Dirua bitartekari bihur dadin

Diruak historikoki izan duen bitartekari funtzioa berreskuratu dezan eta helburu izateari utz diezaion proiektu berri bat martxan jartzeko lanetan ari da Desazkundea kolektiboa Bilbon. Bilbodiru izeneko txartelak aterako dituzte: euro baten truke, bilbodiru bat eskuratu ahalko dute egitasmoan parte hartzen dutenek. Txartel horrekin, betiere egitasmoan parte hartzen duten merkatarien artean erosketak egiteko aukera izango dute. Nazioartean badira era horretako beste proiektu batzuk, eta Bilbokoa Euskal Herriko bigarrena izango da. Jadanik, Ipar Euskal Herrian badago antzeko egitasmo bat. Aurreproiektu bat eginda dago, baina herritarren ekarpenak jaso nahi ditu kolektiboak. Horretarako, lehenengo batzarra egin zuten joan den astean.

Eguenean egin zuten deialdi bat. “Jarrera nahiko ona izan zen, positiboa”, azaldu du Pello Lopez de Muniain Desazkunde kolektiboko eta Bilbodiru egitasmoko kideak: “Gauza berri bat da, eta oso pozik atera ginen batzarretik”. Dena den, jakin badakite oraindik lan asko dutela aurretik. “Espero dugu hilabete hau bukatu orduko merkatariekin hitz egitea eta egitasmo honen berri zabaltzea, kontuan hartuta, gainera, proiektu hau guztion artean osatu nahi dugula”, esan du. Ezagutzen dituzten merkatariekin harremanetan ari dira, baina, “harreman informal horiez aparte, batzar batera” deitu nahi dute.

Duela urtebete eta erdi hasi zen Desazkundea kolektiboa proiektu hori garatzen. “2011ko irailean hasi ginen tokiko txanponen gaia aztertzen. Hainbat lekutara jo genuen, tokiko diruaren hainbat eredu aztertzera. Gure helburua beti izan da hemen, Bilbotik hasita, tokiko diru bat jartzea”, azaldu du Lopez de Muniainek. “Azterketa hori eginda, gure eredu propioa sortu genuen, handik eta hemendik hainbat gauza hartuta. Eta merkatariei, mugimendu sozialei, jendeari, orokorrean, azaltzen ari gatzaizkio hori guztia gure aurreproiektuarekin batera”.

Helburu jakinak ditu proiektuak: “Bertoko ekonomia sustatzea eta ekonomia errealari bultzada bat ematea”, esan du. “Dirua komertzioa besterik ez da; hau da, akordio bat truke bat gauzatzeko. Historian, ordea, lehen, diru tradizionala bitartekari zen, eta orain, helburu bihurtu da. Gure helburuetako bat da horri buelta eman eta dirua bitartekari izatera buelta dadila”.

Aberastasuna, “kateatuta”

Bilbodiruaren bitartez proposatzen duten prozesua erraz ulertzekoa da: euro bat balio bera izango duen txartel batekin trukatzen da. Oraingoz, Bilbodiru izena eman diote. Txartel hori bilbodirua onartzen duten merkatarien sarean soilik erabil daiteke. “Horrekin lortzen duguna zera da: lehen, euro batek adierazten zuen aberastasun hori inguru mugatu batean soilik erabili ahal izatea. Hau da, tokiko eremuan geratuko da aberastasuna, eta ezin daiteke hortik atera. Aberastasuna kateatuta geratuko da, eta ezin du finantza merkatuetara alde egin”.

Txartel horiek, gainera, denborarekin, duten balioa galdu egiten dute, baldin eta eskuz aldatzen ez badira. Hain zuzen, “bilbodirua bizpahiru hilabetean ez bada zirkulazioan jartzen, txartel horren jabeak isun bat ordaindu beharko du: txartelaren balioaren %2, hain justu”. Lopez de Muniainek azaldu duenez, “helburua diruaren mugimendua sustatzea delako, betiere, eremu lokalean”. Beraz, ez dauka zentzurik dirua pilatzeak; zirkulazioan jarri behar da. “Bide horretatik, diruak bitartekari gisa funtzionatzea lortzen dugu, helburu gisa funtzionatu ordez”.

Desazkundeko kideak gogora ekarri duenez, “gaur egun diruaren %90 finantza merkatuetan dago”. Tokiko ekonomia hori bultzatuta, bestalde, “diru horrek ezingo du ekonomia lokaletik atera; beraz, finantza merkatuetan ere ezin izango da zabaldu. Horrek esan nahi du finantza merkatuei ez diegula diru gehiago emango”.

Helburu solidarioak

Etorkizunera begira, gainera, helburu solidarioak ere badauzka egitasmoak. Alemaniako Bavaria estatuan, esaterako, Chiemgauer izeneko moneta darabilen bilbodiruaren antzeko esperientzia bat jarri zuten martxan duela hamar-hamabost urte. “Chiemgauer batek euro batek baino sei aldiz azkarrago zirkulatzen du han, betiere, tokiko komunitatean. Hau da, euro batek baino sei aldiz aberastasun handiagoa sortzen du. Helburua da guk ere antzeko zerbait sortzea hemen”.

Bavariako estatuko eremu horretan kudeatzen duten “diru poltsa oso handia” dela gogorarazi du. Azaldu du Chiemgauer txartelen truke hartzen dituzten euroekin, besteak beste, bertako enpresei mailegu txikiak ematen dizkietela.

Horregatik, iragarri dute bilbodirua eskuratzeko jasotzen duten euro bakoitza kontu korronte batean sartzeko asmoa dutela. Banketxeren batekin harremanetan ari direla azaldu du, eta gaineratu du, proiektuak indarra hartzen baldin badu, biltzen duten dirua “proiektu erreal, ekologiko eta sozialak sustatzeko” erabiltzeko helburua dutela.

Horretarako, baina, proiektua ondo badoa, urteak beharko dituzte. Izan ere, euroak bilbodiruarekin trukatzen dituztenek eskubidea daukate berriz ere sartutako euro haiek berreskuratzeko. “Oraingoz, beraz, kontu korronte bat besterik ez dugu izango, eta bertan dirua sartu eta atera ahalko da”.

Bilbodiru ekarpenak jasotzeko zain dagoen proiektu bat da. Oraingoz, diseinatu gabe daude txartelak eurak ere. Faltsutzeak saihesteko zein neurri hartu beharko lituzketen ere aztertzen ari dira, gainera. Inprimategiekin harremanetan daude, zer eta nola egin daitekeen ebazteko, baina ez dute ezer zehaztu oraindik.