Bilboko Branka agerkariak diseinu berria izango du

Bilboko Branka komunikazio egitasmoaren webguneak diseinu berria izango du Gabonetatik aurrera. Edukien berrantolaketa egingo dute, zerbitzu eta atal berriak eskaintzeaz gain, baina helburu berberak izango ditu Brankak aurrerantzean ere; “Bilbo mailako gertakarien bozgorailua eta Bilboko aniztasunaren erakusleihoa izatea”, alegia. Aldaketa horien bitartez, egitasmoa hiri mailako informazioa kudeatzen saiatuko da, Bilbon tokian tokiko hedabideak egonda ere, masa hedabideak “nagusitzen” direla uste baitute agerkariko kideek. “Masa komunikabideek argitara ematen ez duten informazioa” lantzen jarraituko du agerkariak, “auzoetan gertatzen den errealitatea” zabaltzeko eta herritarrei “gertuko eta beharrezko informazioa” helarazteko xedearekin. Webgune bat izateari utzi eta komunikabide bihurtuko da Branka, berritasun horiei eta dagoeneko abian jarritakoei esker.

Izan ere, joan den irailean hasi ziren webgunea eraberritzeko saioak, Facebook eta Twitterreko kontuak martxan jarri zituztenean. Teknologia berriak erabiltzea irakurleen kopurua goratzeko bide aproposa izan zitekeela sumatu zuten, hots, agerkariarentzat “aurrerapauso” bat izan zitekeela. “Harreman birtualetara mugatu gabe, horietaz baliatu beharra ikusi dugu”.

Auzoekin lotura indartu

Brankak Bilboko auzoetako eragileekin harreman sakona izan du gaur arte. Bada, eraberritzearen helburu nagusietako bat lotura horiek “estuagoak” izatea da. Horretarako, auzoetako kolektiboen webguneei eta blogei txoko berezia eskainiko die agerkariak. Esteka baten bitartez, blogetara sartzeko aukera emango du Brankak, auzoetan sortzen den informazioa jaso eta webgunearen beraren “iturri” bilakatzeko. Diseinu berriarekin batera multimedia euskarri gehiago aurkezteko konpromisoa hartu dute, “honela informazio kontsumitzeko era ezberdinak eskainiz”. Era berean, Brankako eduki gehienak euskaraz eskaintzen jarraituko dituzte. “Euskarazko produktuak izango dira nagusi, nahiz eta albiste batzuk gazteleraz argitaratuko ditugun”. Herritarren parte hartzea sustatzen jarraituko du agerkariak; webgune berriaren atal gehienetan iruzkinak eta ekarpenak egiteko gunea egongo da.

Diseinu berria edukiak modu argiagoan sailkatzeko baliagarria izango da, egitasmoko kideek adierazi dutenez. Hasierako orrian, Brankaren zerbitzu guztien berri emango da. Gaien banaketa gaur egunera arte webguneak edukitakoa izango da aurrerantzean ere. Goiburuaren eskuinaldean eguraldiari buruzko informazioa agertuko da, Brankak izango duen berritasun nagusietako bat, alegia. Horrekin batera, Branka Telebista martxan jartzea izango da zerbitzu berririk aipagarriena; albiste ugariren inguruko bideoak ikusteko aukera egongo da gune honetan. Auzoen atalean, argazkien gainean klik eginez auzo horren inguruan agertutako albiste guztiek zerrenda ikusgai izango ditu erabiltzaileak. Hortaz aparte, Argazki galeriak, Agenda eta Blogen atala ere ikusi ahal izango dira. Azkenik, Sakonean sailean elkarrizketak, erreportajeak eta iritzi artikuluak izango dira, batik bat, Brankaren erabiltzaileen eskura egongo direnak