Txirrindulari egokituak

TxirrindularitzaMungiaSaiatu Fundazioak, Valentin Uriona Txirrindulari elkartearekin elkarlanean, XVII. Bizkaiko Paracycling Bira antolatu du astebururako Mungian.Nazioarteko txirrindulari egokitu onenak elkartuko dira herria zeharkatzeko. Birak hiru ...

Baselizak antzoki bihurtuko dira

Zornotzako Elizetan jaialdia bihar hasiko da. 14. ekitaldia izango du honako hau. Maiatz osoan, asteburu oro, musika klasiko kontzertuak izango dira herriko landa auzoetako baselizetan. Ganbera musikaren egitaraurik originalena da Zornotzakoa, kontzertuen agertoki bitxiagatik. Gainera, baserri ingurura halako musika gerturatzen duen bakarra da Bizkaian. Doakoak dira, eta gerturatzeko doako autobus zerbitzua jarriko du udalak erdigunetik. Nafarroa zentrotik abiatuko dira, emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago.

Bihar hasiko dira emanaldiak, Boroa auzoan. San Pedro baselizan daukate musika zaleek hitzordua, 20:00etan. Jorge Arribasen eta Diego Galazen Feten Feten proiektua ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Emanaldian entzungai egongo diren doinu gehienak eurek biek konposatu dituzte. Balsak, fandangoak, boleroak, tarantelak, Europa ekialdeko erritmoak eta Gaztelako musika dira kontzertuaren osagai nagusiak.

Bigarren emanaldia datorren astean izango da, zapatuz. 20:00etan hasita Gombau hirukoteak Dudeako San Migel elizari musika jarriko dio. Carlos Benito, Carlos Galan eta Alberto Gorrotxategik, biolina, txeloa eta pianoa joko dituzte, hurrenez hurren. Hirurak nazioarteko taldeetan ibilitakoak dira, eta goi mailako zuzendarien esanetara jo izan dute sarritan. Irakasle lanak ere egin dituzte, besteak beste, AEBetan, Frantzian, Novergian eta Suitzan.

Maiatzaren 19an, berriz, 12:15etan izango da kontzertua, Bernagoitiko San Migel elizan. Luis Delgado, Cesar Carazo eta Jaime Muñozek La caracola de Ulises. Un viaje por la cultura mediterránea emanaldia eskainiko dute. Seykiloseko epitafiotik abiatuta, sefardien tradiziora arteko errepasoa egingo dute.

Maiatzaren 24an, 20:00etan, euskal doinuak izango dira Garaitaondoko San Isidro baselizan. Khantoria hirukoteak Bereterretcheren oinatzak izeneko lana taularatuko du. Bereterretcheren khantoria doinu ezagunaren jatorria ikertuko dute.

Azken emanaldia 26koa izango da. 12:15ean, Etxanoko Andra Mari elizan Bios Kamara orkestra ko Belen Fernandez, Sergio Gomez, Oihana Landa eta Eduardo Oiloki, Ana Uriarte zornotzarraren zuzendaritzapean ariko dira musika barrokoa jotzen.