Sailkatugabeak

Bruselak dio neurri batzuk hartuta Erraldek lor dezakeela luzamendua

Erralde hiltegiaren arduradunek ez dute amore eman nahi, eta ahaleginetan ari dira hiltegiak lanean jarrai dezan, Berrizkoa zabaldu bitartean. Bruselan izan ziren joan den asteko martitzenean, eta, Mikel Ansotegi Erraldeko presidenteak honako hau azaldu du: "Erralderen kasua zehatz-mehatz ezagutzen ez dutenez, zuhurtziaz esan ziguten posible ikusten dutela bi urteko luzamendu hori ematea, betiere badaezpadako neurri batzuk hartuta; hori esateko, kontuan hartu dute Bizkaiko hiltegi bakarra dela Erralde, hiltzen dituen abereen %90 inguru bertokoak direla, okelaren %95 Bizkaira zabaltzen dela, zerbitzu izaera duela, eta proiektu berri bat ere hor dagoela".

Hala ere, gogoratu duenez, esan zieten Eusko Jaurlaritzaren esku dagoela erabaki hori. Beraz, haren hitzetan, datozen asteetan konpondu beharreko lehenengo gauza "Osasun Sailarekin" daukaten arazoa da; hain zuzen, ganadua sakrifikatzeko linea zuzena izatea eskatzen ari dira Europan, eta Erralden U itxura dauka linea horrek. Berrizen instalazio berriak eraikitzeko proiektua Kontuan izanik, luzamendua eskatu diote Europako Batzordeari. Erralden U itxurako linea hori zuzen jartzea ezinezkoa dela deritzo zuzendaritzak, eta horregatik proposatu diote Jaurlaritzari badaezpadako neurri batzuk har ditzaketela.

Urte bukaera arteko epea

Ansotegik azaldu duenez, abenduaren bukaera arteko epea dauka Erraldek arazo hori konpontzeko. Hala ere, beste bide batzuk ere zabalik dituzte proiektua bideragarria izan dadin. Hain zuzen, joan den asteazkenean Bizkaiko hainbat udaletako ordezkariak izan ziren Durangoko hiltegian, hango "egoerari, filosofiari eta proiektuari buruzko informazioa lehen eskutik jasotzeko".

Gainera, Ansotegik adierazi du udal horietako batzuek —"hamar inguruk"— Erralde proiektuan sartzeko asmoa dutela; beste batzuek, asmoa bai, baina pauso hori aurrerago emango dutela azaldu dute. Beste batzuek, berriz, jakinarazi diete informazioa jaso eta euren udaletan aztertu behar dutela .

Aste honetakoak, baina, "lehenengo hartu-emanak" izan direla zehaztu du Mikel Ansotegik. Izan ere, asmoa iragarri dute Bizkaian "eskualdez eskualde, udalerriz udalerri, erronda bat egiteko", azaltzeko zein den Erralderen egoera eta zein zerbitzu ematen dituen.

"Eusko Jaurlaritzarekin eta udalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin hiltegi berria egitea bultzatzea nahi dugu", azaldu du Erraldeko presidenteak. Haren arabera, horregatik bilatzen dute "ahalik eta udal gehienen konpromisoa, eta baita Bizkaiko Foru Aldundiarena ere".

Aldundiari dagokionez, Ansotegik jakinarazi du ez dela berririk egon egin zuten azken bileraren ondotik. Hala ere, datozen asteetan batzar gehiago egiteko asmoa iragarri du. "Udal berriak sartzeko konpromisoarekin eta Aldundiaren konpromisoarekin, denon artean, errazagoa izango da aurrera egitea", esan du.

Esan duenez, Durangon lanean jarraitzeko arazo bakarra Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailagaz duten afera da. Izan ere, uste du bertan behera geratu direla herriko udalagaz izan zitzaketen arazoak.

Berrizen beste hiltegi bat eraikitzeko lanak udaberrian abiatu nahi dituzte Erraldekoek. Proiektu hori "beharrezkoa" dela deritzo Ansotegik: "derrigorrezkoa". Eta, haren aburuz, kontuan hartu behar da "abeltzain eta artzainek ez ezik, kontsumitzaileok ere Erralde beharrezkoa dugula, kalitatezko okela nahi badugu, behintzat".

