“Beheko kategoriak bultzatzera bideratuko dugu gure indarra”

Lekeitioko Isuntza Arraun Elkarteko zuzendaritza batzordeko kideak gidatuko du hurrengo lau urteetan Bizkaiko Arraun Federakuntzaren lema. Borja Rodrigo ordezkatuko du lekeitiarrak.

Eider Mugartegi

Arraunaren alde guztiak ezagutu ditu Edriga Aranburu Agirrek (Lekeitio, 1989) azken urteetan. 2001.urtean ekin zion arraunari, Josu Aboitiz Isuntzako entrenatzaileak animatuta, eta, urte batzuk arraunlari moduan eginda, 2009an arrauna utzi, eta Isuntza Arraun Elkarteko Zuzendaritzako kide bihurtu zen. Orain dela bost urte, berriz, Bizkaiko Arraun Federakuntzako zuzendaritzan sartu zen, orain arte presidente izan den Borja Rodrigoren eskutik, eta, ordutik, idazkaritza lanetan ibili da federakuntzan.

Zer dela-eta eman duzu lehendakaritzarako aurrerapausoa?

Borja Rodrigok bere etapa amaitutzat ematen zuela esan zigun, eta hauteskundeetan norbait aurkeztuko balitz hari pasatuko ziola agintea. Hauteskunde prozesua zabaldu, eta epea amaitzear zegoela inor ez zela aurkezten ikusita, sei urteko lan bikaina ezin genuela zuzendaritzarik gabe utzi erabaki genuen aurreko zuzendaritzako kideok; oraintxe bertan postua hartzeko egokiena ni nintzela erabaki genuen, eta pausoa eman nuen. Betiere, zuzendaritza batzordeko aurreko kide guztien laguntza eta babesa izanik. Zuzendaritza indartsua dugu, jarraipenezko zuzendaritza, baina ilusio berriaz.

Nortzuk osatu duzue zuzendaritza batzordea?

Aurreko zuzendaritza lau arraun elkarteko kidek (Isuntza, Deusto, Santurtzi eta Ondarroa) eta epaileen elkargoko presidenteak osatzen genuen. Oraingora, aurreko elkarteez gain, beste bi gehitu zaizkigu: Lutxana eta Portugalete. Epaileek ere hauteskundeak egin behar dituzte; beraz, zabalik geratzen da haien ordezkari batek ere zuzendaritzarako pausoa ematea.

Zein izaten da arraun federazio baten lana?

Gu Euskal Arraun Federakuntzaren menpe gaude, beraz, batetik, goitik datorrena kudeatu eta bi federazioen arteko harreman iraunkorra mantendu behar dugu. Bestalde, Bizkaian arraunarekin lotutako erakunde ofizial bakarra gara, nahiz eta liga pribatuak ere egon. Horrela, arraunarekin zerikusia duen guztia gure eskuetatik pasatzen da: arraunlarien fitxak egitea, lehiaketak antolatzea, eskola kirola bultzatzea, erakundeekin harremana egitea eta arraun elkarte guztien egunerokotasunean eragitea. Beraz, lana badago, eta asko.

Bizkaiko arrauna zer-nola dago gaur egun?

Federakuntza egoera onean hartzen dudala uste dut. Beraz, eskerrak eman nahi dizkiot Borja Rodrigori egindako lan guztiagatik. Bizkaiko arraunak bultzada handia izan du azken urteetan: epaileekin harremana normalizatuta eta eguneratuta dago, egutegi zabala lortu dugu negua eta uda uztartu eta kategoria guztiak hartzen dituena, balizak ere araututa daude, eta arraun elkarteekin zein erakunde publikoekin daukagun harremana ona da.

Zeintzuk dira zuen erronkak agintaldi berrian?

Gure zuzendaritza jarraipenekoa den heinean, aurretik jarritako erronka eta lortutako aldaketei eustea izango da gure jarduna. Ehunka neska-mutil hurbiltzen dira arraunera, eta, horiek etorkizuna diren heinean, traineruaz beheko kategoriak ere bultzatzen jarriko dugu gure indarra. Aurreko urteetan lortu dugun egutegiari eutsi, eta ahal den neurrian zabaltzen ere saiatuko gara. Aldundiarekin daukagun harremana egokia da, eta, harekin sinatutako hitzarmenen bidez, eskola kirola bultzatzen jarraitu behar dugu. Emakumeen presentzia areagotu behar dugu arraun estamentu guztietan, zuzendaritzan emakume bakarra dago-eta, esate betarako, eta euskara ere sartu behar dugu gure egunerokoan. Federakuntzak liga pribatuekin ere harremana eduki behar du, eta arraun modalitate biak [finkoa eta ez-finkoa] bultzatu behar ditu. Zuzendaritza batzordeko kide guztiak arraun elkarteetako bakoitzaren zerbitzura egotea nahi dut, beren interesak Bizkaiko arraunarenak ere badirelako.

Arraunlarien aldetik, zelan ikusten duzu egoera? Harrobirik badago?

Harrobia badago, eta urtetik urtera handitzen ari da. Hala ere, hori bideratzen jakin eta lagundu behar dugu. Adibidez, neguan, Sestaon ehundik gora batel batzen dira asteburu oro. Horrek esan nahi du harrobia badagoela, eta hori pozgarria da. Arrauna osasuntsu dagoela esan ahal da.

Egitasmorik badaukazue emakume gehiago arraunera hurreratu eta han eusteko?

Emakumeen presentzia areagotu behar dela errealitate bat da. Federakuntzaren aldetik ahal dugun guztia egingo dugu egoera normalizatzeko eta emakumeen parte hartzea handitzeko. Aurten emakume pilo bat hasi dira arraunean, eta horrek isla izango du hainbat lehiaketatan.

Zelakoa da egun federakuntzaren eta kluben arteko hartu-emana?

Nik uste dut ona dela. Beti ezin dira arraun elkarte baten interesak Bizkaiko arraunarekin uztartu, baina, normalean, interesak berdinak diren heinean, eskutik goaz.