EHZagutu

Orain dela pare bat urte gertatu zitzaigun. Habanako hotel bateko azken solairuan geunden gosaltzen, sabaitzat urtarrileko hodei zoragarriak baino ez. Euskaraz geniharduen, eta alboko mahaiko emakumeak berehala zorroztu zituen belarriak. Alde egiteko zorian geundela, ezin izan zion galderari eutsi: “Euskaraz ari zarete, ezta?”. Guk baietz. Bere burua aurkeztu zuen, eta baita alboan zuen alaba nerabearena ere bai. Argentinarrak ziren, jakin-min handikoak eta, hau bai harrigarria, jatorrak. Solasean jarraitu genuen tarte batez, bizitzaz eta politikaz. Banandu aurretik, azken galdera bota zigun: “Beraz, separatistak zarete, ezta?”. Ezetz, irrikitan geundela bat egiteko Bidasoaz bestaldekoekin, izatekotan baterazaleak ginela. “Bitxia da, inoiz ez dut planteatu afera ikuspuntu horretatik”, erantzun zigun.

Egia esan, errazagoa da esaten egiten baino. Badago ikasleekin urtero egiten dudan ariketa bat. Berriketaldiari ekin aurretik, Erramun Baxok Suhuskuneko euskaltzaleak idatzi zuen artikulu bat banatzen diet. Bertan, Baxokek kontatzen du zelan ibili zen Ipar zein Hego Euskal Herrian galderak egiten hiri batzuen arteko distantziei buruz. Bere asmoa mugaren eragin psikologikoa aztertzea zen; adibidez, baionarrei galdetzen zien ea zein zegoen hurbilago, Paue (100 km) edo Donostia (50 km). Ez da zaila emaitza irudikatzea, ezta? Donostiar askok, esaterako, Tutera (200 km) Maule (130 km) baino hurrekoago sentitzen dute. Mugaren ondorioz euskal herritar gehienok buruan daukagun EHko mapa nahiko distortsionatua dago: hegotik begiratuta Euskal Herri buruzabala ikusten dute (ia Garonarainokoa!); iparretik, aldiz, tripa-handia (Gasteiz ia Burgosen parean, Tutera Soriako goilautadan…). Hurrengo minutuetan izaten dugun solasaldian beti konstatatzen dut gauza bera: ikasle gehienentzat, Frantzia Bidasoan hasten da.

Beraz, prakak bete lan daukagu gure pentsalari batek oinarrigintza deitu zuen arlo zabal honetan. Zelan indartu harremana Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako biztanleekin? Ziurrenik, bide bakarra beste arlo guztietan funtzionatzen duen berbera izango da: eurei buruz daukagun ezagutza handituz. Ezagutzak interesa pizten du, eta interesak inplikazioa dakar. Horretarako mila aukera daude, baina nik neuk EHZ festibalera hurbiltzea proposatzen dizuet. Eta, aukeran, laguntzaile moduan joatea. Ez zaizue damutuko. Ez duzue lo askorik egingo, lan-txanda surrealistaren bat egokitu zaizue eta zortearen arabera blai eginda edo egosita amaitu ahal duzue egonaldia. Baina, hori bai, aukera profitatzen baduzue, hurrengoan ere bueltatuko zarete Heletako plazan izaten den giro magikoaz gozatzera.

Orain, murgiltze sakonagoa nahi duenarentzat badaukat beste bi proposamen alternatibo: bata, Baionako bestetan galtzea (adi! aurten uztailaren amaierara aurreratu dituzte); bestea, aparta benetan, udaldia Zuberoako Altzürüküko baserri batean ematea behiei eta ardiei azpiak egiten. Bertzerik ez bada, kantuan behintzat ikasiko duzue.