Ogia, oinarrizko plazera

Gabonetako AzokaGaldamesOgia jaki gozoen artean gozoen gisa duen jende asko da. Eta Galdamesen mendeetan zehar gizakiaren elikagai iturri nagusi izan den jaki horri merezi duen protagonismoa eman nahi diote aurten ere. Ogi Eguna ospatuko dute, urtero ...

Astoaren otzarak beteta

Egunak labur-labur, kaleak oso-osoan argituta eta sukaldeetako egutegiak ia orririk barik: Gabon gaua ate-joka dago. Eta Olentzero Euskal Herriko herri eta auzoetara etortzeko prestaketa beharrean dabil. Datorren astelehenean igaroko da Euskal Herriko etxe guztietatik. Bizkaiko herri eta auzoetan makina bat ekitaldi prestatu dituzte ongietorria egiteko. Hona horietako batzuk.

Durango

Mari Domingik lagunduta joango da Olentzero Durangoko herritarrek egingo dioten harrerara. Ertzilla Musika Eskolan egongo dira bien zain, 17:00etan. Durangarrak ez ezik, trikitilariak, musikari banda, abesbatzetako kideak eta beste hainbat lagun izango dira. Handik kalejiran abiatuko dira. Astarloa kalea, Andra Mari, Zumalakarregi eta Ermodo igarota, Landako gunean bukatuko dute. Bukatutakoan, Landako gunean bertan, Olentzero eta katu miragarria emanaldiaz gozatzeko aukera egongo da.

Getxo

Udalerria osatzen duten auzoetako bakoitzak harrera berezia prestatu dio Olentzerori. Erromon, 17:30ean agertuko da, Ezequiel Agirre kalean. Handik kalejiran abiatuko da. Bitartean Gabon kantak abestuko dituzte, eta gozokiak banatuko. 19:30ean iritsiko dira Santa Eugenia plazara. Dantza erakustaldia egin ostean, erre egingo dute panpina.

Andra Mari auzoko kiroldegian 17:00etan hasiko da kalejira. Bidea egiten lagunduko dioten bizilagunek abesteko eta dantzatzeko aukera izango dute. 19:15ean iritsiko dira helmugara, Malakatera, eta han txokolatea banatuko da suaren bueltan.

Areetan, berriz, Eskoletako plaza izango da kokagune garrantzitsuena. 12:15ean Berantzagi dantza taldeak emanaldia egingo du. 13:00ean bertso saioa izango da. 14:00etan Gabonetako otzara zozkatuko dute. Olentzero bera 18:30ean agertuko da. Kale Nagusitik abiatuko da, eta Eskoletako plazan bukatuko du.

Algortan, azkenik, Benantzion izango du abiapuntua kalejirak, 17:00etan, eta Geltoki plazara arte joango da. 18:00etan, Vilamonten, hezur-haragizko Olentzero bera agertuko da, eta umeekin egingo du berba. 19:30ean Portu Zaharrean txalapartariak, bertsolariak eta abesbatzak ibiliko dira girotzen. 20:00etan erreko da Olentzeroren panpina.

Gernika-Lumo

Abenduaren 16tik dabiltza gernikarrak Gabon gaua prestatzen, goizaldeko kantu errondekin. Gaur egingo dute azkena, egun argiz. Goizean zehar kalerik-kale ibiliko dira, Marijesiak abestu eta dirua eskatzen. Olentzero, berriz, arratsaldean etorriko da. Lumotik Andra Mari elizara jaitsiko da 18:00 inguruan. Kalejira Pasealekuan bukatu du. Behin hara iritsita, Gabon kantak abestuko dizkiote gernikarrek eta gaztaina erreak banatuko dira.

