Ermitak ezagutzea, mendian ibiltzeko aitzakia

Bihar, urtero legez, Zeanuriko (Bizkaia) Ermiten Mendi Martxa egingo dute. Aurten, hogeita bosgarren aldia izango da, eta dagoeneko ohitura bilakatu da inguru horretan. 1988an antolatu zuen lehenengo aldiz Joko Alai Elkarteko mendi sailak

Sortzean zituen helburu berberei eusten die martxak: goiza naturarekin harremanetan eta kirola eginez igarotzea, eta herritarrei zein kanpotarrei Zeanuriko inguru zabalak eta ondare kulturala ezagutaraztea. Izan ere, ez dira gutxi inguru horretan sakabanaturik dauden ermita eta elizak: hogei, hain zuzen.

Ibilaldia herriko frontoitik hasiko dute, 07:30ean, eta ibilbide osoa egiten dutenek, 35 bat kilometrotan, hemeretzi ermita eta eliza bisitatuko dituzte, aurten ere Egiriñako (Gorbeia) Edurretako Amarena kanpo utzi dutelako.

Mendian ibiltzeko ohitura gutxiago dutenentzat, berriz, 15 kilometroko eta 27 kilometroko ibilbideak prestatu dituzte: San Joanetik eta San Migeletik helmugara joatekoak, hurrenez hurren. Parte hartzeko 10 euro ordaindu beharko dira egunean bertan.

MENDI MARTXA

Noiz. Bihar, 07:30ean.

Iparralderantz, Kantauriko erraldoien bila

Garaiko kronikek eta argazkiek diotenez, Bizkaiko golkoko azken euskal balea 1901eko maiatzaren 14an arrantzatu zuten Orion (Gipuzkoa). Iturri historiko horiek baino gehiago, baina, Benito Lertxundiren abestiak egin du ezagun arrantzale oriotarrek egun horretan egindakoa. Harrez geroztik, ez da Eubalaena glacialis espezieko balearik bizi gure itsasoetan, baina oraindik ere beste zetazeo mota asko ikus daiteke euskal kostaldean.

Egun, Urdaibai Biosfera erreserbaren bihotzean, Busturian, kokatzen den Euskadiko Biodibertsitatearen Zentroak zetazeoak begiztatzeko aukera eskaintzen die bisitariei, urrira bitarte martxan egongo den Zetazeoak 10etan programaren bitartez. Ambar Itsas Faunaren Kontserbaziorako eta Ikerketarako Elkarteak eta Hegaluze enpresak Biodibertsitate Zentroarekin egindako elkarlanari esker abiarazitako proiektuak, Bizkaiko kostaldean bizi den itsas fauna bere habitat naturalean ikustaraztea du xede.

Bermeon bertan eraikitako Hegaluze barria katamaranera igo, eta irteera gidatu interesgarri horren bitartez itsas ugaztunak bertatik bertara ezagutzeko grina dutenek aldez aurretik eman behar dute izena. Txangoen inguruko informazio zehatza eta zabala www.torremadariaga.net eta www.hegaluze.com webguneetan aurkitu daiteke.

Haizea arerio

Euskadiko Biodibertsitate Zentroa Ihobek kudeatzen du, ingurumen eta iraunkortasun politiken arloan lan egiten duen eta Eusko Jaurlaritzaren mende dagoen sozietate publikoak, alegia. Joan den astean, zentroak 2008tik lortutako emaitzen balorazioa egin zuen Ihobek, eta, aukera baliatuta, zetazeoak begiztatzeko irteera gidatuetan parte hartzeko aukera eman zion hainbat kazetariri.

Hala, Bermeoko portuan ontziratu eta, kaiaren babesa atzean utzi bezain pronto, iparraldeko norabidea hartu zuten eskifaikideek. Itsaso biziak itsasontzia alde batera eta bestera kulunkatatzen zuen bitartean, Ambarreko partaideek itsas ugaztunen inguruko azalpenak emateari ekin zioten. Ilazki Goenaga biologoak jakinarazi zuenez, txangoaren aurreko egunetan izurdeak eta zere txikiak (Balaenoptera acutorostrata) ikusi zituzten Bermeotik itsas milia gutxira. Horrez gain, zetazeoak ikusteko baldintza meteorologiko egokiak zeintzuk diren ere azaldu zuten Ambarreko kideek. Izan ere, haizeak ipar-ekialdetik jo zuen hiru orduan, bidaia osoan zehar, eta egoera horretan animaliak ikustea "zaila" dela argitu zien Enrique Francok eguneko marinelei.

