Afektua eta zentzua

Ikusi baino ez dago zenbat gauza ikasten duen haur batek bere lehenengo urtean. Ata!, Ama! deitzen; alde batetik bestera joaten lau oinean, zirrindolaka edo oinez; helburu baten atzetik abiatzen atzamarraz ha! esanez; helburu horren peskizan norbaiti jausitako gaileta-apurra ikertzen, esploratzailerik onena lez; eskuaz pa botatzen eta agur-agur egiten; atsegin duena eskatzen garrasi eginez; ondoeza agertzen unean bertan bizia galtzera joango balitz lez…

Baina taupa-taupa fidagarri bat hurrean duenean adiskidetuko da haurra munduarekin. Kontuz baina sendo oratuz jaten ematen dionaren ahotsari eta usainari erreparatu ahala joango da osatzen gustuko gauzen karpeta imajinarioa ere; berdin dio janak zer elikatuko duen, urdaila, arima, bihotza, garuna edo denetik apur bat. Digestio-orean samurturiko oroitzapen eta ametsen arabera mugituko da jolastera edo eskatzera, hizkuntzaren hazitokia harreman-joko bat belako, egunekoaz iragana josi eta etorkizuna eratzeko sare bat.

Eta azken egunotako datuek hala ziurtatu dute: euskararen hazitokia murriztuz doa haurrak koskortu ahala eta ondoko hizkuntzen joko-sareekin alderatuta.

Ez naiz soziologoa, ez aztia, ez karta-botatzailea ere. Beraz, ez dakit zer egin behar beharko litzatekeen jendeak euskara gehiago erabil dezan. Baina susmoa daukat bi motorrek mugiarazten gaituztela gauzak ikastera, eta baita erabiltzera ere, hizkuntza bat erabiltzea ikasten jarraitzea delako neurri batean. Nahiak eta beharrak lirateke bi motor horiek, nahiz eta nik nahiago dudan beste modu batera izendatu: afektua eta zentzua.

Gauza asko sortu dugu azken berrogei urteotan euskararen baratzean; corpus sendo eta zabal bat, non haziak erein, landatu, jorratu, txertatu… Esango nuke, zentzua gidari hartuta ibili garela lanean (guztiaren beharrean geundelako), baina afektua atzean utzi gabe (etxeko hizkuntzan hazten ere jarraitu nahi genuelako, zer esanik ez).

Jakin berri dugunez, euskararen baratze zabal horretan erabilpenak kieto jarraitu arren, dakitenen kopuruak gorantz egin omen du, beraz, ez gara ibili hain txarto ere.

Dena den, dagoenari abonua bota guran, agian afektuen hazitokiei begiratu behar genieke orain; beti ere zentzua gertu dugula, jakina.

Ni neu gustuko gauzen irudimenezko karpeta partikularrera itzuli naiz berriro, kontrasteen jokoan murgildu ahala gauza ezatseginen izaera iraultzeko-edo; eta ohartu naiz bene-benetako afektuen hazitegiek hiruzpalau ezaugarri baino ez dituztela behar: berotasun hurbila, murmurio sotila eta esploratzeko gune iraunkor bat.

Sinplea dirudien arren, oinarrietara bueltatzeko sasoia dela otu zait.