Mungia

Herri berezia da Mungia Olentzerorentzat, Landetxo Goikoa baserrian etxea atondu baitiote. Eta Gabon gaueko ibilbidea, halabeharrez, hantxe hasi behar izaten dute mungiarrek. 16:30ean abiatuko dira kalejiran. Herriko kale nagusienak zeharkatuko dituzte, txistulari, trikitilari eta abeslariek lagunduta. Bidean gaztaina erreak eta gozokiak banatuko dira. Gutxi gorabehera, iritsiko dira Olentzero, astoa eta kalejiran parte hartu gurako duten guztiak 18:00etan iritsiko dira udaletxe aurrera. Han ongietorri ekitaldia egingo diote, eta umeek azken orduko eskariak egiteko aukera izango dute.

Ondarroa

Goizean iritsiko da Olentzero Ondarroara, Mari Domingik lagunduta. 12:00etan abiatuko dira ondarroarrekin batera kalejiran. Kamiñazpitik Musika plazara arteko bidea egingo dute. Euria eginez gero, zuzenean Kafe Antzokira joango dira Olentzero eta Mari Domingi, eta han jasoko dituzte herritarrek egindako eskaerak. Arratsaldean, berriz, musika nagusituko da. 18:00etan Unanue Kamara Kolara kalerik kale ibiliko da, Gabon kantak abesten. 19:00etan Kantaize orfeoiak hartuko die lekukoa.

Zeanuri

Gorbeiapetik arratsaldez pasatuko da Olentzero. 17:00etan egingo diote harrera zeanuritarrek, Piedadean. Handik frontoira jaitsiko dira. Herriko txistulariek, musika eskolako umeen abesbatzak, trikitilariek eta gitarrak ikasleek gozatuko diote bidea. Bukaerako jaian gaztaina erreak eta gozokiak banatuko dituzte.

Urduña

17:00etan etorriko da Urduñara Olentzero. Foru plazan izango ditu herriko ume, gazte eta helduak zain. Musikak eta kantek girotutako kalejirarekin zeharkatuko dituzte kale gehienak, eta berriz ere plazara itzuliko dira. Olentzerok urduñarrek eskariak entzungo ditu bukaeran.

Barakaldo

Egun osoa igaroko du Olentzerok Barakaldon. Gurutzetako ospitalea eta Miranda fundazioa bisitatu ostean, 12:45ean, gurdira igo, eta Bide Oneratik Herriko plazara joango da, udaletxeko balkoitik herritarrak agurtzeko. 18:00etan egingo du kalejira: Done Bikendi plazatik Herriko plazara. Iristen denean hasiko da erromeria. Txokolatea eta gaztainak ere banatuko dituzte.

Areatzatik Miribillara, gora eta gora

Aspaldion arrakastatsu dabil bertsolaritza, gero eta areto handiagoak betez. Bizkaiko Bertsolaritza Txapelketarako Arriaga txiki geratu, eta Euskalduna jauregira egin behar izan zuten salto. Handik Bizkaia Arenara, duela bi urte. Ia 5.000 lagun elkartu ziren. Eta bihar Bilbo Arena pabiloia bertsozalez beteko da. Finalak duen erakartzeko ahalmen hori, ordea, ez da kontu berria. Euskaltzaindiak 1958an ekin zion txapelketa antolatzeari, eta orduan ere Bilboko Areatza zaletuz mukuru betetzen zela diote hura bizi izan zutenek. Bertsolaritza txapelketen historia, baina, are zaharragoa da: 1936ko gerra aurretik hasi zen, Mungian 1929an eta Getxon 1930ean antolatu zirenekin.

Jose Luis Basterretxea Altzalei-k ezagutu zituen euskararen akademiak antolatutako lehia haiek. "Alfonso Irigoien zen arduraduna. Eskualdeka egiten ziren txapelketak eta finala Bilbon", gogoratu du. Bera ere bertsolari izandakoa da; gaur egun Bizkaiko txapelketaren arduradun beharretan dabil.

