Alternatibak

Heldu da espainiar kontserbadoreen (ze ohitura gorrotagarria popularrak deitzearena eskuindarrei!) azken aizkorakada eta kolpeak kaltetu asko utzi ditu. Sindikatuek kalera ateratzeko deia egin digute, eta PPren gobernuak dagoeneko iragarri ditu mozketa gehiago uda amaierarako. Euskal Herrian erantzuna beste lurralde batzuetan baino sendoagoa izango da, baina atzeraka goazelako sentsazioa sumatzen da airean. Duela egun batzuk sarean irakurri dudan bezala, gurpil zorotik atera ezinik gabiltza, erantzun koiuntural eta sektorial sendoak emateko gauza garen arren, bistan da oraingoan beste zer edo zer behar dugula. Ekoizteko, kontsumitzeko, harremantzeko eta aisialdiaz gozatzeko moduak eurak kolokan daude, bizimodua bera ari zaigu zailtzen urtetik urtera. Askok krisi sistemiko kontzeptua darabilte. Kontzeptuak kontzeptu, gero eta zabalduago dago ondorengo ideia hau: erasoei aurre egiteaz gain, geure bizitzeko modua aldatu behar dugu.

Planteamendu horrek alternatibak eraikitzera behartzen gaitu. Gurean ziklo armatua lar luzatu izanak energia asko xurgatu ditu urte luzez. Bizi-baldintzak aldatuko zizkigun esparruaren zain belarrietaraino hipotekatu ginen, saltoki handietan erosteko ohitura hartu genuen, etxeak mila tresnekin bete zitzaizkigun. Badakit zaila dela horri guztiari izkin egitea, korronte orokorra dela mundu osoan, baina, orain bai, hasi gara eguneroko bizitzako ekintzen bitartez etorkizunerako bidezidorrak asmatzen: kontsumo taldeak, auzolan proiektuak, aurrezkiak gordetzeko proposamen berriak, eta abar. Gauza txikiak badira ere, ezin dugu ahaztu alternatiba berriaren eraikuntzak luze joko duela. Feudalismotik kapitalismora pasatzeko, adibidez, mende batzuk, hamaika eraldaketa eta hainbat borroka latz pasatu behar izan ziren. Gure bizi-denbora beteko duen oraingo trantsizio hau ez da errazagoa izango, ezta hurrik eman.

Baten batek esango du, “horrek tiritak baino ez dira, ebakuntza behar dugu!”. Ziurrenik, horrela da, baina zirujau bata jantzi aurretik indarrak bildu beharko dira. Miren Etxezarreta ekonomista eta ekintzaile beteranoak duela hil batzuk zioen bezala, “ez bagara gauza geure auzoko udaltegiko ordutegia luzatzeko, zelan sartuko gara borroka erraldoi batean? Konfiantza hartuz joan behar dugu, helburu egingarriak zehaztuz eta bataila txikiak irabaziz”. Eta betiere, barrurantz hazten, geure mundua saretzen. Aurtengo Topaketa feministetan Amaia Perez Orozkoren bideo interesgarri bat eman zuten. Kapitalismoaren definizio biribila oso modu goxoan botatzeaz gain, ideia interesgarri bat iradokitzen zuen: aska ditzagun geure denbora, energia eta sosak kapitalaren logikatik. Zelan egiten den hori bakoitzak ikusiko du. Denborari dagokionez, pribilegiatuok lanaldi murriztuak, eszedentziak eta urte sabatikoak erabili ahal ditugu. Beste kasu batzuetan irtenbidea proeiktu alternatiboak eurak bizibide bihurtzea izan ahal da eta horretarako ez da ezinbestean Nafarroako mendialdera joan behar. Eta, oro har, gutxiagorekin bizitzen, horretan datza-eta desazkundea.