Erabilera adosteko unea

Azkenean ez da luxuzko hotelik ez antzekorik eraikiko. Getxoko Horacio Etxebarrietaren galeriak —Punta Begoñako galeriak modura ezagunagoak— herritarren erabilerarako zaharberrituko ditu udalak. Imanol Landa alkateak iragarri duenez, “lehen mailako baliabide turistikoa” izango dira aurrerantzean. Modu horretan bukatuko da hainbeste urteko auzia.

Galeriak egoera txarrean daude, oso kaltetuta. Zaharberritze lanak hainbeste luzatu izanak kostuak handitu ditu, eta Barcelo kateari ez zaio errentagarri hotela eraikitzea. Hala, kateak utzitako 1,2 milioiak erabiliko dira, besteak beste, konpontze lanak egiteko. Izan ere, 8,6 milioiko bermea ordainduta zeukan. Gehiena berreskuratu egin du, baina aipaturiko kopuru hori galdu egin du. Bizkaiko Foru Aldundiak beste bi milioi jarriko ditu lanok egiteko. Oposizioak alkatea egin du gatazka horren erantzule.

Adibidez, PPko zinegotzi Marisa Arruek salatu du “garesti” atera zaiela egitasmoa getxoztarrei. “Galeriak lehengoratzeko aprobetxatu ahal izan ditugun bost urte galdu ditugu. Horren ondorioz, erortzeko zorian geratu dira”, ohartarazi du. Penatu egin da, hala ere, herrian egitekoak ziren proiektu pribatu handiena bertan behera geratu delako.

Dena dela, poztasuna agertu du Bilduk, publiko izaten jarraituko dutelako. Horri lotutako aldarrikapen indartsua egon dela gogoratu du Maitane Nekaran zinegotziak, eta koalizioko hautetsiek hala izan dadin erabakiak gertutik jarraituko dituztela iragarri du. PSE-EEko zinegotzi Luis Almansaren esanetan, Landa alkateak hasieratik jakinarazi behar zien hotelaren jabeei galeriak egoera txarrean zeudela: “Horrek eragin du, batez ere, proiektuaren porrota”.

Erantzukizunak erantzukizun, aurten lan txiki batzuk egingo dituztela iragarri du Getxoko Udalak. Argi utzi dute ez dagoela erortzeko arriskurik, baina, zatiren bat edo beste egituratik aska daitekeenez, horrelakorik gertatzea eragotzi nahi dute aurtengo konponketa horiekin. Gerora, zaharberritze sakonagoa egin beharko litzateke, baina ez dago ezer zehatzik finkatuta. “Paper kontu asko egin behar dira zaharberritze zientifikoa egin ahal izateko”, ohartarazi du Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak.

Ia ehun urteko historia

Horacio Etxebarrieta getxoztar dirudunak XX. mende hasieran jasotako etxaldeari eusteko eraiki ziren 1918an. Ricardo Bastida arkitektoak zuzendu zituen lanak. Mendixka ez zela hondartzara eroriko ziurtatzea: hori zen horma berezi honen egitekoa. Inguruari ez zitzaion edertasunik kendu nahi izan, eta Etxebarrietak elementu dotorea eraikitzeko eskatu zuen.

Etxebarrietaren ondorengoek etxegintza enpresa bati saldu zioten etxaldea 1973an, etxeak eraikitzeko. Orduan desagertu zen Etxebarriatarren etxea. Galeriek, ordea, gaur egunera arte irautea lortu dute. Bizkaiko Foru Aldundiak, gainera, ondare historiko eta artistiko izendatu zituen.