“Ospitaletik kanpoko espazioak irudikatuta, magia sortzen dugu”

“Ospitaletik kanpoko espazioak irudikatuta, magia sortzen dugu”

Natalia Salazar Orbe

Asteartero, Gurutzetako ospitalean dauden umeei gelatik atera eta amesteko aukera ematen die Irrikiclown elkarteak. Bertako kide da Haizea Murgia (Barakaldo, 1983). Irribarreak ateratzeko egunaren zain izaten dituzte haurrak.

Zer da Irrikiclown, eta zer-nolako lana egiten du Gurutzetako ospitalean?

Irabazi asmorik gabeko elkarte bat da. 2008an hasi zuen bere lana ospitalean. Hasieran, clown diziplina lantzen zuen talde gisa aritzen zen bertan, ezer definitu gabe. Geroago, ospitaleko eskaria handituz joan zen, eta hona etortzeko beharrizana handitu egin zen. Hasieran, hilean edo bi hilean behin etortzen ginen. Ospitaleak berak eskatu zigun astean behin etortzeko. Asteartero etortzen garen hirugarren denboraldia da hau.

Zein ekarpen egiten die zuen lanak haurrei?

Batez ere, ospitalearen espazioari dramatismoa kentzeko baliagarri zaie. Badirudi hemen ume izateari utzi eta gaixo huts bilakatzen direla. Jolasen ilusioa eta magia berreskuratzen laguntzen diegu guk. Eurekin jostatuta lortzen dugu hori. Indarra ematen die. Aldaketa handia sorrarazten dugu eurengan. Ume asko zain izaten ditugu. Hemengo errutina hausteko modu bat da. Hemen hilabeteak egin behar dituzten umeentzat egun guztiak berdinak dira. Gu iritsita, erabat aldatzen da egunerokoa. Ez gelan egiten ditugun hamar minutuetan soilik. Aurretik, eta gero ere bai, arrastoak sortu eta uzten ditugu. Denboran zehar irauten duen zerbait da. Bisita bakoitzean egiten duguna erregistratu egiten dugu, eta jarraipena ematen diogu hurrengoan. Jarraikortasun horri esker, saioak ez dira kontu berezi huts gisa bukatzen.

Senide, mediku eta erizainentzat ere onuragarria al da?

Bai, noski. Gurasoei eta senideei asko laguntzen die. Gogoan dut behin negarrez ikusi nuen amona bat. Iloba gurekin jolasean ikusita, erabat aldatu zen egoera. Asko nabaritzen da. Polita da familiengan dugun eragina.

Mediku eta erizainekin ere oso ondo aritzen gara. Elkarri eragiten diogu. Umeek elementu arrotz gisa ikus ez ditzaten modu bat ahalbidetzen dugu. Gertutasuna transmititzen diete gurekin jolasean edo antzezten ikusita. Esaterako, Erdi Aroko jauregi batean geundela antzezten ari ginen batean, erizaina sartu zen, eta zaldun plantak egiten hasi zen.

Zelakoak dira zuen ikuskizunak?

Pazientearen arabera prestatzen ditugu. Umeen beharrizanen eta adinaren araberakoak izaten dira. Haurra ezagutzen ez badugu, geure burua aurkezten dugu. Ezagunak ditugunekin aurreko astean egindako jolasa erreskatatzen dugu. Erdi Aroko jauregi batean bidaia batean aritu banaiz, gertatutako guztia nirekin eramaten dut. Bizitako hori presente dago hurrengo ikuskizunean ere. Pazienteen zerbitzura gaude beti. Euren behar edo nahien arabera moldatu egiten dugu prestatuta geneukan proposamena.

Boluntario gisa hasi zineten lanean. Hala jarraitzen duzue?

Ez. Alde batetik, boluntario talde bat dago, baina lankide bat eta biok soldatapean ari gara. Jarraikortasuna eskatu zigutenez, beharrezkoa izan zen profesionalizazioa. Soldata hori sinbolikoa baino ez da, dena den. Eta ez dugu diru laguntzarik jasotzen.

Horretarako lagungarria izan da Gurutzetako ospitalearekin hitzarmena sinatzea?

Bai. Duela hiru denboraldi, ospitaleak berak eskatu zigun astero ikuskizunak egiteko. Hala, hitzarmena egin genuen eurekin. Elkartean modu aktiboan ari garen guztiok trebakuntza artistikoa zein ospitalean lan egitekoa egin dugu. Ez baita gauza bera ospitalean edo kalean eskaintzea ikuskizunak. Enpatia handia behar da lan hau egiteko.

Zuentzat ere gogorrak izango dira bisita batzuk. Zelan aurre egiten diozue sor dakizuekeen karga horri?

Egia esan, sudur gorria jartzen dudanean beste errealitate batean sartzen naiz. Ilusio eta maitasun handiz aritzen naiz. Ez zait iruditzen egoera gogorra denik; gogorragoa da etxera itzuli eta kontzientzia hartzen dudanean. Hala ere, lan hau maitasunez egin behar da, inoiz ez errukiz. Geletan adore handiz sartu behar da. Asko ez dira gai horretarako.

Zelan lortzen duzue irria sortzea era horretako leku batean?

Umeak ume dira, nahiz eta gaixorik egon. Ilusioa eta adimena dituzte; baita ahalmen eta indar sinestezinak ere. Gela beste espazio bat bihurtzen dugu; esaterako, itsaso. Eta igerian edo urpean ari garen arrainen antzera aritzen gara. Beste arrain batekin topo egin, eta istorioak sortzen ditugu. Bereziki, ospitaletik kanpoko espazio batean gaudela irudikatzen dugu. Horrek magia sortzen du, eta umeari ume izateko eta amets egiteko aukera ematen dio.

Ba al duzue zuen jarduerak beste ospitale batzuetan gauzatzeko asmorik?

Ez. Ez ginen jaio asko hazteko asmoz. Gure helburua Gurutzetako haurrekin lan egitea da. Astean birritan etortzea da gure hurrengo helburua. Horretarako, bazkideak egin nahi ditugu. Norbaitek bazkide egin nahi izanez gero, irrikiclown.org webgunean edo irrikiclown@gmail.com helbidera idatzita aurki dezake informazioa.