Euskal Herriko Bertsozale Elkartea 1987an sortu zen, Euskaltzaindiari lekukoa hartzeko. Urte berean egin ziren Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren kargu. Bizkaikoa eta Arabakoa, zehatzago esateko, bi herrialde historiko horiek elkarrekin egiten baitzuten txapelketa. "Araban ez zegoen halakorik antolatzeko behar beste bertsolari. Bertsolari kopuru duina lortu zutenean, euren txapelketa antolatzeko gai zirela esan zuten. Orduan banatu ginen". 2000. urtetik, bada, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta Arabakoa banan antolatzen dira.

Aro berriko Bizkaiko lehen txapelketa hura, 1987koa, oso ondo gogoratzen du Bernar Mandaluniz gai jartzaileak. Ordutik dabil behar horretan. "Ikustekoa izan zen. [Xabier] Amuriza eta [Jon] Lopategi iritsi ziren buruz-burukora. Emozio aldetik eta bertsoen kalitateari dagokionez ikaragarri ona izan zen. Lopategik irabazi zuen. 1986an Txapelketa Nagusia lehiatu zen, bera zela faborito, Amurizarekin batera. Baina ez batak ez besteak ez zuten irabazi. Sebastian Lizasok jaso zuen txapela, inork espero ez zuen ezustekoa emanda", gogoratu du.

Urte hauetan guztietan bertsolarien soslaia errotik aldatu da. Lehen bertsolariak baserri mundutik zetozen eta helduak ziren. Euretako bat zen Moises Enbeita muxikarra. 1987koa izan zuen lehen txapelketa. Astean behin elkartzen zen lehengusuekin Mendatan, afaldu eta bertsotan egiteko. Dio euren bertsogintza tabernakoa zela; gaur egungoa landuagoa dela iruditzen zaio. "Eguneroko gauzez kantatzen genuen. Oraingoak oso filosofikoak dira. Gainera, gaurko bertsolariek ezinbestekoa dute gaurkotasuna eta albisteak jarraitzea".

Helduak eta gizonezkoak. "Orduan ez zenuen andrazkorik ikusiko. Aurten finalean lau neska eta lau mutil izango dira. Gure sasoian pentsatu ere ez zen egiten bertsolaritza andrazkoen kontua ere izan daitekeenik, Kristina Mardaras-eta agertu ziren arte".

Unai Iturriaga eta Igor Elortza agertu zirenean hasi zen aldaketa, Mandalunizen berbetan. Hasteko, bertsolariak gaztetu egin ziren. "Denon harridurarako, finalean agertu ziren, oraindik fraka laburretan zeudela". Eta bertsolariak gaztetu ahala, bertsozaleak ere bai. Gazteak gaztea dakar. "Barneratu egin dute bertsoarekiko zaletasuna. Bertso afarietan ere nabaritzen da. Bertsoak ezagutzen dituzte. Badakite bertso ona eta ez hain ona bereizten", dio Mandalunizek. Enbeitaren ustetan, gainera, "gazteak dira bertsozale kritikoenak".

Bizkaian bertso mundua goitik behera aldatu dela nabarmendu du Mandalunizek. "Beti esan izan da gurean bertsolaria bera mitinlaria dela, ez dela desafioan eta lehian ibiltzen. Bakarrik kantatzen duela. Zaleak ere beste maila batekoak direla. Orain ez da horrela. Eskema horiek erabat apurtu dira". Eta aldaketarako azken mugarria, hain zuzen, Iturriaga eta Elortzaren lehen txapelketa hartan jartzen du: "Bizkaiko azken urteetako bertsogintza guztia bi horiek ordezkatzen dute. Kalitatean egondako eboluzio horren eragile nagusiak eurak izan direla esango nuke".

