Auzoaren beharren alde?

Uribarri auzoko Matiko kaleko eraikin hutsari erabilera sozial eta kulturala ematen saiatu ziren joan den urteko ekainean auzoko gazteak. Auzokideen beharrak betetzeko asmoz, Patakon gaztetxea okupatu zuten, baina eraikinaren jabeek salaketa jarri, eta hilabete geroago Ertzaintzak hustu egin zuen gaztetxea. Urte hasieran, Iñaki Azkuna Bilboko alkateak beste proiektu bat aurkeztu zuen, Patakon eraikina gazte ekintzaileentzako zentroa izateko, hain zuzen.

2012ko abenduan Irazabal familiak —Matiko kaleko 6. zenbakian dagoen eraikinaren jabeek— Bilboko Udalari eman zion eraikina. Baldintza bi jarri zituen: eraikinak gizarte zerbitzua eskaintzea 85 urtez eta Irazabal izena jartzea. 1960ko hamarkadan eraiki zuten, industria, komertzio eta bulego gisa erabiltzeko, baina "hainbat arrazoi" direla medio, ez du inolako erabilerarik izan eraiki zutenetik. 50 urte baino gehiago zeraman hutsik.

Lan Ekintzak egin du beharrizanen azterketa; zentroa arte, teknologia eta diseinuan erreferente izango dela erabaki dute. Sektore horiekin zerikusia duten proiektu berritzaileak eta software, bideo joko, e-business eta robotikari lotutako jarduerak egingo dira. Hil honetan hasiko dituzte eraberritze lanak, eta sei hilabeteko iraupena izango dute; guztira 500.000 euro inguruko aurrekontua izango dutela jakinarazi du udalak. Aurreikusitako faseen arabera, zentroa urte bukaeran jarriko dute martxan.

Bilbo Ekintzak diseinaturiko planaren arabera, eraikina ekintzaileentzat, ikasleentzat, ikertzaileentzat eta enpresentzat izango da. Sozietate publikoak bost proiektu aukeratu ditu: artearen digitalizazioa, puntako teknologiako softwarea, Interneteko enpresen sorkuntza, Bilbo Tech —teknologikoki aurreratuta dauden enpresa komunitatearen belaunaldia—; eta Makers —berrikuntza diseinu industrialean—.

Zentro berri horri esker Bilbok "hiri berritzaile" gisa duen proiekzioa indartuko dela adierazi du Andoni Aldekoa Bilboko Udaleko kontseilari nagusiak, eta ez hirigintzan eta arkitekturan soilik, baita garapen ekonomikoan ere.

Auzokideen harridura

Harriduraz jaso zuten albistea auzokideek. Hala kontatu du Eire Larrea Uribarriko Gazte Asanbladako kideak, ez baitzuten uste udalak "horren azkar" bilatuko zuenik eraikin horretarako proiektua. "Inori ezer ere galdetu gabe pentsaturiko egitasmoa da; inposizio hutsa iruditzen zaigu". Horrez gain, gazteei iruditu zaie ez duela zentzurik horrelako proiektu bat bideratzeak. Izan ere, duela gutxi antzeko proiektu bi bertan behera utzi dituzte Bilbon bertan, "ez zirelako ondo atera". Udalari "oparia" ondo baino hobeto etorri zaiola uste du Larreak, eta "aurpegia zuritzeko" enplegua sustatzeko proiektua aurkeztu duela dio, baina nola doan ikusi arte itxaron beharko dela iruditzen zaio.

Egitasmoaren helburua bera "ideia ona" dela onartu du Larreak. Dena dela, euren ustez, aurkeztutako proiektuak ez du "inola ere" auzoko "errealitatearekin eta beharrizanekin" bat egiten. "Irazabal proiektua delakoa 'hiriarentzako proiektua' dela esan du Bilboko Udalak, baina ez dugu ikusten horrek Uribarrin lekua izan dezakeenik".

Eurena gizarte mugimendu aberatsa izan duen auzoa dela azaldu du Larreak. Mugimendu asko, baina espazio gutxi: "Ez dago ekipamendurik, eta espazioa beti izan da arazo bat". Auzoko elkarte zein eragileek luzaroan eskatu izan diote espazioren bat udalari, baina ez dute sekula erantzunik jaso.

Jabeek baldintzatzat eraikinak erabilera soziala izan zezan jarri zutenean, euren aukera izan zitekeela pentsatu zuten. "Badaukagu auzoaren beharrak asetzeko proiektua, eta guztiz bateragarria da jabeek eskatu dutenarekin". Eraikinaren tamainak aukera asko ematen dituenez, gazte ekintzaileentzako egitasmoa auzokideen proiektuekin uztartzea proposatu zioten udalari, baina atzera bueltarik ez duen plana dela esan zieten.