Gasa ustiatzeko Gaviota plataforma istriborrera uzten zuten bitartean, Francok Kantauriko itsas hondoaren ezaugarriak deskribatu zituen: kostatik oso hurbil ere sakontasun handia izan dezakeen itsasoa da. Haren hitzetan, ibilbideak zeharkatzen duen itsaso eremuan 500 eta 1000 metro arteko sakontasuna duen itsas kanoi bat dago; Capbretongo sakongunea, alegia. "Sakontasun horiek dituzten guneetan, hondoko elikagaia azaleratzen da, eta zetazeoak horren bila joaten dira".

Hurrena, ugaztunak non egon daitezkeen aditzera ematen duten bi "seinale" badaudela azaldu zuen: alde batetik, zetazeoez aprobetxatu ohi diren itsas hegaztien presentzia, eta, bestetik, baleek berauek arnastean jaurtitzen dituzten lurrun turrustak dira zantzuok. "Sei metro garai ere izan daitezke zurrustak", ohartarazi zuen Francok. Une horretan, katamarana Bermeotik hamabi itsas miliara zegoen. Zerua oskarbi egonda ere, lainoak kostaldeko erliebeak lausotzen zituen zerumugan. Izaro, Aketx, Gaztelugatxe edo Ogoñoko soslai ezagunak argi antzematea ez zen batere erraza.

Espezie ugari

Irteeren %85ean zetazeoak ikustea lortzen dute espedizioko kideek. Dena den, haizearen norabideak ez zuen itsasoko turisten alde jokatu, eta ez zuten ugaztunik gertutik ikustea lortu. Une batez, tripulazio guztia brankara hurreratu zen, Goenagak bi animalia bistaratzea lortu baitzuen. Moko baleak ziren, planetako ozeano gehienetan bizi arren nahiko ezezaguna den espezieko kideak. 1.300 metro baino gehiagoko sakontasuna duten uretan bizi direnez, gizakiek oso gutxitan lortu dute animalia horiek ikustea.

Francok adierazi zuenez, moko baleak odontozetoak dira, hortzak dituzten zetazeoak, alegia. "Emeek ez dute hortzik, baina arrek bi dituzte, eta, euren arteko borroken ondorioz, goputza markaz beterik izan ohi dute". Kanaria zein Hawai uharteak eta Kantauri itsasoa dira espezie horretako animaliak ikusteko lekurik aproposenak.

Haatik, Francok jakinarazi zuen moko baleak ez direla Kantauriko zetazeorik handienak, "balea urdinak egon badaudelako, batere ohikoak izan ez arren". Horien ostean, zere arruntak dira euskal kostaldean begiztatu daitezkeen erraldoirik nabarmenenak. "Antxoa ugaritu denetik gehiago agertzen dira", nabarmendu zuen Ambarreko kideak. Antza denez, zereak ez dira gizakiontzako preziatuak diren arrainak maite dituzten zetazeo bakarrak, uztaileko lehen astean orkak ikusi baitzituzten hegaluzeak ugaritzen diren eremuetan.

Denboraren poderioz, elkarteak egindako behaketa lanak fruituak eman ditu, eta, gaur egun, kideek zetazeoak bistaratzeko garairik onenak zeintzuk diren jakitea lortu dute. Izurde pilotuak, esaterako, apirilean biltzen dira kostatik gertu, erditzeko. Francoren hitzetan, 200 animaliko taldeak ikusi izan dira aurreko urteetan. Ostera, izurde arruntak neguan batzen dira Bizkaiko golkoan. "2.000 izurde ikustera heldu gara, baina ez da normala. Ohikoena 300 inguru egotea da".

Azalpenak azalpen, ez zuten baleengana hurbiltzerik lortu, baina, Francok esan zuenez, zenbait neurri hartu behar dira zetazeoak bistaratzea lortzen denean. Hasteko, itsasontziaren abiadura murriztu behar da, animaliak ez uxatzeko. Halaber, 60 metroko segurtasun tartea utzi behar da, eta isiltasuna gorde. Azkenik, ez da komeni animaliekin hogei minutu baino gehiago egotea, aztora ez daitezen.

