortutakoa, baita gerora izandako hazkundea ere. Industria alorreko Bilboko burgesiako kideak ziren gehienbat hasierako zaleak. Ekitaldi sozialak gustuko zituzten, eta operak horretarako aukera ematen zien. Bartzelonako Liceu antzokia hartu zuten eredu, opera munduan erreferente nagusietakoa baita Europan. Hasierako garai haietan ez zuten laguntza handirik izan; zer edo zer erakunde publikoen aldetik jaso zuten. Batez ere Italiako enbaxadak diruz lagundu zituen, aurreneko urteetan.

Gaur egun elkarte pribatu eta erakunde publiko hainbaten laguntza jasotzen du. Hala ere, elkartearen diru iturri nagusia kideek egindako ekarpenak dira: 2012 aurrekontuen %25 da administrazio publikoetatik jasotakoa; alegia, 2,6 milioi euro —2008an 4,3 milioi jaso zituzten—.

Gerora urte osoko denboraldi bihurtu ziren arren, hasieran jaialdiak antolatzen zituen OLBEk. 1953 hartan antolatu zuen aurrenekoa, Ama Birjinaren omenezko jaiekin batera. Abuztuaren 16an Pucciniren Tosca taularatu zen, 18an Verdiren Aida, 19an Verdiren Rigoletto, 21ean Verdiren Il trovatore eta 22an Donizettiren La favorite. Urtea bukatu aurretik iritsi zen bigarrena ere, Gabon sasoian. Abenduaren 25etik 30era eskaini ziren ondorengo lanak: Rossiniren Il barbiere di Siviglia, Pucciniren Madama Butterfly, Verdiren Un ballo in Maschera, Giordanoren Andrea Chenier eta Verdiren La Traviata. Gerora, 1990. hamarkadan, jaialdi horiek osatuz urte osoko denboraldiak antolatzen hasi ziren, irailetik ekainera. Hasieran ballet emanaldiak ere izaten ziren. 1955etik 1972ra hamabi ballet jaialdiz gozatu ahal izan zuten Bilbon, OLBEk antolatuta. Hasieran Coliseo Albia antzokian zuten eszenatokia. Gerora, Arriaga bihurtu zen Bilboko opera zaleen bilgune. 1999an, baina, jauzi handiagoa egin eta Euskalduna jauregi inauguratu berrian hasi ziren opera saioak eskaintzen. Agertoki berriak "behar duen handitasuna" eman zion operari, Matellanesen hitzetan.

Gaur egun, denboraldia OLBEren Kontzertua izeneko emanaldiak, Orkestra handien kontzertuak, OLBE Txikik, Opera Berriko saioek osatzen dute eskaintza. Horrez gain, jardunaldiak eta hitzaldi zikloak ere antolatzen ditu elkarteak. Baita operari lotutako hainbat argitalpen kaleratu ere. "Bilbotik kilometro gutxira, Bizkaitik irten ere egin gabe, gure lana oso ezezaguna da, eta hirian bertan askok opera zale izatea garestia dela uste du. Horregatik ezinbestekoa da gure jarduera guzti horiei eustea", dio Matellanesek. OLBEk "kalitatea lehenesten du". Elkarteko presidentearen hitzetan, ahotsen maila da garrantzitsua, abeslarien jatorria aintzat hartu gabe. 1953ko lehen bi jaialdi haietan, Gianni Poggik, Enzo Mascherinik eta oraindik gazte-gaztea zen Carlo Bergonzik parte hartu zuten; "garaiko onenek". 61. denboraldirako ere goi mailako abeslariak deitu dituzte: Sandra Radvanovsky, Marius Kwiecien eta Inva Mula, besteak beste.

EHZagutu

Orain dela pare bat urte gertatu zitzaigun. Habanako hotel bateko azken solairuan geunden gosaltzen, sabaitzat urtarrileko hodei zoragarriak baino ez. Euskaraz geniharduen, eta alboko mahaiko emakumeak berehala zorroztu zituen belarriak. Alde egiteko zorian geundela, ezin izan zion galderari eutsi: "Euskaraz ari zarete, ezta?". Guk baietz. Bere burua aurkeztu zuen, eta baita alboan zuen alaba nerabearena ere bai. Argentinarrak ziren, jakin-min handikoak eta, hau bai harrigarria, jatorrak. Solasean jarraitu genuen tarte batez, bizitzaz eta politikaz. Banandu aurretik, azken galdera bota zigun: "Beraz, separatistak zarete, ezta?". Ezetz, irrikitan geundela bat egiteko Bidasoaz bestaldekoekin, izatekotan baterazaleak ginela. "Bitxia da, inoiz ez dut planteatu afera ikuspuntu horretatik", erantzun zigun.

