Iritzia

BASERRITARRAK, SOROSPEN ESKE

Esnea ekoizten duten baserritarrak oso kezkatuta daude sektorearen egoeragatik. Kezka horren adierazgarri, ehunka baserritarrek manifestazioa egin zuten gaur zortzi Bilbon. SOS Baserriak eta Esnea gure jornala da zioten haien pankartek, eta lelo horie...

Marx, Atxaga eta erdi

Metafora on bat, esaldi poetikoren bat edo beste eta aipu pare bat. Holaxe". Hori bota zidan, eta lasai asko lotu zen. Kontua da uste dudala ez nuela kuadrillako lagunik aproposena aukeratu zutabeotan kolaboratzen hasiko nintzela-eta aholkuak eskatzeko. Eta nik esan nion, hitzak tentu handiz aukeratuz, bere zientzia-gizon arima laukia ez mintzearren, dena ez dela zientzia, ez duela denak formula matematiko perfektu bat, alfabeto greziarreko letrak enegarrenera eramanda. Hau dela, zelan esan… artistikoagoa. Sorkuntza askea! Kreatibitatea! Gauzei bi buelta gehiago eman eta espero ez zenuen beste errealitate bat topatzea, egunkarian agertzeko, kolore pixka bat ematearren honi, horrenbeste albiste grisen artean —hauek bai eskema lauki eta matematikoa, bide batez?—. Irri egin zuen lagunak (pikaro samar, orain badakit), eta, "tira, ba…", xuxurlatu zuen. Kokin, hau ere.

Aste pare bat joan da ordutik eta, bitartean, lagun gehiagorekin hitz egin dut zutabeoi buruz, baina, putamadre! eta horrelako hitz beroez aparte, inor gutxik eman dit aholku onik. Aipatu behar dut, argi gera bedi, urte bat daramadala kazetaritzatik kanpo, unibertsitatera itzuli nintzenetik, eta erdi herdoilduta sentitzen dudala jaiotzez dudan blagarako erraztasuna, Atxagak esango lukeen moduan (1). Horregatik duda existentzial hauek guztiak.

Eta horrela, amildegiaren hegian balantzaka bezala, zorigaiztoko haize boladarik etor ez dadin otoitzean —agnostikoen badaezpadako fedearekin, Atxagak esango lukeen moduan (2)—, orrialde zuriaren aurrean bertigoa sentitu dut. Nondik hartu zutabea? Ona behar du, magnetikoa; hasierak ona behar du izan, irakurleak bere baitari "ño, tipo hau ona donk!" esan diezaion. Eta amaren hitz jakintsuak datozkit burura: "Ez duzu artikulu guztiekin Pullitzerra irabaziko; izar guztiak ere ez dira Iparrizar". Baina beldurrak ezin uxatu: eta ideien baratzea ihartzen zaidanean, zer? Esoporen alegiako inurriaren jarrera neure eginda, agorreri garaiei aurrea hartuko diet, eta estreinaldian orrialde zuri ikaragarriari buruz egingo dut berba, "Barkatu neure burua ez aurkeztea" (1) edo "Gazte samar jaio nintzen" (2) usatuegiez aparte —Grouchok esango lukeen moduan—.

Eta lerroak amaitzen zaizkidala, orain arte idatzitakoa irakurri eta, egindakoaz (erdi) harro, alboan dudan garagardoari azken zurrutada emanda, (erdi) pozik nago: metafora onen bat, esaldi poetiko pare bat eta aipu batzuk. Holaxe. Baina itxaron… hau guztia ezaguna zait.

Hau da hau gure Bilbau

Egunak joan egunak etorri, Euskaltzaindiak Bilboko Plaza Barrian duen egoitza ondo txukuna eta egokia dela errepikatzen da, baina hurbil zaitez hara, eta zerorrek egiaztatuko duzu une oro zer-nolako zarata, zalaparta eta desoreka jaso behar izaten dit...

691

MercaBilbaon egoera txarrean atzemandako tonak, iaz. MercaBilbaon 2011n 691 tona elikagai atzeman zituzten kontsumorako egoera ezegokian. Barazki, fruta, arrain eta itsaskien kalitatea bermatzeko, urte osoan 536 ikuskatze egin ziren.

4

Aldundiak iaz euskara sustatzeko emandakoa, milioitan. Bizkaiko Foru Aldundiak iaz 4 milioi euro eman zituen euskara sustatzeko diru laguntzetan. Ia bi miloi, udalek eta mankomunitateek jaso zituzten, normalizazio planak finantzatzeko.

