Edateko urak tratatzeko Garaizarko linea berria inauguratu dute

Edateko uren tratamendurako Garaizarko estazioan lohien linea berria inauguratu dute asteon, Iurretan. Estazio horri esker, edateko ura iristen da Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Ermua, Garai, Iurreta, Izurtza, Mallabia, Mañaria eta Zaldibarrera.

Tratamendurako estazioak izan bazuen ur linea bat segundoko 200 litroko ahalmena duena, baina orain arte ez zeukan sistemarik ura edateko moduko bihurtzean sortutako lohiak behar bezala tratatzeko. 2.240.850 euroko inbertsioa egin dute azpiegitura hori eraikitzeko.

Jakinarazi dutenez, sistema berri horri esker, Ibaizabal ibaiak babes handiagoa izango du ingurumenari dagokionez. Izan ere, linea berri horrekin, solidoz osatutako emarien isurketak saihestu egingo dira, kontsumorako urak tratatzeko prozesutik sortutakoak, hain zuzen.

Egindako lanak

Egindako lanei dagokienez, putzu bat egin dute, han biltzeko dekantagailu deritzen instalazioen purgak edo hondakinak. Purga horiek garraiatu egiten dute tratamenduen estazioan sortutako lohi gehiena. Iragazkiak garbitzeko uren putzuaren ondoan dago lurpean sartutako biltegi hori; 200 metro kubo hartzeko ahalmena du bakoitzak .

Hondoan bereizitako lohia bi ponparen bitartez eramaten da dekantagailuen purgaketen putzura. Putzu horrek uren tratamendurako beste estazio batzuetako lohiak ere jasoko ditu.

Purgen putzu horretan bildutako lohi guztia gainazalera joaten da, hormigoi armatuz egindako instalazio batera. Han, lohiak hondoan pilatzen dira, eta biltegi batera eramaten dituzte, deshidratazio lanak egiten dituen eraikinaren azpiko tanpoien biltegira, hain zuzen.

Prentsatu eta lehortutako lohi horiek zabortegiren batera edo Galindoko araztegira eraman, eta han erraustu egingo dituzte. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergotik azaldu dutenez, horrela, aurrerantzean ez dira Ibaizabalera isuriko.