Euskal preso eta iheslariekiko elkartasuna azaltzeko, Kalerarock jaialdia egingo dute bihar, Durangon. 11:00etan ekingo diete kontzertuei, Landako gunean. 11 musika talde ariko dira, zuzenean, euren kantak abesten: Esne Beltza, Reincidentes, Kauta, Bo...
Bizkaia
Katarro txar bat gainditzeko
Iraupen lasterketa abiatuta, aurrera doaz Ibon Asteinza bermeotarra eta haren familia, helmuga noiz iritsiko zain. Gutxinaka-gutxinaka doaz tipi-tapa, datorrenari eta atzean utzitakoari begiratu barik. Bidean, baina, enbarazu egiten dion motxila bat du aldean: katarro txar bat. Hala deitzen dio semearen gaitzari Bittor Asteinzak.
2013ko ekainean hasi zuen Asteinzak bide luzeko lasterketa; Leuzemia gaitza zuela jakin zuenean. Geroztik, bidelagun izan du familia. "Egun batetik bestera izan genuen gaitzaren berri". Familiak argi zuen: "Aurrera egin beharra zegoen". Horretan, gainera, laguntasuna zuten gertu: Gurutzetako ospitaleko lagunak, ospitaleko kuadrilla deitu dituztenak. Aspanovas Bizkaiko Minbizidun Haurren Gurasoen Elkarteak ere babesa eman die lehenengo egunetik.
Hala igaro zituen egunak Ibonek: gaixo, baina irribarretsu, kementsu. "Irailean, hezur-muineko transplante bila hasi ginen, leuzemia desagertu zela aprobetxatuta. Egunak igaro ziren, baina ez zen emailerik agertzen". Hala, abenduaren 26an, Asteinza berriz gaixotu zen; leuzemia zuen berriro. Transplantearen prozesu guztia eten zuen horrek, eta lasterketaren irteera puntuan kokatu zuen familia. Dagoeneko, baina, aurrera egitea lortu dute; leuzemia berriz desagertu da Asteinzaren gorputzetik. Aurrekoan gertatutakoa ez gertatzeko eta transplanteren zain ez egoteko, amaren edo aitaren hezur-muina jasoko du 5 urteko bermeotarrak. Horretarako, Madrilera joan beharra izan dute, han egiten baitute transplantea.
Aski ezaguna da Ibontxu —hala deitzen dute gertukoek— Bermeo eta inguruetan. Korritzeko duen zaletasuna baliatuta, Eutsi gogor, Ibontxu zioten kamiseta batzuk egitea otu zitzaion aitari, familiarentzat. Laranja koloreko kamiseta soinean herri lasterketetan parte hartzea zen asmoa. Hala, Bermeoko Txirrindulari Taldeagaz harremanetan jarri ziren, haien elastikoak non egiten zituzten jakiteko. Taldeak ehun bat elastiko ateratzeko eta ondoren salgai jartzeko gomendatu zien. Horretarako beharrezkoa zuen dirua taldeak jarriko zuen. Hala egin zuten, eta elastiko horien bitartez lortutakoa Aspanovas elkarteari ematea erabaki zuten.
Hasieran, 5-10 bat elastiko atera zituzten, eta, gero, 4.100 inguru; guztiak saldu dituzte. Kamiseten ideiak arrakasta izan duen arren, aurrerantzean, familiak ez du horren ardura izango, jada Madrilen baitira transplantea noiz egingo dioten zain. Hala, Aspanovas elkarteari helaraziko dio elastikoko irudia, hark gai horrekin jarrai dezan, hala nahi izanez gero.
Elastiko horiez baliatuta, hainbat modutan adierazi diote elkartasuna. Bermeoko Txirrindulari Taldeak, esaterako, urteko azken bainua hartu zuen abenduaren 31n, kamiseta laranjaz lagunduta. Egun berean, kolore bera hartu zuen Mundakak; San Silvestre lasterketa aprobetxatuta, Eutsi gogor, Ibontxu lelodun elastikoa jantzita atera baitziren.
Bermeon "momentu zoragarria" izan zuen 5 urteko mutikoaren familiak. Urtarrilaren 26an, kolore biziz jantzi zen herria. Ospitalean zegoen egun hartan Ibon, baina Bermeon ziren haren inguruko asko. Herri lasterketako eguna zuten. Sendatuak dauden umeak eta familiak eta duela gutxi semea edo alaba galdu dutenak ere batu ziren. "Hunkigarria eta ikaragarria izan zen herriaren erantzuna".
Sare sozialetara ere ailegatu da Asteinzaren berri. Hark duen indar handia adierazteko sortu zuen familiak Facebooken Eutsi gogor Ibontxu izeneko profila; besteak beste, haurrak egindako eskulanak erakusten dituzte. Halaber, herritarrek haren alde egiten dituzten bitxikeriak ere ikusi ahal dira bertan. Orrialde horren bitartez, gainera, jakitera eman dute beste jende askok ere hezur-muina beharrezkoa duela. Familiak, baina, sekula ez du semearentzat eskatu, beharrezkoa duen edonorentzat baizik. "Asko daude premia horretan".
