Barik-en erabiltzaileek kobratze “irregularrak” salatu dituzte

Kontakturik gabe funtzionatzen duen Barik txartelak kexa ugari sortarazi ditu. Sei hilabete igaro dira ekimena abiatu zenetik eta erabiltzaile askok adierazi dutenez, “kobratze irregularrak” egiten dituzte Bizkaibuseko hainbat makina automatikok. Bizkaiko Garraio Partzuergoak horren berri ez duela adierazi du. Erabiltzaileek autobusera igotzerakoan eta jaisterakoan makinetatik pasa behar dute garraio txartel berria; bestela, egindako bidai zatia kobratu ordez, autobusak egiten duen ibilbide osoa ordaindu egin behar da. Kobratze irregularrak antzematen dituzten herritarrek partzuergora jo dezakete kexa bat jartzeko. Egun, 400.000 txartel daude funtzionamenduan.