Burtsa, hamar berbatan

Azkenaldian burtsatik datozen albisteek orri mordoa betetzen dute egunkarietan, baina, gehienentzat arrotzak dira berriotan aipatzen diren kontzeptuetako asko. Hona horietako batzuek esan gura dutena.

1. Balore merkatua

Konpainia eta enpresen akzioak salerosten diren erakundea da balore merkatua edo burtsa. Truke horretan parte hartzen dutenei inbertitzaile deitzen zaie, eta bi eratakoak izan daitezke: erosi nahi dutenak eta saldu nahi dutenak. Akzioez gain obligazioak, bonuak eta bestelako finantza aktiboak ere negoziatzen dira bertan. Burtsa konfiantzan oinarritzen da, enpresa batek aurrera begira galerak edo irabaziak izango dituen ustean, eta, adituen arabera, ekonomiak hiru hilabeteren buruan nondik nora joko duen aurreikusteko balio du.

2. Akzioak

Enpresa batek kapital hazkundea behar duenean, bere jabegoa zati txikiagoetan banatu eta horiek saltzera jotzen du burtsara. Akzioak dira horiek. Burtsan kotizatzen hasten diren unetik aurrera, konpainiak, burtsako terminoetan, beste izendapen bat hartzen du: balorea. Akzioak errenta aldakorreko inbertsioak dira. Batetik, akzioaren jabeak enpresaren irabazien zati bat jasoko du, urtero jasoko duen kopurua ezberdina izango delarik. Akzio bat edo batzuek erosi dituen inbertitzaileak, gainera, gero beste inbertitzaile batzuei saltzeko aukera dauka, espekulatu eta salerosketa horren bidez dirua irabazteko asmoz.

3. Burtsa indizea

Indizea da denbora igaro ahala aldagai batean edo gehiagotan sortzen diren aldaketak neurtzeko erabiltzen den balio estatistikoa. Beraz, burtsa indizea baloreen inguruan osatutako balio estatistikoa da. Kapitalizazioa, kontratazio bolumena eta pareko irizpideen arabera aukeratutako enpresen balore kopuru jakin batekin osatutako saskia da. Saskia osatzen duten balore horiek balioan gora edo behera egin duten neurtzeko balio du. Burtsa indizearen helburua saskiaren balio osoaren bilakaera burtsa merkatuak bere osotasunean egiten duenaren antzekoena lortzea da.

4. Bolsas y Mercados Españoles

Bilboko Burtsa, Madril, Bartzelona eta Valentziakoekin batera, BME Bolsas y Mercados Españoles holdingaren parte da gaur egun. Espainian finantza sistemak eta balore merkatuak zuzendu eta kudeatzen dituen enpresek osatzen dute. Lau baloreen merkatu hauek, bada, bat eginda daude eta merkatu nagusia edo lehen mailakoa bateratuta daukate. Alegia, ez dira lau burtsa independente; salerosketak era berean egiten dira euretako edozeinetatik eginda ere. Merkatu jarraia deitzen zaio horri. SIBE izeneko sistema elektronikoa darabilte horretarako. Aginduen bitartez zuzendutako merkatua da, denbora errealean informazioa ematen duena eta kontratazio informazioaren zabaltze automatikoa egiten duena. Lau burtsetatik aginduak ordenagailu zentral berera zuzentzen dira. Aginduak bi motatakoak izan ohi dira, gehienbat: mugatua —erosteko gehienezko prezioa edo saltzeko txikiena ezarrita— eta stop agindua —erosketa edo salmenta prezioa balio jakin batera heltzeak baldintzatzen duenean—.

5. Bigarren merkatua

Merkatu nagusiaz gain, lau burtsa hauetan bigarren merkatu bana dago. Enpresa txiki eta ertainen burtsa merkatuan sarrera eta iraunkortasuna dutela bermatzeko eta ahalbidetzeko sortu ziren. Izan ere, euren tamaina txikiagatik ez zituzten lortzen lehen merkatuan kotizatzeko beharrezkoak ziren kontratazio mailak. Hasieran arrakastatsuak izan ziren, baina korro bidez soilik negoziatzen zirenez, gaur egun ia ez da bigarren merkaturik existitzen.

