HILTEGIAK ZABALIK JARRAITZEA NAHI DUTE

Ehunka lagunek bat egin zuten joan den domekan, Durangon, Erralde hiltegia ez ixteko manifestazioan. Hain zuzen, bi urteko luzamendua eskatu dute Bizkaian geratzen den hiltegi bakarrarentzat, Berrizko instalazio berriak prest egon bitartean. Ardiek eta txahalek ere Durangoko kaleak hartu zituzten, abeltzainek gidatuta. Helburua zen agerian uztea Bizkaian hiltegi bat behar dela, horrek kalitatea eta prezio ona bermatzen dituelakoan. Mikel Ansotegi Erraldeko presidentearen esanetan, "ikusi da Bizkaian sektore hori bizirik dagoela; eta sektoreak, berriz, ikusi du Bizkaian badagoela Erralderen premia".