Zierbenako herritarrak farmazia zerbitzurik gabe gera daitezke datorren martxotik aurrera. Izan ere, gaur egun Bilboko Elizbarrutiarena den lokal batean dago herriko farmazia. Gotzaitegiak, baina, alokairu kontratua bukatutzat eman duela jakinarazi di...
Sailkatugabeak
Erabilera adosteko unea
Azkenean ez da luxuzko hotelik ez antzekorik eraikiko. Getxoko Horacio Etxebarrietaren galeriak —Punta Begoñako galeriak modura ezagunagoak— herritarren erabilerarako zaharberrituko ditu udalak. Imanol Landa alkateak iragarri duenez, "lehen mailako baliabide turistikoa" izango dira aurrerantzean. Modu horretan bukatuko da hainbeste urteko auzia.
Galeriak egoera txarrean daude, oso kaltetuta. Zaharberritze lanak hainbeste luzatu izanak kostuak handitu ditu, eta Barcelo kateari ez zaio errentagarri hotela eraikitzea. Hala, kateak utzitako 1,2 milioiak erabiliko dira, besteak beste, konpontze lanak egiteko. Izan ere, 8,6 milioiko bermea ordainduta zeukan. Gehiena berreskuratu egin du, baina aipaturiko kopuru hori galdu egin du. Bizkaiko Foru Aldundiak beste bi milioi jarriko ditu lanok egiteko. Oposizioak alkatea egin du gatazka horren erantzule.
Adibidez, PPko zinegotzi Marisa Arruek salatu du "garesti" atera zaiela egitasmoa getxoztarrei. "Galeriak lehengoratzeko aprobetxatu ahal izan ditugun bost urte galdu ditugu. Horren ondorioz, erortzeko zorian geratu dira", ohartarazi du. Penatu egin da, hala ere, herrian egitekoak ziren proiektu pribatu handiena bertan behera geratu delako.
Dena dela, poztasuna agertu du Bilduk, publiko izaten jarraituko dutelako. Horri lotutako aldarrikapen indartsua egon dela gogoratu du Maitane Nekaran zinegotziak, eta koalizioko hautetsiek hala izan dadin erabakiak gertutik jarraituko dituztela iragarri du. PSE-EEko zinegotzi Luis Almansaren esanetan, Landa alkateak hasieratik jakinarazi behar zien hotelaren jabeei galeriak egoera txarrean zeudela: "Horrek eragin du, batez ere, proiektuaren porrota".
Erantzukizunak erantzukizun, aurten lan txiki batzuk egingo dituztela iragarri du Getxoko Udalak. Argi utzi dute ez dagoela erortzeko arriskurik, baina, zatiren bat edo beste egituratik aska daitekeenez, horrelakorik gertatzea eragotzi nahi dute aurtengo konponketa horiekin. Gerora, zaharberritze sakonagoa egin beharko litzateke, baina ez dago ezer zehatzik finkatuta. "Paper kontu asko egin behar dira zaharberritze zientifikoa egin ahal izateko", ohartarazi du Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak.
Ia ehun urteko historia
Horacio Etxebarrieta getxoztar dirudunak XX. mende hasieran jasotako etxaldeari eusteko eraiki ziren 1918an. Ricardo Bastida arkitektoak zuzendu zituen lanak. Mendixka ez zela hondartzara eroriko ziurtatzea: hori zen horma berezi honen egitekoa. Inguruari ez zitzaion edertasunik kendu nahi izan, eta Etxebarrietak elementu dotorea eraikitzeko eskatu zuen.
Etxebarrietaren ondorengoek etxegintza enpresa bati saldu zioten etxaldea 1973an, etxeak eraikitzeko. Orduan desagertu zen Etxebarriatarren etxea. Galeriek, ordea, gaur egunera arte irautea lortu dute. Bizkaiko Foru Aldundiak, gainera, ondare historiko eta artistiko izendatu zituen.
Udal etxebizitzak alokairuan emateko irizpideak aldatzeko asmoa du Bilbok
Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak etxe sozialak emateko araudia aldatuko du datozen hilabeteetan. Egun, hiriburuan gutxienez bi urte erroldatuta egondakoei ematen die bizitokia, alokairuan; Rikardo Barkala Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen zine...
“Erabilera publikoaren eztabaida piztu behar dugu orain”
Urtean daramatza Gorrondatxe kultur elkarteak Horacio Etxebarrietaren galerietan hotela eraikitzeko proiektua bertan behera uzteko borrokan. Christian Reinicke kidearen esanetan, "oso pozik" hartu dute berria.Azkenean ez da hotelik eraikiko. Hori nahi...