Afektua eta zentzua

Ikusi baino ez dago zenbat gauza ikasten duen haur batek bere lehenengo urtean. Ata!, Ama! deitzen; alde batetik bestera joaten lau oinean, zirrindolaka edo oinez; helburu baten atzetik abiatzen atzamarraz ha! esanez; helburu horren peskizan norbaiti jausitako gaileta-apurra ikertzen, esploratzailerik onena lez; eskuaz pa botatzen eta agur-agur egiten; atsegin duena eskatzen garrasi eginez; ondoeza agertzen unean bertan bizia galtzera joango balitz lez…

Baina taupa-taupa fidagarri bat hurrean duenean adiskidetuko da haurra munduarekin. Kontuz baina sendo oratuz jaten ematen dionaren ahotsari eta usainari erreparatu ahala joango da osatzen gustuko gauzen karpeta imajinarioa ere; berdin dio janak zer elikatuko duen, urdaila, arima, bihotza, garuna edo denetik apur bat. Digestio-orean samurturiko oroitzapen eta ametsen arabera mugituko da jolastera edo eskatzera, hizkuntzaren hazitokia harreman-joko bat belako, egunekoaz iragana josi eta etorkizuna eratzeko sare bat.

Eta azken egunotako datuek hala ziurtatu dute: euskararen hazitokia murriztuz doa haurrak koskortu ahala eta ondoko hizkuntzen joko-sareekin alderatuta.

Ez naiz soziologoa, ez aztia, ez karta-botatzailea ere. Beraz, ez dakit zer egin behar beharko litzatekeen jendeak euskara gehiago erabil dezan. Baina susmoa daukat bi motorrek mugiarazten gaituztela gauzak ikastera, eta baita erabiltzera ere, hizkuntza bat erabiltzea ikasten jarraitzea delako neurri batean. Nahiak eta beharrak lirateke bi motor horiek, nahiz eta nik nahiago dudan beste modu batera izendatu: afektua eta zentzua.

Gauza asko sortu dugu azken berrogei urteotan euskararen baratzean; corpus sendo eta zabal bat, non haziak erein, landatu, jorratu, txertatu... Esango nuke, zentzua gidari hartuta ibili garela lanean (guztiaren beharrean geundelako), baina afektua atzean utzi gabe (etxeko hizkuntzan hazten ere jarraitu nahi genuelako, zer esanik ez).

Jakin berri dugunez, euskararen baratze zabal horretan erabilpenak kieto jarraitu arren, dakitenen kopuruak gorantz egin omen du, beraz, ez gara ibili hain txarto ere.

Dena den, dagoenari abonua bota guran, agian afektuen hazitokiei begiratu behar genieke orain; beti ere zentzua gertu dugula, jakina.

Ni neu gustuko gauzen irudimenezko karpeta partikularrera itzuli naiz berriro, kontrasteen jokoan murgildu ahala gauza ezatseginen izaera iraultzeko-edo; eta ohartu naiz bene-benetako afektuen hazitegiek hiruzpalau ezaugarri baino ez dituztela behar: berotasun hurbila, murmurio sotila eta esploratzeko gune iraunkor bat.

Sinplea dirudien arren, oinarrietara bueltatzeko sasoia dela otu zait.

%5

Rothenbergek beharginei soldata jaitsi gura diena. Abadiñoko Rothenberg enpresak %5 jaitsi gura die soldata beharginei, eta urtean 105 ordu gehiago behar egitea proposatu die. Beharginek ez dute onartu.

“BERE UDAL GORENTASUNARENTZAT”

Bilboko Konpartsek Iñaki Azkuna alkatea "bere udal gorentasun" izendatzea erabaki dute, eta munduko alkaterik onenaren saria merezi duela iruditzen zaie. Horregatik, urrezko zaldizko estatua eraiki nahi diote, udaletxe ondoko plazan. Ironiaz betetako mezu horrekin, bihar Konpartsero Eguna ospatzeko deia egin dute. 12:00etan umeentzako tailerrak, txistorra eta piper banaketa eta pintxo lehiaketaren hasiera izango dira, 14:30ean herri bazkaria, eta 17:00etan, erromeria.

4

Sondikako Udalak duen geldikina, milioi eurotan. Sondikako Udalaren kutxan 4 milioi euro gelditzen dira. PPk proposamen hau egin dio EAJk gidatzen duen udalari: diru horrekin teknologia parke txiki bat eraikitzea, langabezia gutxitzeko.

Alternatibak

Heldu da espainiar kontserbadoreen (ze ohitura gorrotagarria popularrak deitzearena eskuindarrei!) azken aizkorakada eta kolpeak kaltetu asko utzi ditu. Sindikatuek kalera ateratzeko deia egin digute, eta PPren gobernuak dagoeneko iragarri ditu mozket...