“Egiteko asko geratzen zaigu herritarrak eroso bizitzeko”

Momentuan, herriko panoramika ikusteko balkoirik gabe dago Ziortza-Bolibarko udaletxea, konpontzen ari dira-eta eraikina. Hori dela eta, horri begira egoten da Jose Salvador Azpiazu, alkatea, bere bulegoa dagoen behin-behineko udaletxetik. Izan ere, 2005. urtetik, Markina-Xemeindik banandu zenetik, lehen eskolak zeuden eraikina izan da udaletxearen ordezkoa.

Aldamio artean babesturik dago une honetan herritarren etxea behar lukeenak, herriko plazaren erdian. Aurten, teilatua konpontzen ari dira, baina Foru Aldunditik eratorritako diru laguntzen gabezia dela eta, urte batzuk atzeratuko da lana.

Hala ere, lau edo bost urte barru herriko enparantzari begira lan egiten imajinatzen du bere burua Ziortza-Bolibarko alkateak. "Momentu eskasak dira lan handiak egiteko, eta, horregatik, diru laguntzak eman ahala dihardugu lanean, guri lana hainbat arinen burutzea gustatuko litzaigukeen arren". Konponketen azken zatia tabernakoa izango da, herriko mugimenduari eutsi gura diotelako eta tabernak herriari bizia ematen diolako besteak beste.

Udaletxe berria eraiki bitartean, lehengo eskoletan daude Ziortza-Bolibarko udaleko zerbitzu guztiak. Leku onean eta herrigunetik gertu dago, eta, horregatik, herriko kultur ekintzak sustatzeko gune aproposa izango litzateke. "Oraingo eraikina ahal bezain azkarren hustea interesatzen zaigu, gune hau herriko kultur eragileentzat erabilgarri egon beharko litzatekeelako". Oraingoz, dagoenarekin moldatu behar dira, eta umeentzako ludoteka, gurasoentzako lokala eta gazteentzako lokala udala dagoen eraikin berean daude; baita medikuaren kontsulta ere.

"Gauza askotarako erabili ahal izango litzateke eraikin hau, hutsik egonez gero. Kirola egiteko, kutxa automatikoa jartzeko edota herriari bizitasuna emango liokeen denda txiki bat jartze-ko".

Herritarren erosotasuna

Udaletxea legez, beste hainbat gauza berritu dituzte Ziortza-Bolibarren azken urte hauetan. Alkateak herritarren bizi-kalitatea hobetzea helburu hartuta, bizitzeko ezinbestekoak diren azpiegitura ugari berritu ditu herrigunean bertan, nahiz beste auzoetako bakoitzean.

"Sarritan, garrantzi gutxi ematen diogu egunerokoan behar-beharrezkoak diren kontuei: uraren kalitate ona, argia, ur zikinen sare egoki bat, hara eta ona mugitu ahal izateko errepide egokiak izatea... Guk Bolibarren agintean daramatzagun azken urteak uren sistema, argiarena, ur zikinen sareko hodiak eta errepideak konpontzen eman ditugu. Gauza asko egin ditugun arren, uste dut oraindik egiteko asko geratzen zaigula herriko biztanleak eroso bizi daitezen".

Mugikortasuna

Erosotasuna deritzo Azpiazuk garraio publikoa eskuragarri eta herrian bertan izateari. Hala ere, badira urte batzuk Bizkaibus autobus zerbitzuak Ziortza-Bolibarko herrigunetik igarotzeari utzi zionetik. Orain, taxi-bus zerbitzuarekin konpontzen dira, baina aurrera begira, Bizkaibus zerbitzua berreskuratu gura du Ziortza-Bolibarko udal gobernuak. Horretarako, aurretik egondako ibilbidea berreskuratu edota Markinatik pasatzen diren autobusak herrigunera iristea aukera onak izan litezkeela pentsatzen du Azpiazuk.

Mugikortasuna erraztea garrantzitsua da Ziortza-Bolibar moduko herri batentzat. "Hemengo biztanleak ohituta daude erosketak egin edota haurrak eskolara eraman ahal izateko autoa hartzen. Edozelako zerbitzuetarako Ziortza-Bolibartik kanpora joan behar gara. Gu herria bizirik mantentzeko ahaleginetan ari gara, eta horretarako zerbitzuen eskaintza zabaldu behar dela uste dugu". Eskaintza hori zabaltzera begira, herritarrek herrian bertan erosketak egiteko denda baten beharrizana ikusten dute, baina ideia ona izan arren, errentagarritasuna oso kontuan izan behar dute.

Errentagarritasuna, hain zuzen, zorrotz aztertzen duten kontua da krisi garai hauetan. Diru laguntzak beranduago eta urriago heltzen dira, eta horren ondorioz martxan jarri gabeko proiektuak ere badaude Ziortza-Bolibarren. "Iruzubietatik Bolibarrera bide-gorria egiteko proiektua momentu honetan behin-behinean bertan behera utzita dago. Herritarren bizi-kalitatea hobetzeko aisialdirako gune lasaien beharrizana ikusten dugu, baina gisa honetako proiektuentzat garai txarrak dira hauek".

Etorkizuna kolokan ikusten duen arren, gauza txikiak egiten jarraituko dute. Horren harira, wifi sarea ezarri dute herrigunean, urteko 50 euroko kuotaren truke. Ziburu berriak estreinatu dituzte, aisialdi guneak hobetzeko intentzioarekin.