Garai berriekin, aldaketak

Mandalunizi ere, gaur egungo bertsoak askoz landuagoak direla iruditzen zaio: "Jendea intelektualizatu egin da, eta bertsotan egiturak sortu dira. Horrek badu bere alde txarra: egiturak bete egin behar dira. Moldea lehengo bera izan arren, lehen ideiak okurrenteagoak izaten ziren. Orain kontzeptuak erabiltzen dira, eta horrek zaildu egiten du. Bakarrean hasten direnean, sei punturekin inor ez da konformatzen. Zortzitik gorakoak nahi dituzte. Zortzi puntu, zortzi errima dira. Eta josi egin behar dira. Askotan betelana ikusten duzu. Lehenagoko bertsoa arinagoa zen; mezua zuzenagoa, sinpleagoa baina zorrotzagoa. Alde horretatik txispa gehiago zuten lehengo bertsoek".

Altzaleiren esanetan, oraingo bertsolariek serioago hartzen dute euren lana. "Elkartu egiten dira eta entrenatu egiten dute txapelketarako. Gauza bat da eskolara joan eta bertsotan ikastea, eta beste pausu bat bertsolari izan gura eta txapelketan parte hartzea. Ariketak egiten dituzte, gaiak eta errimak lantzen dituzte. Plaza gehiago ere badago. Bertsolariak zenbat eta maila altuagoa izan, plaza gehiago du. Eta plaza bera ere prestaketa da".

Joseba Santxo epaileak argi dauka gazteek prestaketak eragin duela aldaketa: "Ondo prestatuta daude, ikasketak dituzte, eta hori bertsotan ere igartzen da". 1993an hasi zen epaile, Txapelketa Nagusian. Gero Bizkaikoan ere ibili da, duela hiru edo lau txapelketa arte. Herri bertsolarien figura goraipatu du. Dio maila onekoak direla, baina gogo aldetik ez dutela goi mailan ibili gura. "Eskualdean badugu kasu bat. Bizkaia mailara igo zen, baina gero uko egin dio Euskal Herrikora igarotzeari. Ez aurka dagoelako, bere burua eskualde mailan ikusten duelako baizik. Bertsolaritza osasuntsuan ezinbestekoak dira herri bertsolariak. Elite bat baino ez badugu, azpigarria falta bada, seinale txarra".

Txapelketan parte hartzen dutenen kopurua erruz hazi da. "Eskualdeetako txapelketetara begiratu besterik ez dago. Eskualdeko, igual, hiru edo lau saio egin behar izaten dira, parte hartzaile kopuruaren arabera", dio Altzaleik 2000. urtean berreskuratu zituzten eskualdeetako txapelketak, Euskaltzaindiak antolatzen zuen garaiko eredura itzuliz.

"Udaberrian jokatzen dira; zortzi eskualde eta zortzi txapelketa. Eskualdeetakoak bukatzen direnean, irabazleek aurrera jarraitzen dute. Aurreko Bizkaiko txapelketako finalistek ere bai, eta aurretik inoiz finalista izandakoek ere badute aukera hori. Gainontzeko lehiakideak eskualdeetako puntuen arabera aukeratzen dira. Bizkaiko txapelketa urri inguruan hasten da. Bost kanporaketa eta hiru finalaurreko izaten ditu. Saio guztiak sei bertsolarikoak izaten dira, eta finala zortzikoa", azaldu du.

Guzti-guztiak bat datoz zaletasunaren akuilu nagusiena bertso eskolak izan direla esaterakoan. "Jon Lopategik jarri zituen martxan. Errima eta neurri landuagoa irakasten zieten. Lopategiren bertsokera ere halakoa zen eta. Gaur eguneko bertsolari gazteetako asko haren eskuetatik igaro dira. Asmatu dute gazteak erakartzen", gogoratu du Enbeitak.

Santutxukoa, Mungiakoa eta Algortakoa izan ziren aurrenekoetakoak Bizkaian. Bi azken horien eskualdea ondo ezagutzen du Joseba Etxebarria Bizkaiko Bertsolari Txapelketako antolatzaile taldeko kideak. Bizkaiko oparoenetakoa da. "Ipar Uribe deitzen genion: Uribe Kosta, Mungialdea eta Txorierri. Baina duela bi urteko txapelketarako, bitan banatu genuen. Bertsolari kopuru handia geneukan, txapelketa baterako handiegia. Beste eskualde batzuetan kosta egiten zitzaien seiko talde osatzea eta guk 18koa erraz genuen. Beraz, Uribe Butroe eskualdea eratu genuen Mungialdearekin eta Txorierrirekin eta Uribe Kosta bere aldetik utzi genuen".

