Bizkaia

Eskaera, Bizkaibuseko 150 matxura konpontzeko

BILBO. TCSAk Bizkaibusen 38 linea kudeatzen ditu, eta urtero 7,5 milioi bidaiari garraiatzen ditu. Beharginek salatu dute autobusak gaizki daudela, "ez delako egiten mantentze lanik". 150 matxura konpontzeko eskatu dute.

Handi bezain indartsu

Juan Bautista Artaza Iraolaga zuen jaiotzez izena. 1812ko maiatzaren 22an sortu zen, Urdulizen, Antsone baserrian. Garai hartako ohiturari jarraituz, bada, jaiotetxearen izena hartu zuen.Lanbidez, itsasgizona zen. Itsasoan igaro zuen bizi osoa. Gizon ...

88.750

Ezkerraldean bosgarren edukiontzia jartzeko inbertsioa. Hondakin organikoentzako edukiontzia hiruhileko honetan ezarriko dute Ezkerraldean. Esleipena 56.749 eurokoa da, eta kontzientziazio kanpainan 31.700 euro erabiliko dute.

San Antonen bedeinkazioa hartuko dute abereek

Gabonak igarota, kultur agendak hustu egin dira nabarmen. Hala ere, badaude oraindik zenbait ospakizun. Datorren eguenean, hilak 17, San Anton eguna da: baserritarren eta animalien babeslearen eguna. Urkiolan eta Bilbon, esaterako, abereak bedeinkatze...

Udaletxetik foru jauregira

Mundakako alkatetzatik foru aldundirako saltoa emango du Unai Rementeriak (Mundaka, 1974). Juan Mari Aburtok utzitako lekua beteko du datorren martitzenetik: Lehendakaritza ahaldun eta bozeramaile lanak egingo ditu.

Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiarekin harreman estua dauka, eta hark gura duen soslaia betetzen du: kudeatzaile gaztea, baina esperientziaduna. Bere jaioterriko Hirigintza zinegotzi eman zituen lehen pausoak politikan. 2007az geroztik, Mundakako alkate da. Alegia, bigarren agintaldia du honako hau. 2009-2012ko legegintzaldian, legebiltzarkide ere izan zen Gasteizen. Alakrana atunontziaren afera gertutik jarraitu zuen, alkate zein legebiltzarkide moduan. Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak egun haietan egindako lana auzitan jartzeaz arduratu zen. 2011tik, Bizkaiko Batzar Nagusietako kide eta EAJren bozeramaile da. Azken zeregin hori utzi egin beharko du, eta jakiteko dago alkate jardunari ere uko egin beharko dion.

Rementeria Ekonomia Zuzenbidean lizentziaduna eta Hirigintza Zuzenbidean diplomaduna da. Sorterriarekiko lotura estua du, eta astialdian ez die muzin egiten bere herriko ohiturei: urtero atera ohi da atorra jantzita inauteri domekaz.

%13

Merkataritza jardueraren jaitsieraren ehunekoa, iaz. 2012a izan da merkataritzaren sektorearen krisiko urterik gogorrena. CECOBIko presidente Pedro Camporen arabera, %12 eta %13 artean jaitsi zen jarduera; etorkizun iluna iragarri du.

Hasierako berbak

Txandakako lasterketak gustatzen zitzaizkidan eskola garaian. Bakarkako lasterketak baino atseginagoak ziren. Ahalegin fisikoa berdina zen, zeharkatu beharreko metroak ere bai, baina izerdiak eta giharretako minak norbaitekin partikatzen zenituen. Xedea ez zen soilik metro madarikatu haiek arineketa batean egitea, besteari txanda ematea baizik. Bestearen eskukadaren zain izaten nintzen marra ezin pasaturik, artega eta gogotsu. Bakardadeari ihes egitea bezelako zeozer zen. Metafora ederra begitantzen zitzaidan lasterketa konpartitzearena, elkarrekin egitearena. Esku ukimendua nahikoa zen hurrengoari txanda emateko. Hau da, norbaitekin lasterketa egin ezeze haren eskua ukitu zenezakeen. Laztanak eman eta jaso irakasleak aginduta! Liverpool futbol taldeko zale banintz "You'll never walk alone" (Inoiz ez zara bakarrik ibiliko) kantatzearen antzeko zerbait litzatekeela azalduko nizuke. Ze demontre! Kantatzen hasiko nintzatekeen. Orduan, baina, Liverpool maparen bateko hiria baino ez zen, eta kantua… kantua ez zen existitzen. Ez ditut nire txanda-kideak akorduan. Pentsatzen dut ikaskideak izango zirela, batzuk besteak baino maiteagoak. Beharbada txanda emateko orduan egongo zen bihotza kitzikatzen zidan norbait. Historia aurrea oroitzeko arazoak izaten ditut sarri. Aurpegiak dihoazkit eta datozkit. Ondo gogoan daukat, baina, gozatzen nituela lasterketa haiek eta beste inork baino lehenago eman nahi izaten nuela txanda. Amaiera arte ez genuen jakiten nork egina zuen denborarik onena. Niri neuri bost inporta zitzaidan egindako denbora, gauza zen aurrekoaren eskuaren laztana jasotzea, eta hurrengoari ematea. Hori bezain sinplea. Harrezkero ez dut lasterketarik egin. Osterantzeko auzolanetan hartu izan dut parte, ez dakit; lagunen etxe-aldaketetan, ekitaldiren batean, hondarretako gazteluren baten eraikuntzan, baina hor sekula ez da eskurik eskuko ikutuera hori eman. Gaur, baina, lerrook idazten ari naizen bitartean atzera be Liverpool-eko kantua etorri zait akordura. "Walk on, walk on with hope in your heart and you'll never walk alone" (Zoaz, zoaz zure bihotzean itxaropenaz, eta inoiz ez zara bakarrik ibiliko). Ez dakit norena den laztantzen nauen eskua, Ander Egiluz edo Leire Bilbaorena. Edozelan be gogoz eta pozarren hartuko dut txanda-aldaketa. Nik jasotakoa, momentuz, zuk hartu beharko duzu, irakurle estimatua. Halandaze, hamabostean behin John Trollope labanderiara doan bitartean hementxe izango nauzu txanda emateko gertu.