Europan lan egiten ikasteko enpresa bat sortzen ari dira Mungiako hamasei ikasle
Mungia BHI institutuko hamasei ikasle Europako Comenius programan sartuta daude. Helburua da Europako sei herrialdetako ikasle batzuen artean enpresa bat sortzea. Horren atzean, baina, helburu gehiago ere badaudela gogora ekarri du Mungiako institutuan proiektua gidatzen duen Mariano Roman Campos irakasleak. Hain zuzen, ikasle horiek Europan lan egiteko pertsona gisa heztea.
Bide horretan orain arte egindako lanarekin "oso pozik" agertu da Campos. Izan ere, joan den asteko eguaztenetik domekara bitartean Portugalen izan zen ikasleekaz batera. Parte hartzen duten gainerako herrialdeetako ikasleak eta irakasleak ere han izan ziren, eta irakasleari "azpimarratzekoa" iruditu zaio Mungiakoek erakutsitako jarrera. "Ingelesez DBHko maila baino ez badute ere, ondo moldatu ziren, eta herrian bertan giro atsegina sortu zuten", azaldu du. Bidaia horren ostean, Romanek uste du ikasleek ikusi dutela "helduak direla eta gai direla munduan euren kabuz ibiltzeko". Horren haritik, "bizitza proba gainditu dute", ondorioztatu du.
Edari bat eta gozo bat
Mahatsondoetatik eta olibondoetatik eratorritako produktuak ekoitziko ditu Europako sei herrialdetan sortzen ari diren enpresa horrek, "naturaren aberastasunean oinarrituta". Produktuaren ekoizpena Zipreri dagokio. Batetik, zivania deritzon edari alkoholdun bat egingo dute. "Uxualaren antzekoa da", azaldu du. Beste produktua, gozo bat da: "Mahatsez eginda dagoen erregaliz baten antzekoa da, eta barruan intxaurrak ditu".
Mungiako institutuko ikasleen lana produktuaren garapena eta marketina egitea da; eta horretan ari dira 17 eta 40 urte arteko ikasleak —administrazioa, mekanizazioa eta elektrizitatea ikasten ari dira—.
Produktuen aurkezpena datorren apirilean egingo dute. Ekitaldi horretarako, Hungaria aukeratu dute, eta han bat egingo dute bateko eta besteko ikasleek.
Enpresa benetan gauzatuko duten ala ez zalantzan dago oraindik. Mungiako institutukoek sortu egin gura dute; baita Ziprekoek eta Portugalekoek ere. "Aurrera eraman gura dugu enpresa. Ikasleak independente egin nahi ditugu; baina Hungariakoek, Italiakoek eta Poloniakoek maila teorikoan utzi gura dute proiektua. Beraz, guztion artean adostu behar dugu", azaldu du Mungiako irakasleak.
Dena den, Mariano Romanek gogorarazi du antolaketa lanetan baino ez dabiltzala oraingoz. "Galdetegi bat egin genuen institutuetan, ikasleek Europari buruz zenbateko ezagutza zuten ikusteko". Proiektua bukatu ondoren, ezagutza hori areagotu den aztertu gura dute. Enpresa bat sortzeko eman behar diren pausoak ezagutzen ote dituzten ere galdetu diete ikasleei. Aztertu nahi dute ikasleek gai horrekiko duten ezagutzak ere gora egin duen proiektua amaitu ostean.
Datorren urteko ekainean bukatuko dute proiektua, Polonian. Lehenago, hainbat pauso dituzte oraindik emateko. Martxoan, esate baterako, Mungian izango dira herrialde guztietako ordezkariak.
“Aurkitu dugun panorama uste baino beltzagoa izan da”
Iratxe Arriolak (Ea, 1980) Busturialdeko Ur Partzuergoaren egoera ekonomikoa zuzentzea du lehentasun. Dena dela, garrantzia eman dio ur politika "iraunkorrak" eta "herritarren parte hartzea" bideratzeari ere. Joan den urteko urrian hartu zenuen Bustur...
Ermua aldundiarentzat ez dela lehentasunezkoa salatu du hango udalak
Ermuan ez dute onartzen Bizkaiko Foru Aldundiak herria igarotzeko saihesbidea atzeratzeko emandako aitzakia. Hain zuzen, Ermuko udalbatzak onartutako idazkiaren arabera, "saihesbidea egiteko arazoa ez da ekonomikoa, Ermua aldundiarentzat ez dela lehentasunezkoa baizik".