Baldintzapean
Hainbat kontuk baldintzatzen dute minbizia duten pertsonen bizia. Gainera, zenbait neurri ere bete behar izaten dituzte; esaterako, ez da merkataritza gune batean izan uztailaz geroztik, eta eguzkirik ere ezin izan du hartu. "Hala ere, hasieran golpe gogorra izan zen arren eta bizia aldatuko dizula jakin arren, indarra eta gogoa atera behar da". Hala uste dute, behintzat, Ibonen gurasoek. "Hegal batean negarrez geratzeko aukera ere hor dago, baina, errespetatu arren, ez dugu bide hori hartu gura izan". Orain, haien irrika bakarra seme-alabekin momentu guztiak aprobetxatzea da, eta, ahal den heinean, bizi normala egitea, inongo presa barik eta urrunera begiratu barik. "Bestela, zoratu egiten zara", dio aitak. "Halakoetan, garrantzitsua da jakitea kalera noiz atera, familiagaz noiz egon, negar noiz egin... Negar asko egiten da".
"Familiok, bitartean, gaixo dauden umeek duten indarra adierazten jarraituko dugu; inoiz kexatzen ez diren eta denbora jolasten zein margotzen igarotzen duten horien indarra azaleratzen". Aspanovas bezalako elkarteei, ospitalean umeekin jolasten dabiltzan boluntarioei, ospitaleko kuadrillakoei eta herritar denei esker egiten jarraituko dutela azpimarratu du.
Ibonen familiak argi du: "Katarro txar bat besterik ez da izango; sei hilabete, urtebete, urte bi edo bost urte iraungo dituena, baina seguru osatuko dena. Gainontzeko lasterketetan bezala, entrenamenduaren eta lasterketa beraren araberakoa izango da". Asteinzak ez du zalantzarik: "Maratoi batekin emango diot amaiera istorio honi. Bukatu egingo dut lasterketa hori, eta helmugako tartea nire emazteagaz, alabagaz, eta seme osasuntsuagaz igaroko dut".
INGENIARIEK SARITU DUTE
Acueducto de Segovia saria jaso du Bilbo hegoaldeko saihesbideak asteon. Madrilgo Bide, Kanal eta Portuetako Ingeniarien Elkargoak egin dio aitorpena. "Bide azpiegitura batek sortzen duen erronka teknikoari proiektu sendo batekin erantzuten asmatu del...
Maskararik gabe
Iritsi dira inauteriak Euskal Herrira, eta eztanda egin dute pertsonaia zoro zein ohitura zaharretan errotutako ospakizunek. Euskal Herriko geografian badira herri batzuk sasoi hauetan komunikabideetako azal eta titulu bihurtzen direnak, Iturengo eta...
Lurrari lotutako ipuinak Euskal Herria museoan
IPUIN KONTALARIA. Izaskun Mujika ipuin kontalaria izango da domekan Gernika-Lumoko Euskal Herria museoan. Lurretik sortutako ipuinak ikuskizunean, lurretik landare, lore eta fruitu arbolez gain hazi bereziak ere sortzen direla kontatuko du. "Hazi hori...
Elorrioko hiri planari ipinitako helegitea onartu du Gorenak
Elorrioko Auzoak koordinakundeko kideak "pozik" daude Espainiako Auzitegi Gorenak onartu egin duelako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren kontra jarri duten helegitea. "Guretzako oso garrantzitsua da hori", esan du Xabier Zarandona koordinakundeko i...
Eraikina bizirik dagoenean
Bilboko Kafe Antzokira sartzean, taberna, mahai-aulkiak, tertulia eta giroa dira hirugarren zentzumenarekin hautematen den lehen gauza. Eraikin bat, leku fisiko bat ikusten da. Baina bizirik dagoen eraikin bat da Bilbokoa. Egoteko edo izateko arrazoie...
Unibertsitatea eta herria elkartzen dituen prozesu bat
Plateruena antzokia eztabaida prozesu batean sartu zen joan den urtean. Hori abiatzeko, Durangaldeko 30 norbanakoren eta EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko kideen laguntza izan dute. Delphy ikerketa sistema erabili zuten, antzokiari b...
Piedadeko artea zenbat gizendu den neurtzeko eguna
San Valentin eguna modu soil bezain bitxian ospatu ohi dute Zeanuriko Eleizondo auzoan. Hain zuzen, Piedadearen ermita aurrean dagoen artea neurtzeari ekingo diote beste urte batez.12:30ean egingo dute neurketa. Duela 55 urte ekin zioten lan horri ele...
Ikastaroetatik erakusketetara
Igorreko Udala duela bost urte hasi zen margolaritza mintegiak antolatzen. Ordutik, urtean sei larunbatetan, Ines Medinak gidatutako tailerrak egiten dituzte. Saio horietan margotzen ikasi, eta beraien kontura hasi dira lanean Bizkaiko hainbat herrita...