Urte hauetan, gainera, gai jartzailearen eta epailearen zereginei buelta bat eman zaie; bi figura horiek finkatu egin dira. Mandalunizen ustetan, gizartearen bilakaerak ekarri du gaien aldaketa. Ezberdintasun nabarmenena bakarreko lanetan ikusten du berak: "Lehen agindu zehatz bat ematen genien. Orain egoera batean jartzen ditugu. Egoera fisikoa zein emozionala izan daiteke, eta bertsolariari bertsoa nobelatzeko aukera ematen diogu". Zortziko nagusian gai serioak izaten direla dio, arinak zortziko txikian; edukidunak baina bizkorrak hamarrekoan eta seiko motzean. "Lehen bezala, bertsolariek buruz burukoan egin behar izaten dute, eta puntuak ere mantentzen ditugu arintasuna erakusteko. Finalean bertso bi kantatu beharko dituzte puntua emanda".

Epaile lana igualtsu ikusten du Santxok. "Trino Azkoitia izan dut maisu eta hark esaten zigun ez dela bertsoa garandu behar. Lehen kolpean sortzen duen efektua neurtu behar da, baina maila askotan: edertasunari, arrazoi aldetik, erabilitako teknika... Gero ñabardurei erreparatuko diegu, baina puntuazioa bereziki lehen kolpe horrek finkatu behar du".

Hala ere, egungo epaileek puntuazioa arrazoitu behar dutela argitu du Altzaleik. "Adostutako irizpideak dira eta epaileek horien arabera baloratzen dituzte bertsoak. Entseguak egiten ditugu. Aurreko txapelketako bertsoak entzuten ditugu eta berriz puntuatzen dituzte. Behin, horrelako ariketa batean artxibora joan nintzen txapelketako akten bila. Txapelketan epaile izandakoek ariketan arrazoi berberak aipatzen zituzten puntuak ematerakoan. Horrek erakusten du ez dutela funtsik gabe epaitzen".

Puntuekin hasita, aurtengo txapelketari ere jarri dote. Mandaluzinek, 6,5. "Txapelketa tamaina onean ikusi dut. Arkaitz Estiballes aipatuko nuke. Sekulako ausardia erakutsi du. Aspaldion asko dabil bertsogintzan eta nabaritu zaio. Forma berriak sartzen dabil, bertsoa gero eta osatuagoa egiten du. Epaileen puntuek ere hori adierazten dute". Besteak tamainan dabiltzala iruditzen zaio. Fredi Paia finalean ikusita asko poztu da. "Originaltasuna eta gaiei buelta emateko gaitasuna erakutsi ditu. Gogotsu dago". Igor Elortzari dagokionez, maila aitortzen dio, baina dio orain artean baino behar gehiago egin beharko duela txapela irabazi gura badu. "Albotik aurrea hartu diote. Hala ere, Igor horri buelta emateko gai da".

Santxo ilusioz dago biharko: "Bertsolari txukunak ez ezik, ekarpen politak egiten dituztenak izango ditugu. Bertsogintza aberatsa eta koloretsua daukate". Gogoan du 1990eko hamarkadan izaten ziren zalantzak: Ez zekiten finalak sei edo zortzi bertsolarikoak egin. "Goi mailako sei bertsolari bagenituen, baina zortzi bai? Aurten zortzi sartu dira, eta itzela izango da. Eta dozena bat sartu izan balira ere, egundokoa izango zitekeen. Lehen punta-puntako lauzpabost bertsolari zeuden, eta hurrengoekiko alde nabarmena zuten. Gaur egun eliteko buru hori handitu egin da, eta badira kalitate bertsuko hamabi bertsolari".

