Euskalduna handitzeko lanak martxan onean doaz

Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbaok Euskalduna jauregia eraberritu eta handitzeko obrak ikuskatu ditu asteon. Bilbaoren ustez, lanak "martxa onean" ari dira. Inaugurazioa 2012ko irailerako izatea espero dute, baina apirilean kongresuak egiten hasiko direla adierazi du Euskaldunako zuzendari Jon Ortuzarrek. Bizkaiko Kultura diputatu Josune Ariztondok ere parte hartu du bisitan, Bilbao eta Ortuzarrekin batera.

Emilio Sorianoren arkitektura estudioa da eraberritzea gauzatzen ari dena, eta lan horren bitartez erakusketak egiteko 2.200 metro koadro gehiago izango ditu Euskaldunak. Horrez gain, eraikinera sartzeko oztopo arkitektonikoak kenduko dituzte; mugikortasun zailtasunak dituzten pertsonei erraztuko zaizkie kongresuen gunerako sarbideak, eta eraginkortasun energetikoa hobetuko da, eguzki panelak ezarriz. Obrak Abandoibarra pasealekutik jauregira sartzean zegoen plazan egiten ari dira.

Bilbao, inbertsioaren alde

Jose Luis Bilbaok defendatu du lanak egitearen beharra, krisi garaian egonda ere. "2012ko maiatzaren eta 2015eko maiatzaren artean hamar kongresu handi hitzartuta daude dagoeneko. Horietako bakoitzean mila pertsonak baino gehiagok hartuko du parte, eta 36 milioi euroko diru sarrerak eragingo dituzte, egindako inbertsioaren bikoitza". Lanen aurrekontua hamazortzi milioi eurokoa da, hasieran aurreikusitakoa baino bi milioi gehiago. Bilbaoren ustez, Euskalduna eraberritzeak "jarduera ekonomikoa eta negozio aukerak sortzen ditu".