Birziklatzeko azoka

Trukerako merkatuaSopuertaProduktuak erosteko orduan berrerabiltzearen edo birziklatzearen aldeko apustua egin gura duten kontsumitzaileek aukera ezin hobea izango dute bihar, Sopuertan. Erosi, trukatu edo opari jasotzeko aukera izango dute, hain zuze...

%22,24

Ibilgailuen salmentak izandako igoera. Joan den abuztuan, iazko hilabete berarekin alderatuta, %22,24 egin zuten gora automobil eta lur orotako ibilgailuen salmentek, Faconauto elkartearen arabera.

Unamuno haurtzarotik ezagutuz

Miguel Unamunok bere bizitza osoan haurtzaroarekiko interes nabarmena erakutsi zuen. Harentzat, "arimaren erabateko hondatzea eragozten duen ukendua" zen haurtzaroaren oroitzapena. Argi zeukan bere arimaren geruza sakonenak Bilboko Zazpikaleetan izandako lehendabiziko esperientziekin sortuta zeudela. Horregatik, bere hondo erromantiko eta malenkoniatsuenetan urte haiekiko nostalgia agertu zuen behin eta berriro. Goiz agertu zuen gomuta multzo hori uneoro gogoratzeko asmoa, bere ariman eta bere irakurleenean eror zedin, eta testigantza horiek aurki daitezke berak idatzitako liburuetan —Recuerdos de niñez y mocedad eta Paz en la guerra, besteak beste—, hainbat artikulutan eta gutunetan.

Bilbao izan programaren bidez eta Miguel Unamunoren heriotzaren 75. urteurrena omentzeko asmoz, bertako idazle eta filosofo ospetsuaren bizitzan eta pentsatzeko moduan eragina izan zuten hainbat toki ezagutzeko ibilbideak antolatu ditu Bilboko Udalak. Horretarako, hiru bisita gidatu antolatu dituzte, maiatzean, ekainean eta irailean. Hilonetan egingo direnetan, bada, Unamunoren haurtzaroan eta gaztetasunean oinarritu dira, Jose Antonio Ereño Altuna Deustuko Unibertsitateko Historia doktorearen laguntzarekin. Parte hartu nahi izanez gero, 94-401 00 10 telefono zenbakian eman behar da izena, aurrez. Euskaraz ostiraletan 18:00etan baino ezin daiteke egin.

Ibilbidea Zazpikaleetatik

Bisitak Arriaga antzokiaren aurreko plazan hasten dira, Unamunorentzat bere Bilbo (Zazpikaleak) eta Abando banatzen zituen tartean. Idazlearentzat Bilbo Zazpikaleek baino ez zuten osatzen, eta 1870eko hamarkadan hiriak Abandoko Elizatea udalerriko zabalgune gisa anexionatu zuenean, garatu berri zen auzo hori beste mundutzat hartu zuen Unamunok. Zubiak bi ideia horiek banatzen zituen; alde batetik, mundu karlista, eta bestetik, liberala. Izan ere, garai horretan, Bizkaia osoa karlista zen, Abando barne; baina Bilboko Zazpikaleak liberalen aldeko gunea ziren.

Bisitaldiaren bigarren geltokia Zazpikaleetako Erronda kalea da, Unamuno jaio zen etxearen parean. Bertan udalak jarritako plaka bat ikus daiteke, idazlearen jaiotze datarekin. Jose Antonio Ereño historialariaren esanetan, "plakan idatzitakoa Unamunori gustatuko litzaiokeen moduan adierazita dago: 29 de setiembre de 1864, p hizkia sobera ikusten zuelako hitz horretan".

Unamunorentzat toki hori Bilboko tokirik goibelena zen, kaleetara ia argi izpirik ailegatzen ez zelako. Hala ere, bere oroitzapenetan mantentzen zuen gunea izan zen, handik gertu dauden Begoñara igotzeko Mallonako eskailerekin batera. Eskailera horiek "heriotzaren bide" gisa oroitzen zituen. Izan ere, aita Felix hil zenean, lurperatu zuten hilerrira ailegatzeko horiek igo zituen, ama Salomerekin.

Ibilbidearen hurrengo geldialdia Joan Santuen eliza da. Unamunok ez zion bere bizitzan erreferentzia handirik egin eraikin horri, baina, bertan bataiatu zuten, eta ondoan dagoen Gurutze kalera bizitzera joan zen, haurra zela. Bizileku berri horretan, bizipen ugari izan zituen, eta hala adierazi zuen idatzi askotan. Izan ere, eraikin horretako behealdean, aitonak gozotegi bat zuen, eta hirugarren karlistaldiaren garaiko bonbardaketetan, bertako sotoan babesten zen. Goiko solairuan, berriz, margolari bat ezagutu zuen, eta, horregatik, margotzeko zaletasuna hartu zuen.

Jarraian, Posta kalean zegoen Iginio eta Sandalio irakasleen eskolan egiten dute geldialdia, Unamunoren ikasle garaiko uneak gogoratzeko. Irakasleak oso gogoan izan zituen, bertan bizitako abenturekin batera. Adibide moduan, Ereñok azaldutakoaren arabera, Unamunok idazkietan haurtzaroko hitzak erabiltzen zituen sarri, hala nola mokordo, memelo eta txotxolo.