6. Korroen bidezko negoziazioa

Ahotsez egindako kontratazioa da. Burtsa aipatzerakoan burura etortzen diren negoziazioaren irudia, alegia. Dagoeneko ia desagertuta dago. Hala ere, sinbolikoki horretarako aukera eskaintzen dute BMEko lau burtsen egoitzetan. Bilboko Burtsan 10:30etik 11:30era egin daiteke, nahiz eta dagoeneko arraroa izan tarte horretan handik igarota inor aurkitzea. Zazpi balorek baino ez dute kotizatzen korroan, Bilbon. Garrantzitsuena Minersa da.

7. IBEX 35

BMEk argitaratzen duen indizeetako bat da; garrantzitsuena. Espainiako burtsan merkatu jarraiko indize ofiziala da. SIBE merkatu jarraian eta lau burtsetan kotizatzen duten enpresetatik likidezia handiena duten 35ek osatzen dute. Gaur egun, talde horretako Euskal Herriko enpresa bakarrak bizkaitarrak dira: BBVA, Iberdrola eta Gamesa. Enpresa guztiek ez dute garrantzia berbera. Horregatik, negozio bolumenaren araberako enpresen arteko ponderazioa egiten da indizea osatu ahal izateko.

8. Bilbo 2000 indizea

Bilboko Burtsak egunero osatzen duen indizea da Bilbo 2000. 50 balorek osatzen dute: Bilbon kotizatzen duten likidezia handieneko 50 enpresek, alegia. 50 horien artean, noski, Ibex 35a osatzen dutenak daude.

9. Nazioarteko merkatuak

NYSE New Yorkeko burtsa da mundu mailako handiena moneta bolumenean eta lehena bat egindako enpresei dagokienez. AEBetan Nasdaq izeneko merkatu elektronikoa ere badute; teknologia altuko elektronika, informatika eta bioteknologia alorretako enpresak hartzen ditu bere barruan. Europako burtsa nagusiak —Paris, Amsterdam, Bruselas, Lisboa, Oporto eta Londres— Euronexten bilduta daude, eta 2007tik NYSErekin batera NYSE Euronext sortu zuten.

10. Zor publikoa

Administrazio publikoek ere kapitala behar izaten dute euren zorra finantzatzeko. Errenta finkoko finantza aktiboak izaten dira eta, amortizazio epearen arabera, letra, bono edo obligazio izan daitezke. Aspaldion sarri entzuten da Espainiaren eta Italiaren arrisku sariek gora egin duela. Europako estatu bateko arrisku saria, kontinenteko ekonomia sendoena duen Alemaniak eta estatu horrek, biek, 10 urteko amortizazio epea duen zorra erosteagatik ordaintzen dituzten interesak alderatuta kalkulatzen da.

Espainiako arrisku saria 552koa izateak, Espainiaren interesak Alemaniak ordaintzen dituenak baino %5,52 handiagoak direla esan nahi du. Inbertitzaileek Espainiak interesak itzultzeko gaitasunik ez duela izango uste badute, ez diote zorrik erosi nahiko, eta horregatik interes handiagoak eskaini beharko dizkie estatuak. Arrisku sariak gora egingo du, inbertitzaileek konfiantza gutxi dutenean, Espainiak interes altuagoak eskaini beharko dituelako. Eusko Jaurlaritzaren eta aldundiaren zorra eros daitekeen merkatu bakarra Bilbokoa da.

Euzkaditik at, amorruz

Frankistek Bizkaiaren aurka egin zuten erasoaldiak 80 egun iraun zuen. Eguneko, bataz beste 500 metro aurreratu ziren, baina Bilbo eskuratu ostean aurrerapena azkartu egin zuten, nabarmen. Hori dela eta, 1937ko uztailaren bezperetan Kantabriako mugetan zeuden, Iparraldeko frontea deitzen zutena behin betiko bukatzeko asmoz. Euzko Gudarosteak, berriz, galerak handiak izan zituen. Bilbo inguruan izan ziren azken gudaldien bezperetan, Euskal Armadak 43.000 soldadu bazituen ere, Santander aldean Ipar Armadako XIV. atala berrosatu zenean, 36.000 lagun zituen. 7.000 gutxiago, beraz. Horietatik asko hilik edo zauriturik zeuden, gainontzekoak Bilbon, Barakaldon… errenditu ziren.

