Kaleetatik egutegira

Ohikoa da herriko pertsona historikoei kaleak eta plazak eskaintzea. Mungiak ere horren adibide asko ditu. Udalak urtero banatzen duen egutegia kale izendegi horri eskaintzea erabaki dute. Hala, hilabete bakoitzean pertsonaia eta kalea ezagutzeko aukera egongo da. Gure kaleak du izena, eta euro baten truke eskuratu daiteke Agirre jauregian. Dirua Mungialdeko Gizarte Zerbitzuen Partzuergoak jasoko du, beharrizanean dauden familien artean banatzeko.

Jose Etxegarai historialariak osatu ditu biografiak. Musikariak, margolariak, enpresariak eta kirolariak daude tartean. Denen artean ezagunena, zalantzarik barik, Esteban Urkiaga Lauaxeta idazle eta kazetaria da. Laukizen jaio zen, baina Mungiara joan zen umetan, eta han zeukaten baserriaren izena hartu zuen ezizen modura. 1937ko ekainaren 25ean hil zuten frankistek Gasteizko Santa Isabel hilerrian, apirilean Gernika-Lumon atxilotu eta bi hilabetez preso izan ostean. Etxe hura zegoen lekuan dauka kalea gaur egun. Mungiako kale nagusietakoa da, gainera. Bagil edo ekaina eskaini diote.

Athleticen zaleen artean ezaguna da Telmo Zarraonandia Zarra. Asuan (Loiu) jaio zen, 1921ean, eta garai batean futbolari ezagun izan zen. Lutxana eta Mungia arteko trenbideak han zeukan geltokiko nagusia zuen aita. 1936ko gerra ostean, Mungiara joan ziren bizitzera. Zemendi edo azaroan ageri da haren berri.

Bentades ikastetxearen —egun zaharberritzen ari dira—bultzatzaileak ere baditu kalea eta hilabetea: iraila. Laureano Jado Bentades zuen izena ingeniari eta filantropo hark. Mungian jaio zen, 1843an. Ondasun askoren jabe zen, eta, besteak beste, sorterriko ikastetxeaz gain Bilboko Arte Eder Museoaren eta Erandioko Jado ikastetxearen sorreran ere parte hartu zuen.

Aurelio Artetxe Arana enpresaria jorrail edo apirilean agertzen da. Bakion jaio zen, 1908an. Irurak Bat enpresan hasi zen beharrean —kontagailu elektrikoak egiten zituzten han—, ingeniari legez. Gernikako bonbardatzea sufritu zuen, eta jeltzalea zelako, erbesteratu egin behar izan zuen, familiarekin batera. Liejan (Belgika) enpresa elektriko batean behar egin zuen, eta handik Venezuelara joan ziren. Caracasko Euskal Etxearen fundatzaileetako bat izan zen. Euskal Herrira bueltan, Mungiako enpresarik ezagunenetakoa sortu zuen: Artetxe. Gaur egun, Europan, Amerikan eta Asian 2.000 behargin ditu Artetxe Group taldeak; horietatik 700, Mungiako lantegian.

Elizgizonak hainbat dira: Francisco Bilbao Elorriaga misiolari dominikoa —marti edo martxoa—, Florencio Matias Pedro Galarza Belutegi —abuztua— parrokoa eta Jose Zameza Urrutia jesuita —urria—. Emakume bakarra agertzen da, Francisca Zubiaga Eskauriaza. Abendua eskaini diote hari, baita haren neba Eduardo Marcelinori ere. Angel Maria Garavilla margolariak —urtarrila—, Aureliano Galarza Mentxaka abokatuak —zezeil edo otsaila—, Santos Eusebio Intxausti Larrauri musikariak —maiatza— eta Juan Jose Elorduigoitia Elordi filantropoak —uztail edo garagarrila— osatzen dute egutegia.