GORLIZ. Gorlizko ospitalera, Astondo hondartzara eta Bizkaiko Foru Aldundiaren abeletxera joateko dagoen errepide bakarra konpontzen hasi dira Bizkaiko Herri Lan eta Garraio Saila. Ez dauka espaloirik, eta ertzean ez dago oinezkoentzako leku nahikorik...
Bizkaia
“Ikur frankistak kentzearen motiboa azaltzea da gakoa”
Ahaztuak 1936-1977 elkarteko kidea da Martxelo Alvarez (La Foz, Espainia, 1962). 2005ean sortu zen elkarte hori, eta memoria historikoa justiziaren eta demokraziaren ikuspegitik lantzen dihardute ordutik. "Larritzat" jo du alkate frankisten irudiekin hartutako jarrera.
Zein iritzi duzue Bilbon frankisten erretratuak mantentzeari buruz?
Ahaztuak kolektiboa margo horiek mantentzearen aurka dago. Iruditzen zaigu korridoretik beste gela batera mugitzea arazoa saihestea dela. Yolanda Barcina Iruñeko alkateak bere garaian Rodezno kondearen plazarekin egin zuen gauza bera egiten ari da Iñaki Azkuna. Frankismo garaiko lehen Justizia ministroa izan zen Rodezno. Eta 60.000 heriotza zigor baino gehiago sinatu zituen. Herritarrek plazaren izena aldatzeko eskatu zioten Barcinari. Baina ez zuen aldatu; esangura irauli zuen. Adierazi zuen oroimena Rodezno pertsonari egin beharrean noblezia tituluari egiten ziola plazak. Hau da, Rodezno konderriari. Azkunak hartu duen jarrera antzekoa da.
Zein aitzakia erabiltzen da horrelako ikurrak mantentzeko?
Askok esaten dute herritarrei erakusteko mantentzen direla. Baina hori tranpa egitea dela iruditzen zaigu. Helburua transmisioa bada, ez dituzte jartzen datozen belaunaldi eta herritarrei historiaren transmisio hori egiteko bitartekoak. Hezkuntzan, adibidez, gai hauek ez daude curriculumean txertatuta. Gaur egun, ez dago izendegi zein irudi frankistak azaltzeko tresnarik. Eta instituzioek ez dute proposamenik egin. Oro har, ez dago horretarako borondaterik. Ez Azkunaren partetik, ez beste politikarien aldetik. Historiaren parte izatearen justifikazioa borondate falta hori mozorrotzeko erabiltzen dute.
Eusko Jaurlaritzak badu ikur frankisten inguruko txostena; zer iritzi duzue horren inguruan?
Hamaika lan eta eskari dago ikur frankisten inguruan. Azken urteetan asko landu den gaia da. Oroimen Historikoaren Legea ere behin eta berriz aipatzen dute politikariek, baina, gero, ez dute betetzen. Instituzioek duten zigorgabetasun hori oso larri da.
"Historia errespetatu egin behar da, molestatu arren". Iñaki Azkunak esandako hitzak dira. Zer erantzungo zenioke horri?
Lehen esan bezala, hori tranpa egitea da. Arazoaren funtsa beste bat litzateke: demokraziaren parametroetan, ikur frankistak mantentzearen eragina. Eta hori ez da soilik ikur frankisten edota kale izenen gatazka. Gaur egun dagoen arautegi osoa da moldatu behar dena. Frankismoaren biktimak ere bigarren mailako biktimatzat hartzen dira gaur egun. Asteartean, adibidez, GALek hildakoei biktimaren kategoria ukatzeko eskaera egin zuen Espainiako Gobernuak. Biktimaren izaera bera baldintza ideologiko zehatz batzuen menpe dago.
Historiaren eta memoriaren kontaketa interesatua, beraz?
Gizarte demokratikoa eraiki nahi badugu, demokraziaren elementuak indartu behar dira. Eta erregimen frankista batekin zerikusia duten elementuak edo pertsonak goratzeak ez du askatasunarekin eta balio demokratikoekin zer ikusirik. Guri, adibidez, autoak ireki nahi izan zizkigun Auzitegi Nazionalak Txiki eta Otaegik frankismoaren aurka egin zuten borroka goratzeagatik. Erregimen frankistaren aurkako borroka kriminalizatuta dago, baina frankistak goratzen dituzten sinboloak hor mantentzea, ez. Hori, ulertezina da.
Herri askotan daude ikur frankistak?
Hainbat tokitan mantentzen dira oraindik ere: Plentzian, Barakaldon, Bilbon... Argi utzi nahi dugu guk ez dugula kargu edota sigla konkretu batzuen aurka egiten. Arduragabekeriak sigla guztiak zeharkatu dituela uste dugu. Argi dago alderdi batzuen eta besteen artean ezberdintasun nabariak daudela. Baina errepikatu nahi dut ez gabiltzala sigla konkretu baten aurka.
Jakitun al dira herritarrak inguruan dauden ikur horien esanahiaz?
Gauza asko azalpenak eman gabe egiten ditugu, pedagogia gabe. Askotan presaz edo derrigortuta kentzen dira ikur zein sinboloak. Baina ikurra bera kentzea baino garrantzitsuagoa da azalpenak ematea: kale horren izenak zer goratzen zuen, irudi horretan agertzen zena nor izan zen eta zer egin zuen... Azalpenak eman eta inbertsioak egin behar dira norabide horretan. Bestela, herritarrok ez dugu horren inguruko kontzientziarik hartzen. Ikurrak kentzeari garrantzia kendu gabe, motiboa azaltzea da gakoa.