"Guk ez diogu udalari esango euren proiektua bertan behera utz dezaten, edo eraikin osoa nahi dugula. Gure helburu nagusia ez da eraikin hori lortzea, baizik eta espazio bat lortzea; ez bada Patakon, beste bat". Udalari auzokideekin esertzeko borondatea eta benetan beharrak beteko dituen espazio bat eskatzen diote. Espazioa auzokideek kudeatutakoa izan beharko litzatekeela nabarmendu du Larreak. "Eraikina udalarena izan arren, auzokideok kudea dezagula, guk ezagutzen baitugu hoberen auzoa eta beti lan egingo dugulako interes kolektiboaren bila".

Erantzun bateratua

Auzokideen aldetik, babes handia jaso zuen Patakonek, eta hainbat lagun bildu ziren bertara, aldekotasuna erakustera. Izan ere, proiektua ez zen gazteentzat soilik, "auzo guztiarentzat irekia" baizik. "Jendeak babesa erakutsi zigun, auzoak behar zuena zelako, azken finean auzokideontzako espazio bat premiazkoa dugulako. Hori horrela, Patakonek eduki zuen ongietorria ikusita, ohartu gara badela momentua auzo perspektiban oinarrituta lan egiten hasteko".

Uribarri Auzolanean filosofiarekin bat egin zuten, auzoko kolektibo eta mugimenduak elkartzeko sortutako markoaren barnean. Euren ikuspuntua helarazteko eta proiektu komun bat sustatzeko asmoz. Orain idazki bateratu bat prestatzen dabiltzala azaldu du Gazte Asanbladako kideak, "denen izenean udalera bidaltzeko".

Auzoko hainbat eragileren artean asmoa udalari presioa eragitea dela azaldu du Larreak, udaleko ordezkariak auzokideekin eser daitezen. "Borondatea izan dezatela, eta benetako beharrei erantzun diezaietela": hori da auzokideen eskakizuna. Auzotarren gehiengo zabalaren ikuspuntutik lortu nahi dute, ez soilik gazteenetik. "Helburua da elkarlanean eskari bat helaraztea udalari eta auzoari, eta ahalik eta jende eta kolektibo gehien elkartuta presioa eragin eta espazio bat lortzea".

Emakumeen aurpegiak

6Argazki erakusketaBilboBilbaoHistorikok Bilboko emakumeen 1.000 Aurpegiak izeneko erakusketa atondu du bere ExpoGelan. Zazpikaleak, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoetan bizi diren emakumeen askotarikotasuna islatzea eta andreengan berdintasun sentsibili...

Munduko alkaterik onenaren hirian

Martxoaren 6an Bilbon gertaturiko Jose Antonio Dieguezen hilketak agerian jarri du gaur-gaurkoz instituzioek gaitasunik ez dutela bermatzeko pertsona orok etxebizitza duin eta egokia izateko duen eskubidea. Nahiz Euskal Herrian indarrean dagoen legeriak lehen mailako eskubide gisa seinalatu, etxebizitza luxuzko ondare bihurtu da, eta gero eta gehiago dira muturreko egoerak bizi dituzten pertsonak. 2012an, 454 etxe kaleratze izan ziren Bilbon. 454 familia miseria gorrira kondenatuak. Non eta 15.567 etxebizitza huts dauden hirian, Bilboko Udalak berak emandako datuen arabera.

Jose Antonio Dieguezen hilketak ez du soilik agerian utzi herritarrengandik gertuen dauden instituzioek beren eskubiderik oinarrizkoenak ziurtatzeko duten gaitasunik eza. Ibarrekolandako herritar horren heriotzak begi bistan utzi du Bilboko Udalak inolako borondaterik ez duela gobernatzen duen hiriko biztanleen eskubideen bermatzaile nagusia izateko.

Etxe kaleratzeak gizarte arazo dira, eta azken garaian kezka handia sortu dute bilbotarren artean. Horren isla izan dira iragan azaroko eta urtarrileko udalbatzarretan izandako eztabaida biziak. PPren funtsik gabeko proposamen baten harira, etxe kaleratzeen arazoari konponbidea emateko konpromisoa galdegin zion ezkertiar eta abertzaleon koalizioak udalari. Aurkezturiko zuzenketa ezin argiagoa zen, eta etxe kaleratzeen arazoaren aurrean udalak zenbait konpromiso har zitzan proposatu zuen. Besteak beste, erakunde finantziarioei eskatzeko etxe kaleratze prozedura oro bertan behera uzteko eta Espainiako Gobernuari Hipoteken Legea aldatzeko. Izan ere, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak lege horrek EBko legeria urratzen duela eta herritarrak babesgabe uzten dituela ebatzi aurretik, hainbat instantzia juridikok ere esana zuten gehiegikeriaz jokatzen duela.