Bisitak Santiago katedrala, egungo Unamuno plaza eta Plaza Barrian egiten ditu geltokiak, fede krisiak, institutuko garaiak eta amodio kontuak gogorarazteko, hurrenez hurren.

BISITA GIDATUAK

Noiz. Irailaren 29a bitarte.

Astelehen eta astearteetan. 17:00etan eta 19:00etan.

Ostegun eta ostiraletan. 10:00etan eta 18:00etan.

Larunbatetan. 10:00etan eta 11:45ean.

Ermitak ezagutzea, mendian ibiltzeko aitzakia

Bihar, urtero legez, Zeanuriko (Bizkaia) Ermiten Mendi Martxa egingo dute. Aurten, hogeita bosgarren aldia izango da, eta dagoeneko ohitura bilakatu da inguru horretan. 1988an antolatu zuen lehenengo aldiz Joko Alai Elkarteko mendi sailak

Sortzean zituen helburu berberei eusten die martxak: goiza naturarekin harremanetan eta kirola eginez igarotzea, eta herritarrei zein kanpotarrei Zeanuriko inguru zabalak eta ondare kulturala ezagutaraztea. Izan ere, ez dira gutxi inguru horretan sakabanaturik dauden ermita eta elizak: hogei, hain zuzen.

Ibilaldia herriko frontoitik hasiko dute, 07:30ean, eta ibilbide osoa egiten dutenek, 35 bat kilometrotan, hemeretzi ermita eta eliza bisitatuko dituzte, aurten ere Egiriñako (Gorbeia) Edurretako Amarena kanpo utzi dutelako.

Mendian ibiltzeko ohitura gutxiago dutenentzat, berriz, 15 kilometroko eta 27 kilometroko ibilbideak prestatu dituzte: San Joanetik eta San Migeletik helmugara joatekoak, hurrenez hurren. Parte hartzeko 10 euro ordaindu beharko dira egunean bertan.

MENDI MARTXA

Noiz. Bihar, 07:30ean.

Iparralderantz, Kantauriko erraldoien bila

Garaiko kronikek eta argazkiek diotenez, Bizkaiko golkoko azken euskal balea 1901eko maiatzaren 14an arrantzatu zuten Orion (Gipuzkoa). Iturri historiko horiek baino gehiago, baina, Benito Lertxundiren abestiak egin du ezagun arrantzale oriotarrek egun horretan egindakoa. Harrez geroztik, ez da Eubalaena glacialis espezieko balearik bizi gure itsasoetan, baina oraindik ere beste zetazeo mota asko ikus daiteke euskal kostaldean.

Egun, Urdaibai Biosfera erreserbaren bihotzean, Busturian, kokatzen den Euskadiko Biodibertsitatearen Zentroak zetazeoak begiztatzeko aukera eskaintzen die bisitariei, urrira bitarte martxan egongo den Zetazeoak 10etan programaren bitartez. Ambar Itsas Faunaren Kontserbaziorako eta Ikerketarako Elkarteak eta Hegaluze enpresak Biodibertsitate Zentroarekin egindako elkarlanari esker abiarazitako proiektuak, Bizkaiko kostaldean bizi den itsas fauna bere habitat naturalean ikustaraztea du xede.

Bermeon bertan eraikitako Hegaluze barria katamaranera igo, eta irteera gidatu interesgarri horren bitartez itsas ugaztunak bertatik bertara ezagutzeko grina dutenek aldez aurretik eman behar dute izena. Txangoen inguruko informazio zehatza eta zabala www.torremadariaga.net eta www.hegaluze.com webguneetan aurkitu daiteke.

Haizea arerio

Euskadiko Biodibertsitate Zentroa Ihobek kudeatzen du, ingurumen eta iraunkortasun politiken arloan lan egiten duen eta Eusko Jaurlaritzaren mende dagoen sozietate publikoak, alegia. Joan den astean, zentroak 2008tik lortutako emaitzen balorazioa egin zuen Ihobek, eta, aukera baliatuta, zetazeoak begiztatzeko irteera gidatuetan parte hartzeko aukera eman zion hainbat kazetariri.

Hala, Bermeoko portuan ontziratu eta, kaiaren babesa atzean utzi bezain pronto, iparraldeko norabidea hartu zuten eskifaikideek. Itsaso biziak itsasontzia alde batera eta bestera kulunkatatzen zuen bitartean, Ambarreko partaideek itsas ugaztunen inguruko azalpenak emateari ekin zioten. Ilazki Goenaga biologoak jakinarazi zuenez, txangoaren aurreko egunetan izurdeak eta zere txikiak (Balaenoptera acutorostrata) ikusi zituzten Bermeotik itsas milia gutxira. Horrez gain, zetazeoak ikusteko baldintza meteorologiko egokiak zeintzuk diren ere azaldu zuten Ambarreko kideek. Izan ere, haizeak ipar-ekialdetik jo zuen hiru orduan, bidaia osoan zehar, eta egoera horretan animaliak ikustea "zaila" dela argitu zien Enrique Francok eguneko marinelei.

