Metal-rock-punk jaialdia

KontzertuakDerioMetal, rock eta punk doinuak gustuko dituztenek aukera ona dute bihar Derioko frontoian. Hain zuzen, CemenDerioRock (CDR) antolatu du herriko Santzoka elkarteak.Bosgarren aldiz antolatzen duten jaialdiaren barruan hainbat talde igoko d...

Gabonetako pariak

Din-dan-don, din-dan-don! Eguberri on eta Zorion! Ziutateko karrikak, gauez ere, argitsuak dira asteotan. Bilboko Kale Nagusian, gaueko zortzietan, dena da kolore, irri, gaztaina usain eta melodia. Gabon kantak entzuten dira El Corte Inglés, Zara, Sphera eta Pull & Bear-eko enbaxadetako erakusleihoetatik. Baina doinurik ederrena Banco Santander-en sukurtsaletik dator. Emakume ahots gozo batek ingelesez, gazteleraz, italieraz eta euskaraz epeltzen dizkigu barneak, sentimendurik onena tonalitate desberdinetan gure baitan piztuz: love, maitasuna, amorea.

Baina ahotsa ez da Santanderrek jarria. Immigrante baten ahots gozoa da. Eztia. Bere azal-hezurrak hotzak ikaratuta dituela, geure barneak epeltzen saiatzen da banku horrek bere egin duen Moyua plazako izkinetako batetik. Bere aurretik pasatzen gara denak, ordutegi malguagoa duten enbaxadek kobratu diguten zorion fashionable-a poltsetan daramagula, pozarren. Eta hurbil dagoen nerabe batek barre egin du gure atzerritarrak bere euskara ederrean (ba al da euskara ez-ederrik?) Hator, hator abesten hasi denean. "¡Y en euskera también, tú!", konpartitu du gogoeta neskalagunarekin gure gazteak. Bitartean, etorkinaren gabon kantak jarraitzen digu gaua geuretzen. Geuretzen, bai, Zarak Merry christmas-ak opa dizkigulako.

Hau guztia lagun bat itxaroten nengoela ikusi nuen. Eta izugarria iruditzen zait irudia. Miguel Brievaren ilustrazio bat ematen du: dena da gehiegikeria kapitalista, eta barre egiten dugu pertsonaien bizitza neurribakoekin. Baina barrea, lagun batek esan zidan legetxe, eztarrian trabatzen zaigu, geure inkontzientea konturatzen denean txotxongilo horiek geu garela. Brievaren binetak ispiluak dira.

Egunotako erosketak mustur aurretik ibiltzen dizkiegu geure txiroei, geure bankuen itzalpe hotzetan kantatzen diguten horiei. Gabonetako opariak eta Gabonetako pariak. Errebaletan immigranteak daude izkinetan; erdigunean bankuak eta multinazionalak. Denek gura dute ahalik eta gehien kontrolpean izan, baina batzuk ematen dute eta besteak kendu. Batzuk geurera hurbiltzen saiatzen dira eta besteak gu beraienera erakartzen. Baina zein zaigu arrotzagoa? Zeini egiten diogu jaramon eta zeini ez ikusiarena?

Bi euro bota dizkiot saskira geure abeslariari. "Grasias", eta lanean jarraitu du. Ez! Eskerrak zuri, joder! Eta abesten diguzun amore horretatik pixkatxo bat zeuretzat ere gera dadila. Ez eman amore.