ELAk ere azaldu du Erralde proiektua ezinbestekoa dela. Hori dela eta, arazoa konpontzeko deia egin die hango zuzendaritzari, gainerako udalei, aldundiari eta Jaurlaritzari. Bestalde, Bizkaiko Bilduk ere aldarrikatu du Erraldek zabalik jarraitu behar duela.

Auzoetako bilera erronda egingo du Bilboko Bilduk

POLITIKA. Auzo Bira izeneko egitasmoa aurkeztu du Bilboko Udaleko Bilduren udal taldeak. "Lau urterik behin praktikan jartzen den ordezkaritza demokraziaren mugak gainditu nahi ditugu honekin", iragarri du Aitziber Ibaibarriaga zinegotziak. Abendutik ...

Mendekotasuna dutenei diru laguntza berriak

GIZARTEA. Foru aldundiak bigarren mailako mendekotasuna dutenek edo %30eko urritasuna autonomia bermatzeko behar dituzten baliabideak eskuratzeko datorren urterako diru laguntzak onartu ditu. Eskaera egiteko aukera datorren urteko azaroaren 15a bitart...

Euskarazko gabon mezuak sarituko dituzte

INTERNET. Bizkaia irratiak eta Azkue fundazioak euskarazko gabon mezuen lehiaketa antolatu dute. Abenduaren 18a baino lehen bidali beharko dira, Twitter bidez (#gabonagurra etiketarekin) edo Facebookeko Gabonetan euskaraz zoriondu daigun taldean. Sariak —Gabonetako otzara, Areatzako spa-ko egonaldia bi lagunentzat eta Samsung Galaxy tableta— San Tomas egunean banatuko dira, Euskaltzaindiaren egoitzan.

Iragana gogoan, historia osatu gura du Gernika Batzordeak

Urteurren borobila dute Gernikan eta, han bezala, 1937an frankisten aginduz bonbardaketak pairatu zituzten beste hainbat herritan. Hainbat eta hainbat herritar hil, eta beste asko zaurituta edo bizi osorako markatuta utzi zituztenetik, 75 urte beteko dira. Euskal Herrian esangura berezia duen beste urteurren bat ere izango da 2012an: 1512an, Gaztelak konkistatu egin zuen Nafarroako erreinua, ordura arte independentea. Datorren urtean, beraz, konkista horren bosgarren mendeurrena beteko da. Gernika Batzordeak, bonbardaketaren batzorde ikertzaileak, ahalegina abiatu du "bi urteurren borobil" horiek eta "Euskal Herriaren ziklo berri hau" lotzeko.

Bide horri ekiteko, batzar baterako deialdia egin dute biharko, 10:00etan, Gernika-Lumoko kultur etxean. Herri erakundeak, ikertzaileak, kultur taldeak, idazleak, bertsolariak, dantzariak eta ekarpenak egiteko prest dagoen edonor dago gonbidatuta.

Urteurren ez elitista

Sabin Ibazeta batzordeko kideak azaldu duenez, urteurren borobil horrek "ez elitista, herrikoia eta parte hartzailea" izan behar du. Biharko batzarrean, datorren urteko ekitaldien oinarri izango diren hiru ardatzak azalduko dizkie Gernika Batzordeak parte hartzaileei.

"Historia, memoria eta transmisioa" da lehenengo ardatza. "Zer izan den Euskal Herria eta zer izan zen Gernika" izango dute hizpide, eta baita "zelan transmititu hori guztia belaunaldi gazteei" ere, Ibazetak azaldu duenez. "Euskal Herrian historian izan diren gertakari garrantzitsuenak" ere gogora ekarriko dituzte —eurei dagokienez, Gernikako bonbardaketa—.

Bigarren ardatza "eskubide zibil eta politikoen aldarrikapena" izango da. "Eskubide batzuk —banakoenak eta kolektiboak— bermatu gabe" daudela deritzo Gernika Batzordeak, "ETAren iragarpenaren ondoren etorkizunera begira bide berri batzuk" zabaldu arren. Hori dela eta, "horiek defendatzeko aldarrikapena" egin gura dute, hala nola "erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena".

