Marx, Atxaga eta erdi

Metafora on bat, esaldi poetikoren bat edo beste eta aipu pare bat. Holaxe”. Hori bota zidan, eta lasai asko lotu zen. Kontua da uste dudala ez nuela kuadrillako lagunik aproposena aukeratu zutabeotan kolaboratzen hasiko nintzela-eta aholkuak eskatzeko. Eta nik esan nion, hitzak tentu handiz aukeratuz, bere zientzia-gizon arima laukia ez mintzearren, dena ez dela zientzia, ez duela denak formula matematiko perfektu bat, alfabeto greziarreko letrak enegarrenera eramanda. Hau dela, zelan esan… artistikoagoa. Sorkuntza askea! Kreatibitatea! Gauzei bi buelta gehiago eman eta espero ez zenuen beste errealitate bat topatzea, egunkarian agertzeko, kolore pixka bat ematearren honi, horrenbeste albiste grisen artean —hauek bai eskema lauki eta matematikoa, bide batez?—. Irri egin zuen lagunak (pikaro samar, orain badakit), eta, “tira, ba…”, xuxurlatu zuen. Kokin, hau ere.

Aste pare bat joan da ordutik eta, bitartean, lagun gehiagorekin hitz egin dut zutabeoi buruz, baina, putamadre! eta horrelako hitz beroez aparte, inor gutxik eman dit aholku onik. Aipatu behar dut, argi gera bedi, urte bat daramadala kazetaritzatik kanpo, unibertsitatera itzuli nintzenetik, eta erdi herdoilduta sentitzen dudala jaiotzez dudan blagarako erraztasuna, Atxagak esango lukeen moduan (1). Horregatik duda existentzial hauek guztiak.

Eta horrela, amildegiaren hegian balantzaka bezala, zorigaiztoko haize boladarik etor ez dadin otoitzean —agnostikoen badaezpadako fedearekin, Atxagak esango lukeen moduan (2)—, orrialde zuriaren aurrean bertigoa sentitu dut. Nondik hartu zutabea? Ona behar du, magnetikoa; hasierak ona behar du izan, irakurleak bere baitari “ño, tipo hau ona donk!” esan diezaion. Eta amaren hitz jakintsuak datozkit burura: “Ez duzu artikulu guztiekin Pullitzerra irabaziko; izar guztiak ere ez dira Iparrizar”. Baina beldurrak ezin uxatu: eta ideien baratzea ihartzen zaidanean, zer? Esoporen alegiako inurriaren jarrera neure eginda, agorreri garaiei aurrea hartuko diet, eta estreinaldian orrialde zuri ikaragarriari buruz egingo dut berba, “Barkatu neure burua ez aurkeztea” (1) edo “Gazte samar jaio nintzen” (2) usatuegiez aparte —Grouchok esango lukeen moduan—.

Eta lerroak amaitzen zaizkidala, orain arte idatzitakoa irakurri eta, egindakoaz (erdi) harro, alboan dudan garagardoari azken zurrutada emanda, (erdi) pozik nago: metafora onen bat, esaldi poetiko pare bat eta aipu batzuk. Holaxe. Baina itxaron… hau guztia ezaguna zait.