"Finalaurrekoetan baino lan hobea egingo dute. Estiballes aurretik dago puntuen arabera, baina finala beste egun bat da, beste gai batzuk. Edozeinek irabaz dezake eta sorpresak ondo etorriak dira", dio Enbeitak.

Usansolok herria izan nahi du!

Azken hilabeteetan Usansolo, oraindik ere, Galdakao herritik bereizteko borrokan jarduela birgogoratu digute bertako herritarrek.

22 urte pasatu dira Iurreta gure herria Durangotik desanexionatu genuenetik, eta ez dugu inolako damurik, are gehiago oso harro gaude hartutako erabakiarekin.

Iurreta ez da izango Bizkaiko herri politena, ez handiena, ez txikiena, ez erakargarriena, ez … Baina gure herria da!

Herri guztiak bezala gure alde onak eta hobetu beharrak dauzkagu, eta horretan dihardugu, gure eguneroko lanean, agian herriaren kudeaketa ez da guk desio genukeena; baina herritarrak aukeratutakoa den neurrian errespetatzen dugu.

Gaur egun, azken hamarkadatako askatasun borrokaren ondorioz hainbat herri berri gaude Bizkaian; elkarrekin borrokatu genuen herrien izenak datozkigu burura: Alonsotegi, Erandio, Arratzu, Bolibar… Usansolo ere gurekin batera borrokan ibilitakoa da. Tamalez, arrazoi ezberdinak medio, Usansoloren askatasun borrokak intentsitate maila ezberdinak eduki ditu denboran zehar; baina ezin da ukatu usansolotarren herri nortasunak itxaropenaren txingarra mantentzen lagundu dietela, eta gaur da eguna non, azken bultzada emateko erabaki irmoa hartu dutela.

Ez gara arrazoi ekonomizista, edo pragmatikoak eztabaidatzen hasiko, zeren eta luze joko zuen debateak, eta ziur asko nekez helduko ginen denon arteko adostasun batera.

Baina Usansoloko kasuak hausnarketa burutsu eta sakonetatik haratago, oinarrizko planteamendura garamate:

—Azken urteetako desanexio, eta banaketa prozesu guztiak bukatuta daude. Adostasun eta akordioen bidez konpondu dira denak.

—Herri nortasuna eskuratu edo berreskuratu duten herri guztiak oso gustura gaude, bat ere ez da damutu, inork ez du atzera egin.

—Banaketa edo desanexioaren ondorioz, lurralde zatiren bat galdu duten herriak ere, oso ondo moldatu dira egoera berrira.

—Usansolo, Galdakao herritik bereiztu eta herri bat izateko borroka, aspaldidanik dator.

—Usansolo da gaur egun herri nortasuna eskuratzeko borrokan segitzen duen herri bakarra.

—Gaur egun eta epe laburrera ez da aurre ikusten beste herri bereizketa prozesurik Bizkaia osoan.

—Usansolotarren herri nortasuna erabatekoa da.

—Galdakao herriarentzat, Usansoloren banaketak ez lioke aparteko arazorik erakarriko.

Beraz, beste herri askok gure askatasuna eskuratu edo berreskuratu genuen bezala, Usansolok ere bere nahia gauzatzeko eskubidea daukadala deritzogu; azken baten ez ote da demokraziaren oinarrietako bat herritarren erabakia errespetatzea? Bada, errespeta dezagun usansolotarren erabakia.

Sinatzaileak: Amatza Abasolo, Liher Aiartzaguena, Zorion Agirrezabal eta Miguel Zenigaonaindia.

2.800

Fumigatzeko enpresa batek ordainduko duen isuna. Fumigazio lanak egiten dituen enpresa batek 2.800 euro ordainduko ditu Urdaibain 1.400 metro kubiko edateko ur kutsatzeagatik.