Kantabriara jo zutenek derrigorrezko hainbat berregituraketa pairatu behar izan zituzten. Goi-goian, agintari berriak ere ezarri zitzaizkien, eta Euzko Jaurlaritzak 1936ko urriaz geroztik eraturiko armada urtu egin zen aipatutako Ipar Armada hartan. Bizkaia galtzearen ondorio zuzenetako bat zen. Irujok, urte dezente geroago, horren gainean erran zuena, "Bilbo galduta, gu ez ginen inor nazioarteko ezbaietan", ekar zitekeen Estatu mailara ere. Izan ere, Jose Antonio Agirre lehendakariak euskal armada itsasoz eta Frantzian barrena, Katalunia aldeko frontetara eramateko egindako proposamena antzua suertatu zen. Espainiako agintari errepublikanoek kontrako jarrera irmoa azaldu zuten. Era berean, Santanderren, bertako agintariek eta ezkertiarrek mespretxuz hartu zituzten hara joandako gudariak eta milizianoak. Euskal armada deseginda, euren bataloiak aipatutako Iparraldeko XIV atalean berregituratu zituzten, Putz, De Pablo, Barzana bezalako goi militar ezkertiarren menpe ezarri zituztelarik.

Hasieran, Enkarterrira jotzen zuen fronte berrian erasotzeko gertu zeuden, baina Kolitza berreskuratzeko izandako saio odoltsuaren ostean, Bizkaian,aurreko hilabetetan izan zuten joera, hots, defentsarena nagusitu zen. Horretarako lagungarri izan zuten Madril aldean, armada errepublikanoak egindako Bruneteko erasoaldia. Horrek iraun zuen bitartean, frankistek zokoratu egin behar izan zuten Iparraldeko frontea. Bukatutakoan, baina, berriro Davilak eta enparauek Kantabrian jarri zuten jomuga.

Tarte horretan, geldirik egon ez zirenak EAJko hainbat buruzagi izan ziren. Juan Ajuriagerra gidari, Santoña aldean hilabete pare eskas baten buruan gauzatuko zen euskal batailoien gehiengoaren errendizioa prestatzen ari ziren. Inozokeria handiz, gudari gehienek alde egiteko aukera izanen zutelakoan, edo okerren jota, armada italiarraren menpe gelditu zirelakoan, Ajuriagerra eta Onaindia jelkideen aldetik eta Cavalleti eta Roatta faxisten aldetik, harremanetan ari ziren euskal armadakoek amore eman zezaten. Ez zen bakarrik agintari hainbaten nahia. Gudari asko, etsipenez eta amorruz jota, horren alde zeuden. Euzkadiren alde "dana emon biar yako" zioten batzuk, dagoeneko ez zeuden prest Euzkaditik at borrokatzeko. Bizkaiko erasoaldian sufritu zutena sufrituta, eta gobernu errepublikanoaren aldetik behar-beharrezkoa izan zuten laguntzarik jaso ez izanak, ahuldu egiten zituen borrokan jarraitzeko gogoak. Zauri horrek ulergarri bihurtzen zituen Laredon, Limpiasen eta Santoñan egindako erretirada eta errendizioa. Hala ere, izan ziren Kantabrian eta Asturiasen borrokan jarraitu zuten euskal milizianoak; baita trukearen bitartez 1938an ateratako hainbat gudarik gerrari beste frontetan heldu ziotenak. Frankistek El Dueson bertan —Santoñako espetxea— martxan jarritako errepresioak urte luzez iraun zuen, eta argi erakutsi zien Euzkaditik at ere Euzkadiren alde borrokatu beharko zutela.

350.000

Arratia aldean energia kontsumoan aurreztuko dutena. Arratiako Mankomunitateak eraginkortasun energetikorako bulego bat sortu du. Energia kontsumoan eta instalazioen mantentze lanetan eta konponketetan urtero 350.000 euro aurreztea espero dute.