Zaborrari xarma atereaz

Birziklatze tailerrak

Santurtzi

Denak omen dauka bere xarma. Eta zergatik ez? Zaborra ere ez da gutxiago izango. Sormena da, besteak beste, birziklatzeak duen garrantziaren kontzientziarekin batera, zaborrari duen xarma berezi hori ateratzen lagunduko duena biharko Santurtzin antolatu dituzten jardueretan. Zamalab edo zaramaren laborategia bihurtuko da bihar, egun osoan, Gernika plaza.

Santurtziko Udalak Zaramari ideia ekoizpenen etxearen laguntzarekin antolatu duen Zamalab egitasmoa, hain zuzen, egunerokoan “baztertutako elementuak sormenaren bidez berrerabiltzeko jarduera ludiko bat da”. Zamalabek, antolatzaileen esanetan, “berrerabilpen sortzailearen munduko praktikak garatu eta erakutsi nahi ditu. Aldi berean, egungo gizartearen iraunkortasunaren garrantzian sakondu nahi du. Horretarako, truke gune bat, tailerrak, musika eta birziklatzearen eta berrerabilpenaren gaineko iritziak gurutzatzeko leku bat proposatzen ditu”.

Egun osorako, hainbat jarduera prestatu dituzte; guztiak, doan. Goizean, ehuna birziklatzeko lantegia eta osagarriak sortzeko tailerra egingo dituzte. Eguerdian, janari hondakinekin egindako pintxoak dastatzeko aukera izango dute Gernika plaza ingurura joaten direnek. Arratsaldean, berriz, beste hiru lantegi egingo dituzte. Bata, zabor informatikoak berrerabiltzen irakastekoa da; bigarrena, tresna elektroakustikoak sortzekoa; eta, hirugarrena, sormen lantegia izango da. Azkena, berriz, Basurinstorming deritzon tailerra izango da.

Egun osoan , gainera, 11:00etatik 19:00etara, hain justu, beste jarduera batzuk ere izango dira: kode irekiko musika trukea, sarean dauden truke egitasmoak eta truke azoka. Zerbait trukatu nahi duenak, lekua hartu behar du 685-29 75 02 zenbakira deituta edo dirurikgabe@gmail.com helbidera idatzita.

EGITARAUA

11:00-14:00. Ehunak birziklatzeko tailerra eta osagarriak sortzeko lantegia.

14:30-15:30. Janari hondakinekin egindako pintxoen dastatzea.

16:00-19:00. Zabor informatikoak berrerabiltzeko lantegia, tresna elektroakustikoak sortzeko lantegia, sormen tailerra eta Basurinstorming lantegia.

11:00-19:00. Kode irekiko musika trukea, sarean dauden truke egitasmoak eta truke azoka.