Markina da zesta-puntako aurtengo txapelduna

Markinak irabazi du aurten Bizkaiko herri arteko zesta-punta txapelketa. Hilaren 9an jokatu zen finala, Durangoko Ezkurdi pilotalekuan. Garaileek 2-1eko emaitzarekin irabazi zieten txapeldunordeei, Berriatuko ordezkariei. Espero zen baino final lehia...

“Sareak behar bezala bukatu gabe daude”

Arazo nagusi bi nabarmendu ditu Agustin Ruizek (Durango, 1956), Bizkaiko Txirrindularien Elkarteko presidenteak, bidegorriei dagokienez: oinezkoek bidegorriak erabiltzen dituztela eta bideok bukatu gabe daudela. Beraz, txirrindulariek errepideetan sartu behar dute sarri.

Zer iritzi duzu Bizkaiko bidegorriei buruz?

Jendea ez dago kontzientziatuta bidegorriak bizikletentzako bakarrik direla. Hori da gure arazo nagusia. Horrez gain, jende gehiagok bizikletak hartzea ere nahiko genuke.

Eta bidegorri sarea osatuta dagoen moduari dagokionez, zer iritzi duzue?

Ez dago gaizki, baina bikaina ere ez da. Arazo txiki bat ikusten dugu guk: bidegorriak herri barruetan moztuta daude, edo bukatu gabe edo eraikitzeko prozesuan.

Zein dira zuek ikusten dituzuen beharrizanik handienak?

Bidegorriak bukatzea, batetik. Bestetik, uste dugu sarea ondo konpondu eta eratzeko erabakia ere hartu beharko luketela, txirrindulariek errepidean sartu beharrik izan ez dezaten. Hau da, leku batetik bestera bizikletaz joan nahi duenak bidegorritik joateko aukera izan dezan, ez bidegorri zati batetik hasi, gero espaloi gainetik edo errepidean sartu behar izatea... Sareak behar bezala bukatu gabe daude.

Diru falta arrazoitzen dute horretarako.

Bai, gainerako gauza guztiekin gertatzen den bezala.

Aldundiak bi proiektu berri jarri ditu martxan: Fikatik Solletxera eta Maruritik Andrakara. Kilometro asko eta azkarrago egiten dituztenei zuzendutako bideak dira. Ezagutzen dituzue?

Plan bat ezagutzen dugu Durangotik Atxondora bide bat egiteko; baita lurralde osorako proiektuak ere. Proiektuak onak dira. Baina bidegorriak oinez ibiltzeko ez direla jakitea ere garrantzitsua da. Izan ere, hori ere gure arazo handietako bat da. Jendea oinez joaten da bidegorritik. Nik ez dut ondo ikusten.

Txirrindulariok, azkenean, errepideetara jo behar dugu. Udan, gainera, jakina da zein arazo izango dugun: autoz beteta egongo dira errepideak.

Bestalde, txirrindulari profesionalek zeintzuk aukera dituzte entrenatzeko Bizkaian?

Bidegorrietatik ezin daiteke entrenatu. Bidegorria bide lasaia, orduko bost-hamar kilometroko abiaduran paseoa egiteko da, ez entrenatzeko.

Errepideetan entrenatu behar dute, beraz. Horretarako aukerarik ba al dago?

Errepide nagusietatik ez dira joaten: Bizkaiko balkoitik, Nabarniz, Lemoiz… Inguru horietatik joaten dira, bigarren mailako errepideetatik, hain zuzen ere, leku lasaiagoetatik.

Horrek ondo entrenatzeko aukera ematen al die?

Bai, zalantzarik gabe. Hemen txirrindulari onak daude, gainera. Badaude hainbat bide gehiago: Markina eta Etxebarria ingurua, San Migel gaina, Santa Eufemia, Lekoiz…

Beste irtenbideren bat bilatu beharko litzatekeela uste duzu?

Ez, nik uste haientzako nahikoa dela dagoen bezala. Egia da, Durangon, esaterako, errepide nagusia hartu behar dutela, baina bi edo hiru kilometroko kontua baino ez da.

Ibilgailu motordunetako gidariak gero eta kontzientzia handiagoa hartzen ari dira txirrindularien inguruan?

Bai. Beti dago zakarren bat, baina bai. Asko aldatu da gidarien jarrera, munduan denetarik dagoen arren.

Eta txirrindulariek eurek betetzen al dituzte beharrezko segurtasun neurriak eta arauak?

Kasu horretan ere gauza bera gertatzen da. Beti dago arduragabekoren bat eta zakarren bat. Gehienetan, hala ere, arauak betetzen dituztela uste dut; izan ere, haiek dute gehien galtzeko.

Emakumeen Biran buru-belarri ibili zara. Zer moduz?

Oso lanpetuta ibili naiz.

Bira horrek 25 urte bete ditu. Zer balorazio egiten duzu?

Ona. Munduko lasterketa onenen artean sartuta jarraitzen dugu. Maila handia lortu dugu, baina lan asko egin behar izan dugu horretarako.

PAZIENTE GORRAK ULERTZEKO, KEINUAK

Entzun eta hitz egin ezin dezaketen pazienteekin ulertu ahal izateko asmoz, Bizkaiko Erizainen Eskolak keinu hizkuntza irakasteko ikastaroa antolatu du. Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian 49.000 pertsona baino gehiago daude gortasun maila eta mota desberd...