“Paddlean aritzea ez da garestia”

“Paddlean aritzea ez da garestia”

Alaitz Armendariz

Modu batean edo bestean, Julio Alegria (Bilbo, 1942) beti egon da paddlearen munduarekin lotuta. Bizkaiko Paddle Federazioko presidente izan aurretik, nazioarteko federaziokoa izan zen. Haren iritziz, paddlea gero eta kirol ezagunagoa izan arren, oraindik bidea geratzen zaio “eztanda egiteko” eta maila gorenera iristeko.

Jende dirudunarekin lotu ohi da paddlea.

Hori kirol guztiekin gertatu den zerbait da. Baina paddlea praktikatzeko ez dago zertan klub pribatu batera joan; udal kiroldegi pila dago, eta hor merkeagoa izango da paddlean aritzea, ziurrenik. Materialari dagokionez, behin pala erosita, asko irauten du, eta, horrez gain, kiroletako oinetakoak eta arropa baino ez dira behar. Edozein kiroletako oinetako arruntak ere izan daitezke, gainera. Paletan, 250 balio du marka garestienak, baina badira 150 eurokoak. Eta kirol denda handietan eta halakoetan, 100 euro baino gutxiagokoak daude; ez da hain gastu handia. Gainera, lau pertsonaren artean jokatzen denez, pista denen artean ordain daiteke.

Nola lortu zenuten 1991n Bizkaiko Paddle Federazioa sortzea?

Arazo bat zegoen: federazio bat izateko, paddlea kirol mota bat zela onartu behar zuen gobernuren batek. Hainbat buelta eman ondoren, azkenean lortu genuen Eusko Jaurlaritzak paddlea kirol modalitate gisa aitortzea, 1991ko azaroaren 11n. 1992ko urtarrilaren 17an, federazioa sortu genuen Bizkaian zeuden lau klubekin.

Zeintzuk ziren jatorrian egon ziren lau klubak?

Neguriko Golfeko Errege Sozietatea, Jolaseta Errege Kluba, Laukariz Landa kluba eta Abrako itsas kluba. Federazio izateko, batzen ziren klubak ezin ziren paddle klubak soilik izan garai hartan; kirol modalitate gehiago zituen kirol klub bat izan behar zuen, horregatik izan ziren lau horiek sortzaileak.

Nahiko kirol berria da, ez ditu 50 urte ere.

Bai, 1970eko hamarkadan sortu zen.Mexikotik dator, nolabait esatearren. Corcuera izeneko dirudun batek paddle pista bat egin zuen frontoi batean, oker ez banago, eta, gero, Marbellan (Espainia) beste pista bat egin zuten.

Non ikasi zenuen zuk paddlean jokatzen?

Nik bizitza osoan praktikatu dut kirola; saskibaloian ere jokatu dut, hain txikia izanik ere… kar-kar-kar. Lehen, ia gauza guztietara jokatzen zenuen. Marbellan (Espainia) ezagutu nuen nik paddlea. Utzia nion kirola egiteari, eta, han, 1970eko hamarkadan ezagutu genuen paddlea. Bizkaiko batzuk hasi ginen ikasten, eta ikaragarri gustatzen zitzaigun. Gainera, paddlean aritzeko ez zen behar baldintza fisiko berezirik. Bilbora itzuli ginenean, Jolaseta klubeko kideekin hitz egin genuen, paddle pista bat eraiki zezaten, baina ezetz esan ziguten, zoritxarrez.

Zergatik esan zuten ezetz?

Tenis jokalariei ez zitzaielako gustatzen; ez zioten baliorik ematen. Baina Negurin baziren paddlean jokatzen zuten batzuk, eta galdetu genien ea pista bat egiteko interesik zuten. Gutako batzuek dirua jarri genuen, eta klub hori izan zen paddlerako lehen pista izan zuena. Handik urtebetera, Jolasetan ere pista bat egin zuten. Gero, Areetan beste bat egin zen, Laukarizen, Abrako itsas-klubean… Eta aurrera irten zen.

Zertan aldatu da federazioa 25 urtean?

Orain, askoz jende gehiagok praktikatzen du kirol hau. Iruditzen zait oraindik ez dela bere maila gorenera iritsi. Eta badu abantaila bat: neurri kontuengatik, tenis pista on batean paddleko lau sartzen dira; hortaz, urbanizazioetan aukera handiagoa dago paddle pistak egiteko tenisekoak baino. Eta askoz errazagoa da paddlean jokatzea tenisean baino. Hasteko, erraketaren itxura eskuaren jarraipena delako. Horrez gain, erraza da umeentzako: nolabait esatearren, kutxa baten barruan jokatzen duzu, eta, beraz, zailagoa da pilotari ez ematea eta pilotak ihes egitea. Nazioarteko txapelketak daude, hemengoak…

Zenbat federatu zaudete orain?

1.600 eta 1.900 artean esango nuke, Bizkaian bakarrik. Adingabeak kontuan hartu gabe, horiek Foru Aldundiaren lizentzia dutelako. EAEn 3.000 inguru izango dira. Lizentzia duten emakume baino gizon gehiago daude, eta txapelketetan ere gizonek gehiago parte hartu ohi dute. Baina urteak bete ahala, emakumeek gehiago jokatzen dute paddlean; beraz, emakumeen kirola dela esan daiteke.

Paddlea ezagunago bihurtzeko zer egin beharko litzateke?

Kirol olinpikoa izatea ederra litzateke… Nazioarteko Federazioko presidente izan nintzenean saiatu ginen; gutun bat bidali nuen Nazioarteko Olinpiar Batzordera, eta horrek eman zion oihartzuna, baina, gero, ez zen agertu herrialde nahikorik prest. Eta, egia esan, ondoren sortu diren munduko federazio gehienek negozioa egiteko asmoa izan dute. Horrek arazoak dakartza. Adibidez, izan dira nazioak bi federazio izan dituztenak; eta etengabe liskarrean zebiltzan, noski.

Duela bi aste ospatu zenituzten 25 urteak, ezta?

2016ko Bizkaiko Masterraren sari banaketa egin genuen Faduran, eta 25 urteen oroipena ere egin genuen. Plaka bana eman genien federazioa sortzen lagundu ziguten lau klubei, eta beste bat Eusko Jaurlaritzari: lehendakariak ez zuen etortzerik izan, baina harrera egingo digu Lehendakaritzan. Iñaki San Juani ere eman genion, 1991n eta 1992an Jaurlaritzako Kirol zuzendaria izan zenari. Ikaragarri lagundu zigun Bizkaiko Paddle Federazioa sortzeko, eta hori eskertu nahi izan diogu.