Zetazeoen kokapen zehatza ezagutzeko, teknologia dute lagun Ambarreko kideek. Hala, hidrofono bat erabiltzen dute ugaztunek sortutako soinuak ordenagailuan biltzeko. Izan ere, giza entzumenarentzako antzemanezinak diren frekuentzietan ateratzen dituzte baleek hotsik gehienak, eta tresna horiek erabilita baino ezin dira interpretatu. Espezie berdineko aleak desberdintzeko, bizkar hegalari erreparatzen diote adituek: animalia bakoitzarenak forma berezia du, eta horrek zetazeoak identifikatzea errazten du. Gaur egun, zetazeoen argazkiez osatutako Europa mailako artxiboak eratzen ari dira, dokumentu grafikoen hartu-emanaren bitartez animalia liluragarri horien inguruko ezagutzan sakontzeko asmoz

Afektua eta zentzua

Ikusi baino ez dago zenbat gauza ikasten duen haur batek bere lehenengo urtean. Ata!, Ama! deitzen; alde batetik bestera joaten lau oinean, zirrindolaka edo oinez; helburu baten atzetik abiatzen atzamarraz ha! esanez; helburu horren peskizan norbaiti jausitako gaileta-apurra ikertzen, esploratzailerik onena lez; eskuaz pa botatzen eta agur-agur egiten; atsegin duena eskatzen garrasi eginez; ondoeza agertzen unean bertan bizia galtzera joango balitz lez…

Baina taupa-taupa fidagarri bat hurrean duenean adiskidetuko da haurra munduarekin. Kontuz baina sendo oratuz jaten ematen dionaren ahotsari eta usainari erreparatu ahala joango da osatzen gustuko gauzen karpeta imajinarioa ere; berdin dio janak zer elikatuko duen, urdaila, arima, bihotza, garuna edo denetik apur bat. Digestio-orean samurturiko oroitzapen eta ametsen arabera mugituko da jolastera edo eskatzera, hizkuntzaren hazitokia harreman-joko bat belako, egunekoaz iragana josi eta etorkizuna eratzeko sare bat.

Eta azken egunotako datuek hala ziurtatu dute: euskararen hazitokia murriztuz doa haurrak koskortu ahala eta ondoko hizkuntzen joko-sareekin alderatuta.

Ez naiz soziologoa, ez aztia, ez karta-botatzailea ere. Beraz, ez dakit zer egin behar beharko litzatekeen jendeak euskara gehiago erabil dezan. Baina susmoa daukat bi motorrek mugiarazten gaituztela gauzak ikastera, eta baita erabiltzera ere, hizkuntza bat erabiltzea ikasten jarraitzea delako neurri batean. Nahiak eta beharrak lirateke bi motor horiek, nahiz eta nik nahiago dudan beste modu batera izendatu: afektua eta zentzua.

Gauza asko sortu dugu azken berrogei urteotan euskararen baratzean; corpus sendo eta zabal bat, non haziak erein, landatu, jorratu, txertatu... Esango nuke, zentzua gidari hartuta ibili garela lanean (guztiaren beharrean geundelako), baina afektua atzean utzi gabe (etxeko hizkuntzan hazten ere jarraitu nahi genuelako, zer esanik ez).

Jakin berri dugunez, euskararen baratze zabal horretan erabilpenak kieto jarraitu arren, dakitenen kopuruak gorantz egin omen du, beraz, ez gara ibili hain txarto ere.

Dena den, dagoenari abonua bota guran, agian afektuen hazitokiei begiratu behar genieke orain; beti ere zentzua gertu dugula, jakina.

Ni neu gustuko gauzen irudimenezko karpeta partikularrera itzuli naiz berriro, kontrasteen jokoan murgildu ahala gauza ezatseginen izaera iraultzeko-edo; eta ohartu naiz bene-benetako afektuen hazitegiek hiruzpalau ezaugarri baino ez dituztela behar: berotasun hurbila, murmurio sotila eta esploratzeko gune iraunkor bat.

Sinplea dirudien arren, oinarrietara bueltatzeko sasoia dela otu zait.