Hau da hau gure Bilbau

Egunak joan egunak etorri, Euskaltzaindiak Bilboko Plaza Barrian duen egoitza ondo txukuna eta egokia dela errepikatzen da, baina hurbil zaitez hara, eta zerorrek egiaztatuko duzu une oro zer-nolako zarata, zalaparta eta desoreka jaso behar izaten dituen. Askotan ikaragarria dela berretsiko duzue. Noski, dagoeneko, usatuta egongo dira, baina hori, berez, ez al da gure hizkuntzaren akademiari burutik behera kaka egitea edo adeigabea izatea? Agintariei maiz entzuten diegu esaten euskara zein garrantzitsua den, baina, orduan, Euskaltzaindiak duen egoitza, zergatik tratatzen dute hain gaizki? Uste izatekoa da Euskaltzaindiaren egoitzak gure hizkuntzaren leku sakratua izan beharko lukeela, ikasketak eta ikerkuntza, euskararen inguruko gaiak arakatzeko, irtenbideak aztertu eta sortzeko, hizkuntza bera landu eta zaintzeko, behar eta dagokion moduan, bake berezia beharko lukeela, oreka eta errespetua.

Nire ustez, nahikoa da, inguruko tabernek zein jendeak sortzen duen mugimenduarekin nahiz zaratarekin. Baina, horrez gainera, aurrean, gehienetan, txosnak ez badira, musika, dantza, janari, eta edari erakustaldiak ere antolatzen dira, Bilboko jaietan, santomasetan, edota beste hainbat ospakizunetan, gero eta gehiago, udalak antolatutakoak.

Urte asko dira ondoko tabernan egunero kafea hartzen, eta, urtean zehar, Euskaltzaindiak jasotzen duenak bide makurra daramala esan behar dut. Aitor dut ni neu ere han egokitu naizela inoiz. Guztion ikurra darama, eta halako ikurra gainera, eta ahalegin guztiak egiten ditu bere izen ona mantentzeko, eta guztiok bera garrantzitsutzat ez eze, guztiz beharrezkotzat ere hartu beharko genuke, eta errespetu osoa sortu beharko luke gizartearengan, hots, Bilborengan. Pentsatu al dugu inoiz zer-nolako eskandalua sortuko litzatekeen, esaterako, Parisen, Berlinen, Erroman edota Madrilen bertako hizkuntz akademiaren aurrean halako zerbait gertatuko balitz? Nolanahi ere, arduragabekeria hori hemen besterik ez da gertatzen, munduan zehar ez baita holakorik inon egiten, eta jarrera bakan hau ikusita, neure buruari galdetzen diot zer-nolako hiriaz eta gizarteaz ari garen. Honek guztiak zerbait erakusten eta esan nahi du, ezta?

Erbestetik datozen bisitariek ikusten dutenean Euskaltzaindiaren aurrea txosnaz beterik, edota jendetza han iskanbila sortzen, txahala botatzen, txiza egiten, Euskaltzaindiaren albo-alboan, zer pentsatu beharko dute gutaz eta gure kulturaz? Lehenengo eta behin, beren ezustekoa eta harridura agertu ondoren, beren buruari galde egingo diote, baina zertan dihardute hor? Ondoren, hau eransteko, “gure herrian ez litzateke inoiz gertatuko halako errespetu gabeziarik gure hizkuntzaren zaintzailearekiko: Tira, agian bai, diktadura baten mende egotekotan”. Hau ikusi eta entzun beharrak inoren buruarengan lotsa sentiarazten dit.

Gizarte eta hiri batek txiringitoen kultura bere hizkuntzarena baino gehiago babesten eta zaintzen duenean, horrek zeozer esan nahi du bere jendeaz, bere gizarteaz eta bere agintariez, ezta? Hau al da ba jardunbide zuzena ala zer demontre ote da? Gure ikurrak babestea zein garrantzitsua den gauza jakina omen da, zer esanik ez. Baina, itxuraz, gure agintari batzuk ez dira oraindik horretaz konturatu. Batzuetan Plaza Barria monumentu historiko-artistikoa omen da, baina beste batzuetan, ordea, haurtzaindegia, futbol-zelaia, animalia denda, liburu zaharren saltoki edota kromoak trukatzeko lekua. Hau da hau kontraesana, Euskaltzaindiak, bizkitartean, zama pisutsuegia jasaten dihardu.

Halako ikurren egoera oraindik hain larria denez, horretan askoz gehiago sakondu beharko genuke, arazoaren mamiraino iritsi arte. Bilbori buruz sarritan hitz egiten da, eta politikariek zein bilbotar gehienek, oro har, eredutzat hartu eta saldu nahi dute hiria, sinbolo bezala, arkitekturaren ikuspuntutik, kulturgune gisa, antza denez, gizartearen gehiengoak onartzen eta babesten duelako. Edonola ere, hiri bat, kanpotik lifting ona duena baina barrutik hutsik dagoena, zer motatako hiria da? Karamelu baten azaleko papera dirudi Bilbo horrek. Kanpotik oso ederra, airos eta pinpirin, baina ahora sartu eta bera dastatzean, barrutik hain zapore gozorik ez.