Hori hala, gure koalizioak aurkezturiko zuzenketak etxegabetzeen auzian gehiegikeriaz jokatzen duten entitate finantziarioekiko harremana berrikusteko eskatzen zion udalari. Halaber, etxe kaleratzeen arazoari gaina hartzeko lanean ari diren gizarte eragileekin elkarlanerako prestasuna adierazteko eskatu zion, eta bide horretan sakonduz, arazoa bertatik bertara landu ahal izateko batzorde bat eratzea proposatu zuen gure koalizioak. Batzorde horretan, udal taldeek nahiz gizarte eragileek hartuko lukete parte, eta etxetik kaleratuak izateko arriskuan izan daitezkeen kasu guztien azterlan zehatza egingo lukete, ondoren halako egoerak ekiditeko beharrezkoak diren bitarteko eta protokoloak indarrean jartzeko. Muturreko egoerarik berriro ez emateko. Horiek errotik ekiditeko. Eta, bidenabar, etxe kaleratzeen arazoari erabateko konponbidea emateko. Ordea, gure koalizioaren zuzenketari bidea itxi zion EAJk, kontra bozkatuz. Era berean bota zuen atzera PSE-EEk urtarrilean aurkezturiko zuzenketa. Kasu batean zein bestean, Iñaki Azkunak gidatzen zuen gobernu taldeak argiro erakutsi zuen etxe kaleratzeen auzia konponbidean jartzeko inongo borondaterik ez duela. Ustez munduko alkaterik onena denak finantza erakundeen eta herritarren artean den amildegia desagerrarazteko udal taldeek abiaturiko ekinaldiak geldiarazi ditu. Ez behin, birritan baizik.

Testuinguru horretan erabaki zuen Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak ekimena hartzea, eta doako aholkularitza juridiko zerbitzua abiaraztea. Beste behin ere, herri mugimenduak hartu behar izan zuen bere gain, hasiera batean behintzat, administrazioari dagokion zeregin bat. Zerbitzua eskaintzen hasi zenetik, etxetik kaleratua izateko arriskuan den hainbat jenderi eman dio babesa. Asterik aste, jende andana bildu da laguntza premia larrian; kaltetuetako asko Udal Etxebizitzen zerbitzuak berak haien aurka hasitako kaleratzeko prozedura batean murgilduta daude. Eta adierazgarriena dena: muturreko egoera horietan diren pertsonetako asko Gizarte Ekintza saileko gizarte langileek eurek bideratu dituzte federazioaren zerbitzura. Horrek agerian utzi du zeinen handia eta larria den udalak arlo horretan duen gabezia. Orobat, nabarmen geratu da udalak ez dituela gizarte politikak egokitu, egungo krisi egoerari behar bezala heltzeko, eta laguntzarik handiena behar duten herritarrei irtenbide zentzudun, bidezko eta duinak emateko.

Ibarrekolandako gertaerak, eta berau salatzeko arratsalde horretan bertan buruturiko manifestazio jendetsuak erakutsi zuten etxe kaleratzeek ondorio tragikoak dituztela, eta herritarren artean gero eta kezka handiagoa eragiten dutela. Hala, EH Bilduk azpimarratu nahi du gizarte arazo honi amaiera emateko borondate politikoa baino ez dela behar. Alferrik da adierazpen instituzional bat egitea, harekin batera kaleratzeak ekidingo dituzten neurri zehatzak hartzen ez badira. Pertsona orok du eskubidea etxebizitza duin eta egoki bat edukitzeko, eta administrazioak ezin du tamaina horretako erantzukizuna gizarte mugimenduen zoriaren mende utzi. Horrenbestez, beste behin exijitzen dugu udaleko talde politikoez gain, gizarte eragileak ere bilduko dituen batzorde bat sortzeko, kaltetuen sufrimendua apalduko duten neurriak definitzeko eta gizarte gaitz bihurturiko arazo honi aterabide bat emateko, behingoz.

Trenen aspaldiko bidetik

Txorierriko hainbat elkartek mendi irteera antolatu dute Lezamako trenbide zaharraren ibilbidetik, domeka honetarako. Txangoa oinez zein bizikletaz egin daiteke, eta hamar kilometro eta 30 kilometro egingo dituzte, hurrenez hurren. Bizikletaz doazenak 09:00etan irtengo dira Lezamako Gurutzeko ermitatik. Oinezkoak, ostera, Derioko tren geltokitik abiatuko dira ordu erdi geroago, 09:30ean.

