Bizkaia

“Emozio eta sentipen denak biltzen ditu flamenkoak”

Urduri bezain gogotsu zegoen Adriana Bilbao Zarraonaindia (Bilbo, 1987) Bilborock aretoan El cuarto escalón aurkeztu aurretik. Izan ere, etxean, familia eta lagunen aurrean egin du bere azken lanaren estreinaldia.

Sevillan bizi da, baina, aurretik, Malagan hasi zuen dantzari profesional gisa bere ibilbidea. Amari zor dio flamenkozale izatea; aitonari Athleticen zale izatea. Telmo Zarraonandia Zarra jokalari mitikoaren biloba da.

Zer esan nahi du zuretzat sorterrian estreinaldia egiteak?

Gauza handia da, ilusio handia egiten dit. Urduri nago, normala den moduan. Erantzukizuna ere handiagoa dela sentitzen dut hemen. Gainera, inguruko batzuek dantzan ikusten nauten lehen aldia ere bada.

Zer da El cuarto escalón?

Kantua, dantza eta jotzea elkartzen dituen ikuskizuna da. Flamenko tradizionala da, hutsa, fusiorik gabea. Bakoitzak bere ukitua, nortasuna ematen dio, eta ez du istorio zehatz bat. Iaz sortu genuen, eta promozio bideo bat ere egin genuen, baina estreinaldi ofiziala Bilbokoa da.

Nondik datorkizu flamenkorako zaletasuna ?

Amarengandik. Hura izan zen umetan sevillanak eta flamenkoa ikastera animatu ninduena. Hasi nintzenean, 9 edo 10 urte nituen, eta ordutik ez naiz gelditu. Ama ere txikitan ibili zen; gero, utzi egin behar izan zuen. Asko gustatzen zaio flamenkoa.

17 urterekin, Bilbo utzi, eta Andaluziara alde egin zenuen. Gogorra izan al zen erabakia hartzea?

Nik argi neukan dantza egin gura nuela eta unibertsitatean ere zerbait ikasi nahi nuela. Ez nekien zer, baina argi neukan unibertsitatera joango nintzela. Familiakoek beti lagundu naute, eta ondo hartu zuten; nire erabakiak ez zituen ezustean harrapatu.

Dantza ikasketak Informazio Zientzien unibertsitate ikasketekin uztartu zenituen.

Bai, halaxe da. Malagako Unibertsitatean egin nuen lau urteko lizentziatura, eta, tarte horretan, Susana Lupiañez Lupi-k erakutsi zizkidan dantzak. Malagan lau urtez egon ostean, Sevillara joan nintzen, eta bertan bizi naiz egun. Sevillan, hainbat eskolatan egon naiz ikasten, Alicia Marquezen gisako profesionalekin, esaterako. Bestalde, iaz Madrilen Arte Eszenikoen masterra egin nuen Juan Carlos Erregea Unibertsitatean.

Flamenkoa ezagutzen ez dutenei zelan azalduko zenieke zer den?

Istorio baten isla da; dantzatzean, kantatzean eta jotzean sentitzen dena. Flamenkoaren hitzek, melodiek betetzen naute, eta horregatik nabil honetan. Sorgindu nauen kultura bat da. Arrazadun artea da, lurrekoa... Asko betetzen nauen zerbait da, euskal kulturak legez. Emozio eta sentipen denak biltzen ditu flamenkoak. Eta dena ez da pena eta mina; jai izaera ere badu. Askok uste dute dena negarra dela, eta ez da horrela. Langile klaseak sortu zuen flamenkoa; nekazariek, meatzariek... Landan, kaleetan eta auzoetan abesten zutenen ondorio da. Askok ez zekiten irakurtzen eta idazten; dena horrela adierazten zuten, kantuz. Hortaz, ahozko transmisioa eta herri nortasuna ditu oinarri flamenkoak.

Sevillan bizi zara orain; aurretik, Malagan egin zenituen lau urte. Handik kanpo dantzatu al zara sekula?

Andaluziako herrietan dantzatu naiz, batik bat; Malaga, Sevilla eta Cadiz aldean. Baina, Madrilen masterra egin nuenez, tablao-etan ibili nintzen. Han, jendea ezagutu eta hainbat artistarekin harremanetan jartzeko aukera izan nuen. Euskal Herrian, Iruñean egon nintzen behin tablao batean. Iaz, esaterako, Europako iparraldean egon ginen, Andaluziako ordezkari gisa, turismoa sustatzeko. 2011ko udan, Italiako Santa Fiora nazioarteko musika jaialdira joan nintzen, eta, azaroan, Kazakhstanen dantzatu nintzen, gala pribatu batzuetan.

Hortaz, denetariko publikoa ezagutzen duzu. Ba al dago alderik?