Egia esan, errazagoa da esaten egiten baino. Badago ikasleekin urtero egiten dudan ariketa bat. Berriketaldiari ekin aurretik, Erramun Baxok Suhuskuneko euskaltzaleak idatzi zuen artikulu bat banatzen diet. Bertan, Baxokek kontatzen du zelan ibili zen Ipar zein Hego Euskal Herrian galderak egiten hiri batzuen arteko distantziei buruz. Bere asmoa mugaren eragin psikologikoa aztertzea zen; adibidez, baionarrei galdetzen zien ea zein zegoen hurbilago, Paue (100 km) edo Donostia (50 km). Ez da zaila emaitza irudikatzea, ezta? Donostiar askok, esaterako, Tutera (200 km) Maule (130 km) baino hurrekoago sentitzen dute. Mugaren ondorioz euskal herritar gehienok buruan daukagun EHko mapa nahiko distortsionatua dago: hegotik begiratuta Euskal Herri buruzabala ikusten dute (ia Garonarainokoa!); iparretik, aldiz, tripa-handia (Gasteiz ia Burgosen parean, Tutera Soriako goilautadan…). Hurrengo minutuetan izaten dugun solasaldian beti konstatatzen dut gauza bera: ikasle gehienentzat, Frantzia Bidasoan hasten da.

Beraz, prakak bete lan daukagu gure pentsalari batek oinarrigintza deitu zuen arlo zabal honetan. Zelan indartu harremana Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako biztanleekin? Ziurrenik, bide bakarra beste arlo guztietan funtzionatzen duen berbera izango da: eurei buruz daukagun ezagutza handituz. Ezagutzak interesa pizten du, eta interesak inplikazioa dakar. Horretarako mila aukera daude, baina nik neuk EHZ festibalera hurbiltzea proposatzen dizuet. Eta, aukeran, laguntzaile moduan joatea. Ez zaizue damutuko. Ez duzue lo askorik egingo, lan-txanda surrealistaren bat egokitu zaizue eta zortearen arabera blai eginda edo egosita amaitu ahal duzue egonaldia. Baina, hori bai, aukera profitatzen baduzue, hurrengoan ere bueltatuko zarete Heletako plazan izaten den giro magikoaz gozatzera.

Orain, murgiltze sakonagoa nahi duenarentzat badaukat beste bi proposamen alternatibo: bata, Baionako bestetan galtzea (adi! aurten uztailaren amaierara aurreratu dituzte); bestea, aparta benetan, udaldia Zuberoako Altzürüküko baserri batean ematea behiei eta ardiei azpiak egiten. Bertzerik ez bada, kantuan behintzat ikasiko duzue.

Abestien egun handia

Abesbatzen egunaMungiaMusika erritmo eta doinuek hainbat bazkaloste, zeremonia eta ekitaldi girotu dituzte Bizkaiko herri askotan. Bada, etzi Mungiako bazter guztietan abestiak entzungo dira. Izan ere, urtero egiten den Bizkaiko Abesbatzen Eguna ospat...

Gitarrak markatutako kolpeak

Bilbao 700 Fundazioak, Bilbao Flamenco elkartearekin lankidetzan, flamenko jaialdia antolatu du asteburu honetarako. Bart entzun ziren hiriburuan aurreneko gitarra doinu eta takoi kolpeak. Gaur, eta bihar ere, musika eta dantza estilo horretaz gozatzeko aukera egongo da. Aurrenekoz egin den jaialdi honetako artista gonbidatuak dira Miguel Poveda, Manuela Carrasco eta Vicente Amigo. Povedak bart ireki zuen egitaraua asteSano izeneko emanaldiarekin. Campos Eliseos antzokiko oholtza gainean izan zen, bere gitarrak lagunduta

Gaur, berriz, Manuela Carrasco flamenko dantzariak eta bere konpainiak hartuko diote lekukoa. 20:00etan hasita Suspiro flamenco izeneko ikuskizuna taularatuko dute, Guggenheim Bilbao museoaren auditoriumean. Carrascoren beraren dantzak, konpainiako flamenko dantzari laukotearen dantzak eta La Susi izeneko abeslariaren kantak tartekatuko dira ikuskizunean. Agertokian, alde batean cante kantariak, bestean gitarrista eta kutxa, eta erdian Enrique el Extremeño kantari ezaguna izango dituzte lagun.

Biharkoan Bilboko Elkarte Filarmonikoaren antzokia izango dute erakusleku. Vicente Amigo abeslari kordobarra igoko da oholtzara. Flamenko tradizionala beste musika estilo batzuekin nahastea gogoko izan du betidanik. Une honetan flamenko musikarien artean entzutetsuenetakoa da. 2009an grabatu zuen azken diskoa: Paseo de Gracia. Orain hurrengoarekin dabil.

Kontzertu nagusi horietaz gain, Hesperia hotelean eta Secotel Coliseo hotelean gaueko emanaldi intimoagoak izango dira gaur eta bihar, 23:00etan hasita. Horrez gain, igandera bitartean, Secotel Coliseo hotelean Retratos flamencos izeneko argazki erakusketa dago ikusgai. Erakusketarako sarrera doakoa da.