Gasa ustiatzeko Gaviota plataforma istriborrera uzten zuten bitartean, Francok Kantauriko itsas hondoaren ezaugarriak deskribatu zituen: kostatik oso hurbil ere sakontasun handia izan dezakeen itsasoa da. Haren hitzetan, ibilbideak zeharkatzen duen itsaso eremuan 500 eta 1000 metro arteko sakontasuna duen itsas kanoi bat dago; Capbretongo sakongunea, alegia. "Sakontasun horiek dituzten guneetan, hondoko elikagaia azaleratzen da, eta zetazeoak horren bila joaten dira".

Hurrena, ugaztunak non egon daitezkeen aditzera ematen duten bi "seinale" badaudela azaldu zuen: alde batetik, zetazeoez aprobetxatu ohi diren itsas hegaztien presentzia, eta, bestetik, baleek berauek arnastean jaurtitzen dituzten lurrun turrustak dira zantzuok. "Sei metro garai ere izan daitezke zurrustak", ohartarazi zuen Francok. Une horretan, katamarana Bermeotik hamabi itsas miliara zegoen. Zerua oskarbi egonda ere, lainoak kostaldeko erliebeak lausotzen zituen zerumugan. Izaro, Aketx, Gaztelugatxe edo Ogoñoko soslai ezagunak argi antzematea ez zen batere erraza.

Espezie ugari

Irteeren %85ean zetazeoak ikustea lortzen dute espedizioko kideek. Dena den, haizearen norabideak ez zuen itsasoko turisten alde jokatu, eta ez zuten ugaztunik gertutik ikustea lortu. Une batez, tripulazio guztia brankara hurreratu zen, Goenagak bi animalia bistaratzea lortu baitzuen. Moko baleak ziren, planetako ozeano gehienetan bizi arren nahiko ezezaguna den espezieko kideak. 1.300 metro baino gehiagoko sakontasuna duten uretan bizi direnez, gizakiek oso gutxitan lortu dute animalia horiek ikustea.

Francok adierazi zuenez, moko baleak odontozetoak dira, hortzak dituzten zetazeoak, alegia. "Emeek ez dute hortzik, baina arrek bi dituzte, eta, euren arteko borroken ondorioz, goputza markaz beterik izan ohi dute". Kanaria zein Hawai uharteak eta Kantauri itsasoa dira espezie horretako animaliak ikusteko lekurik aproposenak.

Haatik, Francok jakinarazi zuen moko baleak ez direla Kantauriko zetazeorik handienak, "balea urdinak egon badaudelako, batere ohikoak izan ez arren". Horien ostean, zere arruntak dira euskal kostaldean begiztatu daitezkeen erraldoirik nabarmenenak. "Antxoa ugaritu denetik gehiago agertzen dira", nabarmendu zuen Ambarreko kideak. Antza denez, zereak ez dira gizakiontzako preziatuak diren arrainak maite dituzten zetazeo bakarrak, uztaileko lehen astean orkak ikusi baitzituzten hegaluzeak ugaritzen diren eremuetan.

Denboraren poderioz, elkarteak egindako behaketa lanak fruituak eman ditu, eta, gaur egun, kideek zetazeoak bistaratzeko garairik onenak zeintzuk diren jakitea lortu dute. Izurde pilotuak, esaterako, apirilean biltzen dira kostatik gertu, erditzeko. Francoren hitzetan, 200 animaliko taldeak ikusi izan dira aurreko urteetan. Ostera, izurde arruntak neguan batzen dira Bizkaiko golkoan. "2.000 izurde ikustera heldu gara, baina ez da normala. Ohikoena 300 inguru egotea da".

Azalpenak azalpen, ez zuten baleengana hurbiltzerik lortu, baina, Francok esan zuenez, zenbait neurri hartu behar dira zetazeoak bistaratzea lortzen denean. Hasteko, itsasontziaren abiadura murriztu behar da, animaliak ez uxatzeko. Halaber, 60 metroko segurtasun tartea utzi behar da, eta isiltasuna gorde. Azkenik, ez da komeni animaliekin hogei minutu baino gehiago egotea, aztora ez daitezen.

Zetazeoen kokapen zehatza ezagutzeko, teknologia dute lagun Ambarreko kideek. Hala, hidrofono bat erabiltzen dute ugaztunek sortutako soinuak ordenagailuan biltzeko. Izan ere, giza entzumenarentzako antzemanezinak diren frekuentzietan ateratzen dituzte baleek hotsik gehienak, eta tresna horiek erabilita baino ezin dira interpretatu. Espezie berdineko aleak desberdintzeko, bizkar hegalari erreparatzen diote adituek: animalia bakoitzarenak forma berezia du, eta horrek zetazeoak identifikatzea errazten du. Gaur egun, zetazeoen argazkiez osatutako Europa mailako artxiboak eratzen ari dira, dokumentu grafikoen hartu-emanaren bitartez animalia liluragarri horien inguruko ezagutzan sakontzeko asmoz