Bai, aldea badago. Kazakhstanen, esaterako, kontu alaiak eskatzen zizkiguten: buleriak, runbak eta tangoak. Hala ere, topikoak eta estereotipoak leku guztietan dituzte. Askok telebista gaineko soineko motaduna duen panpinarekin lotzen dute flamenkoa. Frankismoak kalte handia egin zion flamenkoari. Flamenkoa sevillanak baino askoz gehiago da; haratago doa, sakonagoa, zabalagoa da... Horregatik, beti saiatzen gara estereotipoak apurtzen.

Azken urteotan, ikasten ez ezik erakusten ere bazabiltza. Zelan moldatzen zara irakasle lanetan?

Ondo, atsegin dut eskolak ematea. Flamenkoan hasiberria naizela esan daiteke, baina ahal dudana eta ikasi dudana erakusten dut. Lupik ondo eta asko erakutsi zidan, eta berdin egiten saiatzen naiz. Eskola batzuetan, pausoak bakarrik erakusten dituzte, zergatia azaldu barik; nondik datorren esan gabe. Bestalde, kantua ere oso garrantzitsua dela uste dut. Beraz, informazio teorikoa, teknikoa eta praktikoa ematen diet nire ikasleei.

Etorkizunera begira, zertan eta non ikusten duzu zeure burua?

Auskalo, ni haizeak mugitzen nau. Ez dakit datorren urtean zer egingo dudan. Lanbide hau irregularra da, proiektu batekin pare bat hilabeterako atzerrira joateko aukera sor daiteke edo hainbat hilabetez ezer ez. Argi daukat nagoen lekuan nagoela beti egongo naizela prest ikasteko eta klaseak hartzeko. Bestalde, noizbait neure eskola zabaltzea ere gustatuko litzaidake, eta Bilbon ahalko banu, hobeto.

Bilbotarra eta Zarra futbol jokalari ezagunaren biloba izanda, athleticzale amorratua izatea ez da arraroa. Nola daramazu hori Andaluzian?

Ondo, sekula ez dut arazorik izan; alderantziz, han ere Athletic maite dutela esaten didate. Igandean, poz itzela hartu nuen Atleticori irabazi ziolako. Partida dagoenean, beti janzten dut Athleticeko kamiseta, eta auzokoak barre egiten dit. Batzuek badakite noren biloba naizen, eta hitz ederrak baino ez dizkidate esaten hari buruz. Aitonaz zerbait esaten didaten bakoitzean, irribarre zabala ateratzen zait.

Gure auzokide eta auzoaren duintasunaren alde

Urtarrilaren 17an eta 18an, Ertzaintza Deustuko Erribera eta Zorrotzaurre auzoko fabrika abandonatu batean sartu zen. Hainbat urte dira pertsona talde bat gure auzoko fabrika horretan bizi dela, oso egoera txarrean. Bertan zeudenek adierazitakoaren ar...

Galeako itsasargia birgaituko dute aurten

GETXO. Getxoko Udalak Galeako gotorlekuan dagoen itsasargia birgaitzea erabaki du. Lan horiek aurten egingo dituzte. Aurretik, baina, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Mineralogia eta Petrologia Sailak eraikuntzaren egoera zein den aztertuko d...

Gormutuen mundua gertutik ezagutu behar du profesionalak

Nora Olazabal keinu hizkuntzan aditua eta mediku laguntzailea da sortu den unitatean. Hark azaltzen duen moduan, entzumen urritasunaren gradu guztiak ikusiko dituzte Basurtun; keinu hizkuntzarekin aritzen direnak eta aho hizkuntza darabiltenak.Olazaba...

Haurrei elikadura ohiturak irakasteko albuma sortu dute

14 urte arteko ume bilbotarrek modu osasungarrian jaten ikasiko dute jokoz, lehiaketaz eta zozketaz beteriko album baten bidez. Kutxabankek sustatutako programa bat da, eta elikaduran aditu batzuek osaturiko talde baten eta Mari Salda pertsonaiaren la...

Lezama Bizirik taldeak HAPO berria kritikatu du

LEZAMA. Eguaztenean onartu zuen Lezamako Udalak HAPO hiri antolamendurako plan orokor berria. Lezama Bizirik taldeak gogor kritikatu du, hainbat auzitegik bertan behera utzi dituzten eraikuntza arauak jasoak dituelako. Taldeak ohartarazi du LZPak uhol...

Foru aldundiak ezetz esan dio Gaztetrans proiektuari

Bizkaiko Ikasle Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio eta Herri Lan Sailak bilera egin dute Gaztetrans proiektuari buruz eztabaidatzeko. Ikasle Kontseiluak gazteentzako Creditrans txartela lortzea zuen helburu; hau da, metroan, autobusean, t...