"Krisiarena ez dugu aitzakiatzat onartzen", salatu du Jose Luis Clemente alkateordeak, "krisiak proiektu guztietan izan beharko luke eragina, ez merkeenean — gurea—. Proiektu guztien kostuak 250 milioi eurotik gorakoak dira, eta gurea 150 milioi eurokoa da", esan du. "Eta gurea da ez dutena egingo. Kasualitatea. Gurea da, gainera, esleipen fasean dagoena, osorik idatzita dagoena eta hasieratik bukaeraraino egin daitekeena. Gainerako proiektuak idazteko fasean daude. Beraz, krisiak eragindako erabakia dela dioen aitzakia hankamotz geratzen dela deritzogu".
Joan den urtarrilean iragarri zuen Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak Ermukoaz gain, atzeratu egingo zituztela Ondarroa eta Markina, batetik, eta, Boroa eta Igorre, bestetik, lotuko dituzten errepideak.
30.000 ibilgailu egunean
N-634 errepideak gurutzatzen du Ermua. Egunean 30.000 ibilgailu igarotzen dira handik, Clementek gogorarazi duenez. "Horietatik zenbateko handi bat —6.000 eta 7.000 artean — ibilgailu astunak dira, eta ez dakigu barruan zer daramaten". Horrek guztiak herrian sortzen duen arriskua, zarata eta kutsadura handiak direla azaldu du.
Errealitate hori ikusita, "irtenbide alternatiborik ez duen Bizkaiko herri bakarra gara, ahaldun nagusiak Bizkaiko herritzat baldin badauka Ermua", esan du alkateordeak. Izan ere, Eibartik Ermua gurutzatzeko —kilometro eta erdiko ibilbidea —, sarri 25 minutu behar izaten direla salatu du Clementek: "Izugarria da".
07:30etik 08:30era, eguerdialdeko orduak eta 17:30etik 20:00etara bitartean izan ohi dira, bereziki, ordurik txarrenak herria gurutzatzeko. 08:00etatik 20:00etara bitartean, baina, kamioiak etengabe igarotzen ari direla gogorarazi du alkateordeak. "Kontuan hartu behar da autobideko gure irteeratik edozein industrialdetara joateko herrigunetik igaro behar dela. Ez dago beste aukerarik".
Herritarrak egoera horrekin nekatuta daudela azaldu du Clementek, "zain egoteaz nazkatuta". Saihesbidea "beharrizana da guretzat, ez kapritxo bat". Izan ere, lanak joan den urrian hastekoak zirela ekarri du gogora.
Manifestaziorako deia
Urte luzez egindako eskaerari irtenbidea ematea gura dute ermuarrek. Hori dela eta, manifestaziora deitzea erabaki zuen joan den asteazkenean udalbatzak. Datorren asteko zapaturako, hilaren 18rako, egin dute deialdia. 12:00etan aterako dira herriko plazatik Ermuko saihesbidea eta kitto lemapean. PSE, PP, Bildu eta Ezker Anitzaren aldeko botoekin hartu zuten erabakia. EAJ abstenitu egin zen. Aurrerantzean, erakundeekin berba egiteko eta mobilizazio gehiago egiteko prest daudela azaldu du Clementek. Lanak berehala edo ahalik eta azkarren hastea lortu gura dute.
Segurtasuna indartzeko gauzainak
Antzinako ohiturak bueltatu dira Durangora, eta lehengo gauzainen figura berreskuratu dute herrian. Hain zuzen, iluntzean eta gauean, bereziki, herriko puntu ilunetan segurtasuna indartzeko lanean hasiak dira sei emakume: Durangoko gauzainak.17:00etan...
Lemoiz, orain eta geroan euskaraz bizitzeko borondatea duen herria
"Zergatik hitz egiten dute gaztelaniaz euskaraz dakiten haur eta gazte lemoiztar askok?". Kezka sortzen dion erantzunik gabeko galdera hori behin eta berriz izan du biraka buruan Unai Andraka Lemoizko alkateak. Bada, egoerari buelta emateko asmoz, Lem...
“Zortzi-hamar etxe eraikitzeko ahalegina egingo dugu”
Herriaren kultur birika dakusa Juan Felix Naberan Gautegiz Arteagako alkateak udaletxeko balkoitik, begi kolpe soil batekin herriko plaza, frontoia eta kultur etxea baititu aurrean. Herriaren erdigunean egonda, Gautegiz Arteagak daukan "arazorik handi...