Emakumeen aurpegiak

6
Argazki erakusketa

Bilbo

BilbaoHistorikok Bilboko emakumeen 1.000 Aurpegiak izeneko erakusketa atondu du bere ExpoGelan. Zazpikaleak, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoetan bizi diren emakumeen askotarikotasuna islatzea eta andreengan berdintasun sentsibilizazioa sortzea da helburua.

Proiektuarekin, oro har, emakumeen egoerari buruz gogoeta eraginarazi nahi da. Horretarako, inguru horietan bizi diren hamaika emakume biltzen dituen argazki erakusketa prestatu du Jorge Lamas argazkilariak (Bilbo, 1971). Guztira, zuri-beltzean egindako hamazortzi erretratuk osatzen dute bilduma. Horietan hainbat adin eta etniako emakumezkoak ageri dira. Hala eta guztiz ere, denek agertoki komuna dute, San Frantzisko kalea eta inguruak; izan ere, auzo horrek “errealitatearen aniztasun soziokulturala islatzen du”.

Andreak bakarka eta taldeka ageri dira irudi horietan. Bakoitzak bere etniari erreparatzen dioten jantziak eta bitxiak ditu soinean. Baina erakusketaren alderdi esanguratsuena da emakume horien begiradak islatzen duen sentimendua. Argazkilariak begiradak erretratatzen ditu.

Jorge Lamas hamaika herrialdetan ibili da argazkilari profesional gisa; besteak beste, Txetxenian, Kurdistanen, Panaman, Kuban, Dominikar Errepublikan eta New Yorken izan da irudiak hartzen. Lan Ekintzako proiektu bati esker, gaur egun Gorte kalean dauka bere estudioa.

Argazkilariaren lanak behin baino gehiagotan izan dira ExpoGelan. Gainera, laster, emakume hauei egindako eta inguruko auzoetan bizi diren pertsonei ateratako argazkiak biltzen dituen liburu bat argitaratuko du Lamasek. Horretan Bilbo Zaharrean, Zazpikaleetan eta Zabalan bizi direnen irudiak jasoko dira zuri-beltzean.

ARGAZKI ERAKUSKETA

Non. BilbaoHistorikoren ExpoGelan, Bilboko San Frantzisko kaleko 32. atarian.

Noiz. Apirilaren 4ra arte egongo da erakusketa ikusgai. Astelehenetik ostiralera: 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

Sarrera. Doakoa da.