“Euskal kostaldea marka turistiko garrantzitsua da”

Aurtengo azaroaren 20an hamar urte beteko ditu Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak. Urteurrena ospatzeko hainbat ekintza prestatu dituzte, eta, horrez gain, astearteetan museoa doan bisitatzeko aukera egongo da urte osoan. “Izan ere, bisitariekin ospatu gura dugu museoaren hamargarren urteurrena”, zehaztu du Jon Ruigomez zuzendariak (Bilbo, 1973). Gainera, Museoaren Lagunentzat eskaintza bereziak egongo direla iragarri du.

Modu horretan, Ruigomezek dioenez, inguruko jendearen arreta erakarri nahi dute, eta “lotura emozionalak” bilatu. “Beste hiri batzuetara joaten garenean normala da museoetara joatea, baina bertoko museoetara hurbiltzea ez da horren arrunta”. Halaber, azken hamar urteetan babesa eman dieten guztiei “omenalditxo” bat egiteko asmoa dutela ere adierazi du Ruigomezek.

51.000 bisitari inguru pasatu ziren iaz Bilboko Itsas Museotik, eta pozik daudela dio. “2012ko balantzea positiboa da; gauza asko egin ditugu. Gero eta sendoagoak dira gure sustraiak; Bizkaiko kultur arloan ezarritako sustraiak gero eta sendoagoak dira, eta poliki-poliki museoaren zutabeak indartzen doaz”, esan du.

Bisitarien erdiak euskal herritarrak direla dio museoko zuzendariak. Kanpotik datozenen artean, Madrildik eta Kataluniatik bisitari asko etortzen dela azaldu du, baita Frantzia, Ingalaterra eta Europako iparraldeko herrialdeetatik ere.

Gainera, bisitarien artean asko dira eskoletatik doazenak. Urtean 10.000 bat neska-mutil inguruk parte hartzen dute Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak eskaintzen duen hezkuntza programan.

Horrez gain, Gabonetako eta Aste Santuko oporraldietan ikastarotxoak antolatzen dituzte. Gabonetako oporraldi honetan ehun ume inguru egon direla dio Ruigomezek. Gymkhana Pirata ere badago. Museoan barrena dauden sei pirata gunek osatzen dute, eta 5-10 urte bitarteko umeentzat da. Zuzendariak dioenez, txikienei bisita “erakargarriagoa” egiteko ipini dute. “Haurrentzako antolatzen ditugun ekimenetan hezkuntza eta jolasa uztartzen ditugu”, azaldu du.

Haurren zein helduen gozagarri dira, halaber, museoaren aurrealdean dauden itsasontziak. Euskalduna ontziolan egindako dikeak dira. Kanpoko aldea bera museoaren parte bat dela azaltzen diete bisitariei. “Nik beti esaten dut kanpoaldea dela museoaren lehenengo atala”. 20.000 metroan hainbat itsasontzi eta hiru garabi daude, horien artean, ezagunena Karola garabia. Era berean, bertan daude Auntz eta Portu itsasontziak, garai bateko jardunaren testigu. Portu 1902. urtean eraiki zuten, eta Euskalduna ontziolan egindako lehenengoa dela azaldu du museoko zuzendariak. Bestalde, besteak beste, Mercedes Herbehereetako belaontzia barrutik ikus liteke euro baten truke.

Museoan sorturiko uzta

Erakusketa iraunkorrean, ostera, Bilboko itsasadarraren morfologia, merkataritza portua zein merkataritza bideak eta aurreko bi mendeetako ontzigintza bertatik bertara ezagutzeko aukera dago. Erakusketa ibiltarian, halaber, Titanic-en inguruan dagoen erakusketa urtarrilaren 13a arte egongo da, eta Bilbotik Donostiako Aquariumera eramango dute. “Harro gaude guk ekoiztutako erakusketa bat beste erakunde kultural batera doalako”, zehaztu du zuzendariak.

Museoan egindako beste erakusketa bat da Mende bat surfean izenekoa. Hasierako asmoa urtarrilera arte egotea zen arren, izan duen harrera ona ikusita gutxienez apirilera arte mantentzea erabaki dutela dio.

Bestalde, Esther Pizarro madrildarrak sorturiko Argizko larruazala eskulturak ere bertan jarraituko du. 2010ean, Shanghaiko Erakusketa Unibertsalean (Txina) 1.250.000 lagunek baino gehiagok ikusi zuten 12,9 metroko luzera eta 7,5 metroko zabalera duen “maketa erraldoia”.

Etorriko diren erakusketak

Baina ez dira horiek aurten ikusgai izango diren erakusketa bakarrak. Otsailetik aurrera, esaterako, Itsasturiak erakusketa egongo da, Ipar Euskal Herritik ekarria. “Beste askotan, hemen egondako erakusketak hara eraman izan dituzte; oraingoan, alderantziz izango da”.

Era berean, Bilboko itsasadarraren inguruko erakusketa ere zabalduko dute: “Bertoko bederatzi margolarirekin elkarlanean prestatuko dugu”.

Izan ere, beraien jardunean elkarlana oinarri dutela nabarmendu du Ruigomezek, beste museo zein kultur erakundeekin batera proiektuak gauzatzeak duen garrantzia azpimarratuz. Horren adibide da iaz sortu zuten Euskal Kostaldeko Museoen Sarea. 2012an hainbat egitasmo burutu zituzten, eta aurten iaz hasitako bidea sendotzeko asmoa dute. Ruigomezen berbetan, “elementu osagarriak” dira euskal kostaldea eta kultur turismoa. “Euskal kostaldea marka turistiko garrantzitsua da”, zehaztu du. Hori sinetsita, ilusioz eta gogotsu ekin diote urte berriari.