2

Etxe kaleratzeen funtsa osatzeko eskatutako milioiak. Gutxienez bi milioi euroko funts bat sortzea gura du PSE-EEk, hipoteka ordaindu ezin izanik etxetik kaleratzen dituztenei laguntzeko. Ez-arauzko proposamena aurkeztu dute.

‘Bizibeteak’

Askotan komunikabideetan antzekoak agertu izanagatik, biziki hunkitu ninduen orain hiru aste inguru Connecticut-en gertatutako sarraskiak. AEBetara heldu berritan izan zen, eta bidaian bertan irakurritako hainbat albisterekin batera korapilatu zitzaidan sabelean berria. "Bertze sarraski bat eskolan", zioen egunkari honetako albiste-buruak. Hogei ume inguru tirokatuta, bospasei irakaslerekin batera. Heriotza goiztiarrak denak; eta haurrenak zer esanik ez.

Lagun baten laguna ere hil zen orain hilabete luze, gaitzen batek jota, 32 urte inguru zituela. Doluminak eman nizkion lagunari, eta zer pentsatu handia eman zidaten bere hitzek: "Inon ez dugu sinatu bizitzak 70 urte iraun behar duenik". Eta egia da.

Eta ez da bizitza bat luzeagoa izate hutsagatik aberatsagoa, beteagoa. Badaude 80 urteko bizitza hutsak eta badaude 20 urteko bizitza beteak; lurbira honetan hartutako jarrerak ematen dio balioa geure mundualdiari.

Otu zait hiru pilaretan eusten dela jarrera hori: ametsetan, arriskuetan eta hautuetan. Continuum bat osatzen dute, eta komunean dute galbanari eta beldurrari aurre egiteko beharra. Lehengoek indarra ematen digute aurrera egiteko; zentzua ematen diote egunerokotasunari zelanbait, zergati bat egiten eta egiten ez ditugun horiei. Inozoa izan badaiteke ere, azenarioa jarraitzen duen astoaren irudia bezala, bultzada bat dira ametsak. Eta badira, halere, ametsik, ilusiorik, pasiorik bako pertsonak.

Arriskuek, balizko bigarren zedarriak, oztopa gaitzakete, baina horregatik dira erronka; baita probokazio ere. "Bizitza bakarra dago!", egiten dute garrasi ausartegiek. "Te-te, bizitza bakarra dago…", esango du, ordea, arduratsuegiak. Oreka da giltza hemen (ere), eta gure jokabideak itxuratuko du ibiliko dugun bidea.

Azkenik hautuak ditugu, erabakiak. Bai ala ez; barru edo kanpo. Eta ausardia behar da bizitzan leku zehatz bat aldarrikatzeko: elkarte batean sartzeko, alderdi politiko batekin elkarlanean aritzeko, fededuna izateko… Talde bateko kide izatea onartzean nork bere banakotasuna murrizten du.

Eta ba al dago norbere askatasuna ematea baino portaera eskuzabalagorik? Denontzat onuragarria izan daitekeen zerbaitengatik ni-a gu bihurtzea baino jokaera eskertzekoagorik?

Jamie Brown Heguy 19 urteko euskal-amerikarra zendu da arestian, eta, bertako euskal komunitatean diotenez, lan handia egiten zuen boluntario gisa euskal kultura lurrotan zabaltzearren.

Gertaera tristea, baina gaztea izanagatik bizitza eskuzabaltasunez zukutu zuen. Urteek zimurrak dakartzate, ez balio handiagoa. Arriskuak egonagatik amestu gura izateak eta, gerora, hautatzeak dakar baliotasuna.

Doazela hitzok horrela dihardutenen omenez.