“Aurkitu dugun panorama uste baino beltzagoa izan da”

Iratxe Arriolak (Ea, 1980) Busturialdeko Ur Partzuergoaren egoera ekonomikoa zuzentzea du lehentasun. Dena dela, garrantzia eman dio ur politika “iraunkorrak” eta “herritarren parte hartzea” bideratzeari ere.

Joan den urteko urrian hartu zenuen Busturialdeko Ur Partzuergoa zuzentzeko ardura. Zer irizten diozu hilabeteotan egindako lanari?

Bagenekien partzuergoaren egoera ekonomikoa ez zela erraza, eta kudeaketa aldetik ere erronka asko geneuzkala, baina aurkitu dugun panorama uste baino beltzagoa izan da. Ondorioz, lan handia egin behar izan dugu, oraingoz ahalegin horrek fruitu lar eman ez duen arren.

Egoera ekonomikoari irtenbide bat bilatzen gastatu ditugu energia guztiak, eta horregatik ez dugu aukerarik izan zentzuzko ur kontsumo bat lortzearekin lotura duten arloak jorratzeko: atzeratu egin behar izan dugu uraren kudeaketa oso bat martxan jartzea, baita ingurumenarekin askoz begirune handiagoa duen politika bat ere. Ez dugu eduki aukerarik pentsatuta geneuzkan gauza guztiak egiteko, oraindik ere arlo ekonomikoa bideratu nahian gabiltzalako.

Beraz, egoera ekonomikoa zuzentzea da partzuergoak gaur egun duen erronka nagusia, ezta?

Lehenik eta behin, bai. Gero, beste erronka batzuk ere badauzka; besteak beste, uraren kultura oso bat bideratzea, zentzuzko kontsumoa sustatzea eta ur galerak kontrolatzea. Horietara iritsi ahal izateko, aurretik beste pauso bat eman behar dugu, eta horretan uste baino denbora gehiago joan zaigu.

Zergatik ez da oraindik bukatu ur zikinen sarea osatzeko plana?

Gernika-Bermeo kolektore nagusian, eremu bat eginda dago, baina Gernikatik Busturiara doan tartea bukatzea falta da, eta ez dago hori egiteko aurrekonturik, nahiz eta badagoen hitzezko akordio bat Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren Ur Agentziaren artean. Dena den, nik ez dut akordio hori idatzita ikusi, eta ez dakit zeintzuk diren haren baldintzak.

Kolektorea bukatzeko, 30 milioi euro gehiago beharko lirateke. Orain arte, 35 milioi euro inbertitu ditu Jaurlaritzaren ur agentziak. Aldundiak, 92 milioi gastatu ditu Gernika-Lumo eta Bermeoko saneamendua egiteko, eta Espainiako Gobernuak, berriz, 100 milioi erabili ditu Bermeoko araztegia egiteko. Gernika-Lumo eta Busturiako tartea bukatu ezean, azpiegiturak berak ez dauka zentzurik: Gernika-Lumok, esaterako, ez dauka loturarik Bermeoko araztegiarekin.

Ondorioz, aurreikuspen faltak eragin du saneamendu plana bukatuta ez egotea. Beharbada, aztertu beharko da azpiegitura hori beharren arabera eginda dagoen, edo zer irizpidetan oinarriturik erabaki zuten horrelako azpiegitura bat egitea.

Ur zikinen sarea bukatuta ez egoteak zer ondorio dakarzkio Urdaibaiko erreserbari?

Gaur egun, hondakinak isurtzen dira, esate baterako, Bermeoko portuan. Horrek kutsadura sortzen du, eta argi dago ur zikinak eta hondakinak ezin direla modu horretan kudeatu.

Egia da Bermeoko araztegia urte amaierarako bukatuta egongo dela, baina horrek ez du arazoa konponduko, herri guztiak horra konektatuta egon beharko liratekeelako; eta, oraingoz, ez daude. Ez daude, eta ezinezkoa izango da araztegia bukatzen dutenerako lotura egina egotea.

Aurreko zuzendaritzaren kudeaketari gardentasun falta egotzi izan dio Busturialdeko Bilduk. Zein jarrerak edo ekintzak islatzen dute gardentasun falta hori?

Orain arte, informazioa gutxi batzuen eskura eta esparru batera mugatuta egon da. Batzarrak ere itxiak ziren. Gure ustez, herritarrek eskubidea dute jakiteko kudeaketa nola egiten ari den, zein arazo dauden eta zein konponbide jartzen diren mahaiaren gainean. Euren iritzia eman dezaten nahi dugu.

Orain, Batzar Orokorrak irekiak dira, baina oraindik pauso asko eman behar ditugu: webgunea parte hartzeari zabaltzea, eta herritarren informazioa jasotzeko gune batzuk jartzea, esaterako. Gure asmoa da bide hori jorratzea. Herritarrek parte hartzeko aukera izan behar dute, baita politiketan eragitekoa ere.

Azken batzar orokorraren ostean, iragarri zenuten asmoa duzuela kontu ikuskaritza egiteko. Zerk bultzatu zaituzte egitasmo hori proposatzera?

Ez ditugu datu guztiak ulertzen. Badakigu zein den gaur egun daukagun egoera ekonomikoa, baina ez daukagu oso argi zergatik heldu garen egoera horretara. Berez, ikuskaritza ez da ohiko moldean egingo. Diagnostiko bat izango da, hona zelan heldu garen zehazteko, eta hurrengo bost urteetarako bideragarritasun plan bat egiteko. Ez da erantzuleak bilatzeko neurri bat bakarrik; aurrera egiteko bideak zehaztu nahi ditugu, partzuergoak kontrol neurriak har ditzan aurrera jarraitu ahal izateko.

Hartzekodunei ordaintzeko, mailegu bat eskatu du partzuergoak. Zenbat da mailegu hori?

860.000 euro. Ez da nahikoa. Datorren asterako argituko da zer gertatuko den zordunekin eta gure tarifekin.

Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak Busturialdekoak baino askoz diru gehiago jasotzen du Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrekontuetatik. Zeri egozten diozu hori?

Biztanle kopuruaren argudioa erabiltzen du Aldundiak [Bizkaiko udalen %80 Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoan daude]. Kontuan hartu behar da Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak hartzen duen ura Zadorrako urtegitik datorrela, hodi handi baten bidez. Azken batean, ez da batere zaila eredu horren kudeaketa aurrera eramatea. Busturialdean, berriz, ura gutxika hartzen da; hainbat biltegi eta horniketa gune daude. Guk erabiltzen dugun ura eskualdekoa da, hori delako eredurik jasangarriena.

Lekuan lekuko ur politiken ereduak eskatzen du 250 kilometro hodi izatea. Askoz konplexuagoa da, eta garestiagoa, baina aurre egin behar diogu diru laguntzen alde horri. Izan ere, Urdaibai biosferaren erreserba da, eta lekuan lekuko baliabideak erabiltzea da jasangarriena.

Zergatik Bermeo ez da partzuergoko kide?

Baliteke gustura ez egotea garai hartan zegoen kudeaketa ereduarekin, eta horregatik erabaki izana kanpoan geratzea.

Orain, zuzendaritza berriarekin, Bermeo partzuergoan sartzea espero al da?

Sartuko den edo ez, datozen asteetan argitu daitekeela uste dut. Haiek erabakiko dute guk hartutako bideari jarraitu nahi dioten. Guk ez daramagu denbora lar zuzendaritzan, eta ez dakit eman diegun aukerarik ikusteko zein den gure apustua.