Segurtasuna indartzeko gauzainak

Antzinako ohiturak bueltatu dira Durangora, eta lehengo gauzainen figura berreskuratu dute herrian. Hain zuzen, iluntzean eta gauean, bereziki, herriko puntu ilunetan segurtasuna indartzeko lanean hasiak dira sei emakume: Durangoko gauzainak.

17:00etan hasi, eta 00:00etara bitartean ariko dira gauzain gisa herriko kaleetan. Udalak jarri ditu zeregin horretan, PSE-EEko udal taldearen proposamena onartu ostean. Ordutegi horrek neguko egunetako eguzki ordu urriak ditu oinarri, eta baliteke aurrerago ordutegia aldatzea, “izan ere, udan gaztetxoak eskola partikularretatik ateratzen direnean, esaterako, egun-argia izaten da”, azaldu du Idoia Agorria PSEren prentsa arduradunak. Hori, dena den, aztertzeke dute.

Durangoko kaleetako segurtasuna indartzea dute helburu, baina, bereziki, Hiri Debekatuaren Mapan jasotako eremu edo gune beltzak zaintzea izango da euren betebehar nagusia. Berdintasun batzordeak marraztu zituen eremu horiek emakume boluntarioen laguntzarekin. Leku horiek, besteak beste, tunelak dauden inguruak direla jakinarazi du PSEko prentsa arduradunak, “herrigunetik urruti dauden eremuak dira horietako batzuk, argi gutxi duten lekuak, eta jende gutxi ibiltzen da toki horietan”. Hain zuzen, hiru eremutan banatu dute herria, sei emakumeek bikoteka zain dezaten.

Emakume horiei udal ordenantzei buruzko ikastaroak eman dizkiete: “Garbiketa, zaborrak botatzeko ordutegiak, zaborrak zelan bota, txakurrak, txakurren kakak…”, azaldu du Agorriak. “Azken batean, Durangon gaur egun indarrean dauden ordenantzen berri eman diete”.

Informatzeko lana

Berdintasunaren eta tratu txarren alorrak ere landu dituztela jakinarazi dute, “protokoloren bat ezarri beharko balute” zelan egin jakiteko. Dena den, “eurak argi daukate euren lana informatzea baino ez dela”, zehaztu du PSEren prentsa arduradunak. “Guztiaren gainetik zuhurrak izan behar dute, eta gorabeheraren bat ikusten dutenean Udaltzaingoari abisua eman behar diote. Zaintzea eta ikusitakoaren berri ematea da euren lana. Jarduteko lana udaltzainena da. Kasu batzuetan emakumeek eurek ere lagun dezakete, esaterako, galduta dagoen adineko bat aurkitzen badute. Euren segurtasuna arriskuan jar dezaketen gorabeheretan, baina, ez dute esku hartu behar”, zehaztu du Agorriak.

Hiri Debekatuaren Maparen bigarren berrikuspena egin ostean konturatu ziren emakumeentzat, bereziki, seguruak ez ziren eremu edo gune beltzak zeudela, PSEren prentsa arduradunaren esanetan. “Herritarrak, oro har, seguruago senti daitezen” egin zuten gauzainen proposamena.

Otsailaren 1ean hasi ziren prestakuntza jasotzen, eta joan den martitzenean ekin zioten lanari, Agorriak zehaztu duenez. Langabezian denbora luzean egondako sei emakume durangar dira zaindariak. Horietako lauk 46 eta 52 urte artean dituzte, eta gainerako biek, 30 urte baino gutxiago. Hiruk, gainera, diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen zuten. Programa horren helburua da “langabezian zeuden sei emakumeri lana ematea eta herrian segurtasuna indartzea”.