Bizi Txorierri, Zorribike, Zamudioko Arroeta Mendi Taldeak eta Txirri Txirrin elkarteek antolatu dute ibilaldia."Lehenengo aldia da ibilbide osoa egingo duguna", zehaztu du Goio Sanz Bizi Txorierriko kideak. Bide berdea egitea nahi dute han, eta egitasmo horren inguruan hainbat irteera antolatu dituzte aurretik ere. Hango ondare naturala eta balio historikoa aprobetxatuz eremua lehengoratu gura dute.

Inguruaz gozatzen duten bitartean, Artxandako tunel zaharrera helduko dira eguerdi partean. Han hamaiketakoa egingo dute denek batera, trikiti doinuek lagunduta."Tunelera Sondika partetik sartuko gara ; ezin da zeharkatu, urez beteta dagoelako, baina zati bat ikusiko dugu". Horretarako, eskuargiak eramatea gomendatzen dute. Ondoren, bueltako bidea hartu, eta, gutxi gorabehera, 13:00 inguruan helduko dira Sondikako La Olako tren geltokira.

Ibilbide osoa

Aspaldi hasi ziren ibilbidea ikertzen. "Bilbo aldeko zatia berreskuratu zuten, baina Txorierriko partea ez zen osorik ezagutzen". Zati batzuk agerian zeudela azaldu du, baina tarte batzuk topatzea kostatu zitzaien. "Juanjo Olaizolak —Burdinbidearen Euskal Museoko zuzendari ohia— antzinako mapa batzuk bidali zizkigun", dio Sanzek. Haiek asko erraztu zieten lana, eta azkenean ere lortu dute trenbide osoa markatzea.

Bide berdea zuten helburu ikertzen hasi zirenean, eta egindako lanak fruituak eman dizkiela ikusi dute. "Proiektua ia eginda dago, baina ez dakigu mamituko den ala ez". Plangintza egiteko Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek eurekin berba egin zutela azaldu du Sanzek: "Azken finean, guk ezagutzen baitugu hobeto lekua". Orain, baina, itxaron egin behar; aurrekontuaren arabera proiektuak aurrera egin dezakeelako edo atzeratu dezaketelako.

1894ko istripua

Aisialdirako eta kirolerako lehengoratu nahi dute aspalditik inolako erabilpenik ez duen eremua. XIX. mende amaieran egin zuten trenbidea. Hain zuzen, 1886an hasi zituzten lanak, eta 1894an jarri zuten martxan Bilbo eta Lezama arteko zerbitzua. Ez zuen, baina, asko iraun; uztailaren 7an, Begoña parean istripu larri bat izan zuen. 13 pertsona hil ziren, eta 18 zauritu. Ezbehar horren ondorioz, trenaren ibilbidea aldatzea erabaki zuten, Artxandako aldapa gorabeheratsuak arriskutsuegiak zirela iritzita.

Garai hartako informazio eta argazki ugari bildu dituzte Bizi Txorierriko kideek web orrian (bizitxorierri.org). Tartean daude, istripuaren berri eman zuten egunkariak. Halaber, iragana bakarrik ez, azken urteotan egindako ekintzak azaldu, eta horien argazkiak ipini dituzte, elkartearen jarduna ezagutarazteko asmoz.

Bide gorria

2009an sortu zuten elkartea, eta, ordutik, Lezamako trenbide zaharraren lehengoratzearen eta Txorierriko bidegorria sortzearen alde dabiltza lanean. Sanzek adierazi duenez, foru aldundiak egina dauka bideogorriaren proiektua. Hala ere, ez dakite egitasmok bide berde moduan aurrera egindo ote duen.

MENDI IRTEERA

Zer. Lezamako trenbide zaharretik ibilaldia, oinez 10kilometro, edo bizikletaz 30 kilometro.

Noiz. Etzi.

Ordua. Bizikletaz joango direnek 09:00etan irtengo dira Lezamako Gurutzeko ermitatik. Oinezkoak, 09:30ean, Derioko tren geltokian.

PRINTZEAK ADISKIDETASUNA EZAGUTU DU

Umeentzako antzerki saioa eskainiko dute bihar Ermua antzokian. 17:00etan Printzea eta ahatea antzezlanaz gozatzeko aukera izango dute hara joaten direnek. Hiru eta sei urte artekoentzat da. Adiskidetasuna zer den ikasiko duen printze bat da protagon...

%10,79

Euskalduna handitzeko obretan aurreztutakoa. Bizkaiko Foru Aldundiak 18,84 milioi euroko aurrekontua zeukan Euskalduna jauregia handitzeko, baina 16,81 gastatu ditu. Hala, %10,79 aurreztu dute.