Euskal Herriaren etorkizunarekin lotuta dago hirugarren ardatza: "Zelan ikusten dugun, zelan sortu Euskal Herri berri bat", azaldu du Ibazetak. Ardatz hori bi alorretan lantzeko asmoa iragarri du. Batetik, "sistemaren apurketak eraman gaituen krisia eta herri askorentzat etorkizun oso iluna dakarrena". Hala, egoera horri buelta zelan eman aztertuko dute. Bestetik, Gernika Batzordeak badaki eurena ez dela izan bonbardatu duten herri bakarra, eta, horregatik, gogora ekarri nahi dituzte gaur egun oraindik horrelako sarraskiak jasaten ari diren herriak. Batzuen eta besteen arteko "harremanak sendotzeko beste sistema bat" gura dute.

Biharko batzarrera doazenekin "ideia horien inguruan pentsatzen hastea" dute helburu. Urtarrilean, berriz, zehazten hasi gura lukete urteurreneko apirileko ekitaldien egitaraua.

Euskalduna handitzeko lanak martxan onean doaz

Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbaok Euskalduna jauregia eraberritu eta handitzeko obrak ikuskatu ditu asteon. Bilbaoren ustez, lanak "martxa onean" ari dira. Inaugurazioa 2012ko irailerako izatea espero dute, baina apirilean kongresuak egiten ha...

Edateko urak tratatzeko Garaizarko linea berria inauguratu dute

Edateko uren tratamendurako Garaizarko estazioan lohien linea berria inauguratu dute asteon, Iurretan. Estazio horri esker, edateko ura iristen da Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Ermua, Garai, Iurreta, Izurtza, Mallabia, Mañaria eta Zaldibarrera.

Tratamendurako estazioak izan bazuen ur linea bat segundoko 200 litroko ahalmena duena, baina orain arte ez zeukan sistemarik ura edateko moduko bihurtzean sortutako lohiak behar bezala tratatzeko. 2.240.850 euroko inbertsioa egin dute azpiegitura hori eraikitzeko.

Jakinarazi dutenez, sistema berri horri esker, Ibaizabal ibaiak babes handiagoa izango du ingurumenari dagokionez. Izan ere, linea berri horrekin, solidoz osatutako emarien isurketak saihestu egingo dira, kontsumorako urak tratatzeko prozesutik sortutakoak, hain zuzen.

Egindako lanak

Egindako lanei dagokienez, putzu bat egin dute, han biltzeko dekantagailu deritzen instalazioen purgak edo hondakinak. Purga horiek garraiatu egiten dute tratamenduen estazioan sortutako lohi gehiena. Iragazkiak garbitzeko uren putzuaren ondoan dago lurpean sartutako biltegi hori; 200 metro kubo hartzeko ahalmena du bakoitzak .

Hondoan bereizitako lohia bi ponparen bitartez eramaten da dekantagailuen purgaketen putzura. Putzu horrek uren tratamendurako beste estazio batzuetako lohiak ere jasoko ditu.

Purgen putzu horretan bildutako lohi guztia gainazalera joaten da, hormigoi armatuz egindako instalazio batera. Han, lohiak hondoan pilatzen dira, eta biltegi batera eramaten dituzte, deshidratazio lanak egiten dituen eraikinaren azpiko tanpoien biltegira, hain zuzen.

Prentsatu eta lehortutako lohi horiek zabortegiren batera edo Galindoko araztegira eraman, eta han erraustu egingo dituzte. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergotik azaldu dutenez, horrela, aurrerantzean ez dira Ibaizabalera isuriko.

HILTEGIAK ZABALIK JARRAITZEA NAHI DUTE

Ehunka lagunek bat egin zuten joan den domekan, Durangon, Erralde hiltegia ez ixteko manifestazioan. Hain zuzen, bi urteko luzamendua eskatu dute Bizkaian geratzen den hiltegi bakarrarentzat, Berrizko instalazio berriak prest egon bitartean. Ardiek et...