Musika eta poesia Markina-Xemeingo memoria historikoa berreskuratzeko

Gerra Zibila, jendea da hila izenburupean, Garaian kultur elkarteak antolatutako musika eta poesia emanaldi bat izango da bihar, 20:30ean, Markina-Xemeingo Karmengo elizan. Emanaldi horretan, Pablo Fernandez Arrieta musikariak egun horretarako propio konposatutako lana estreinatuko dute.

Konpositorearekin batera, Bilboko Udaleko Musika Bandako hiru musikari, Xemeingo abesbatza eta Abarka antzerki taldea ariko dira. 36ko gerra garaian Markina-Xemeinen gertatutakoa oinarri hartuta Patxi Juaristi EHUko irakasleak idatzitako olerkiak ere irakurriko dituzte.

36ko gerra ardatz hartuta, Garaian kultur elkarteak hainbat ekitaldi egin ditu urte osoan. Izen bereko aldizkariaren aurtengo zenbakian ere gerraren gaia landu du; hori ere bihar aurkeztuko dute.