Europan lan egiten ikasteko enpresa bat sortzen ari dira Mungiako hamasei ikasle

Mungia BHI institutuko hamasei ikasle Europako Comenius programan sartuta daude. Helburua da Europako sei herrialdetako ikasle batzuen artean enpresa bat sortzea. Horren atzean, baina, helburu gehiago ere badaudela gogora ekarri du Mungiako institutuan proiektua gidatzen duen Mariano Roman Campos irakasleak. Hain zuzen, ikasle horiek Europan lan egiteko pertsona gisa heztea.

Bide horretan orain arte egindako lanarekin “oso pozik” agertu da Campos. Izan ere, joan den asteko eguaztenetik domekara bitartean Portugalen izan zen ikasleekaz batera. Parte hartzen duten gainerako herrialdeetako ikasleak eta irakasleak ere han izan ziren, eta irakasleari “azpimarratzekoa” iruditu zaio Mungiakoek erakutsitako jarrera. “Ingelesez DBHko maila baino ez badute ere, ondo moldatu ziren, eta herrian bertan giro atsegina sortu zuten”, azaldu du. Bidaia horren ostean, Romanek uste du ikasleek ikusi dutela “helduak direla eta gai direla munduan euren kabuz ibiltzeko”. Horren haritik, “bizitza proba gainditu dute”, ondorioztatu du.

Edari bat eta gozo bat

Mahatsondoetatik eta olibondoetatik eratorritako produktuak ekoitziko ditu Europako sei herrialdetan sortzen ari diren enpresa horrek, “naturaren aberastasunean oinarrituta”. Produktuaren ekoizpena Zipreri dagokio. Batetik, zivania deritzon edari alkoholdun bat egingo dute. “Uxualaren antzekoa da”, azaldu du. Beste produktua, gozo bat da: “Mahatsez eginda dagoen erregaliz baten antzekoa da, eta barruan intxaurrak ditu”.

Mungiako institutuko ikasleen lana produktuaren garapena eta marketina egitea da; eta horretan ari dira 17 eta 40 urte arteko ikasleak —administrazioa, mekanizazioa eta elektrizitatea ikasten ari dira—.

Produktuen aurkezpena datorren apirilean egingo dute. Ekitaldi horretarako, Hungaria aukeratu dute, eta han bat egingo dute bateko eta besteko ikasleek.

Enpresa benetan gauzatuko duten ala ez zalantzan dago oraindik. Mungiako institutukoek sortu egin gura dute; baita Ziprekoek eta Portugalekoek ere. “Aurrera eraman gura dugu enpresa. Ikasleak independente egin nahi ditugu; baina Hungariakoek, Italiakoek eta Poloniakoek maila teorikoan utzi gura dute proiektua. Beraz, guztion artean adostu behar dugu”, azaldu du Mungiako irakasleak.

Dena den, Mariano Romanek gogorarazi du antolaketa lanetan baino ez dabiltzala oraingoz. “Galdetegi bat egin genuen institutuetan, ikasleek Europari buruz zenbateko ezagutza zuten ikusteko”. Proiektua bukatu ondoren, ezagutza hori areagotu den aztertu gura dute. Enpresa bat sortzeko eman behar diren pausoak ezagutzen ote dituzten ere galdetu diete ikasleei. Aztertu nahi dute ikasleek gai horrekiko duten ezagutzak ere gora egin duen proiektua amaitu ostean.

Datorren urteko ekainean bukatuko dute proiektua, Polonian. Lehenago, hainbat pauso dituzte oraindik emateko. Martxoan, esate baterako, Mungian izango dira herrialde guztietako ordezkariak.