Zein izan da Ahaztuak elkarteak horretan egin duen lana?
2005etik urrats asko egin ditugu. Elkarte txikia izan arren, lan handia egiten dugu. Egiten ditugun ekintza guztiak diskurtso aldetik lantzea da gure asmoa. Ikurren kasuan, adibidez, kentzearen motiboan sakontzea, eztabaida sortzeko. Berrogei urte iraun zuen erregimen frankista izan genuen. Baina erregimen horrekin apurtu ez duen beste batekin jarraitzen dugu orain. Eta frankismo garaiko jarrera eta zigorgabetasuna mantentzen dute egungoek.
Downtown LA
Martxoko astegun batean, goizeko bederatzien bueltan, Los Angelesko Downtownen tenperatura atsegina izaten da. Euskal kostaldeko edozein herritan uda partean senti daitekeen haize gozoa sentitu ahal da. Airea, halere, inoiz baino garbiago sumatzen da aste honetan. Izango da, seguruenik, lau egun jarraian bota duelako euria. Alarma gorrian zeuden, kasik, angelenoak, Noeren arkari hautsa kentzen ia.
Ipar, hego, eki zein mendebaldetik autorik datorren begiratu ostean (puntu kardinalak maite dituzte amerikarrek), Hill eta Zazpigarren kaleak batzen dituen bidegurutzeko zebrabidea zeharkatu ohi dut goizero, lanerako bidean. Urtean ehun bat lagun harrapatzen dituzte autoek hiriko erdigunean, eta adi ibili behar.
Kale luzea da 7th Street, hiriko gehienak bezala, baina badu horrek termometrotik asko. Aingeruen Hirian zer gertatzen den jakiteko leku aproposa da Zazpigarrena. Mexikarren denda asko daude bertan, eta, atarietan, mexikarrak berriketan. Mexikarrez. Horregatik, hiriko jentilizioaren inguruko eztabaida sortzen saiatu ziren bere garaian: erro ingelesa duen angeleno-ren ordez ez ote zen zuzenago angeleño erabiltzea. Saiatu ziren.
Kale horrek Downtownen erdigunea zeharkatzen du, bihotzaren bihotza. Eta jendearen janzkeran nabaritzen da zentrotik gertuago ala urrunago zauden. Arloteak, gaixo mentalak, eskaleak eta mozkorrak nonahi daude, baina gorbatak eta takoidun zapata garestiak ugaritu egiten dira eraikin altuetara hurbildu ahala. Eta kontrakoa eman dezakeen arren, hiri hau ez da batere dorre zalea. Horrelako bat eraikitzeko proiektu baten berri dutenean, "Manhatanera eraman egizue hori!", bota ohi dute askok.
South Grand Avenueko semaforoaren parean malabarismotan ari da emakume gazte bat. Dotore jantzita, jaka zuri eta minigona beltz batekin, sorbaldaren kontra masaila estuturik eskuko telefonoa mantentzen du, berbaldia eten gabe. Bitartean, zorroari eusteko eskumako belauna altxatua duela, ezkerreko eskuarekin zerbaiten bila dabil hor, begiak beste eskuan duen paperezko edalontzian iltzatuak dituela, kafea eror ez dakion.
Gorpuzkera polita du neskak. Agian hori pentsatu zuen aurreko astean, inguruko kale batean, 43 urteko emakume bat bortxatu zuen gizonak ere. Arazo larria du Downtownek gauez.
Gure malabaristaren gainetik, ziztu bizian, hegan igaro da harrapari bat, eta kale perpendikular batean desagertu da. Goseti, ehizakiarekiko begirune minimorik barik. Txoriaren artaziekin liluratuta bezala geratu da neskaren alboan dagoen zoro zapaztoa, "Jesucristo es la Salvación" dioen kartela lepotik eskegita daukala.
ELKARLANA ETORKIZUNA ALDATZEKO
Dantza eta txotxongiloak musikarekin nahasten dituen Bremengo musikariak ikuskizuna taularatuko du Gran Teatre de Liceuk, bihar eta etzi. Arriaga antzokian ikusi ahalko da. Bihar, 18:00etan aterako dira taula gainera, eta domekan, berriz, saio bi egin...
Txiroak, kroniko bihurtzen
25.000 bilbotar pobrezian daude, Eduardo Maiz Bilboko Udaleko Gizarte Ekintza eta Etxebizitza Arloko zinegotzi ordezkariak jakinarazi duenez. Hau da, hiriburuan, pobrezia tasa %8tik gertu dago. Bilbotarren %2k ez dute ezer; erabateko pobrezian bizi di...
AERONAUTIKAREN GEROA, BERMATUTA
Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Aeronautika Gelak 24 diploma banatu zituen joan den astelehenean. Horietatik hamabost ikasle, dagoeneko, sektore horretako enpresetan lanean ari dira; beste bi hautaketa prozesuetan dabiltza; eta gainerako zaz...
Ohoreak baliogabetzeko ere eskatu du Bilduk
EH Bilduk otsail bukaerako osoko bilkurara eroan zuen proposamen batek piztu zuen Bilboko alkate frankisten margolanen auzia. Alkatetzako korridoretik kentzeko eskatu zion Iñaki Azkunaren gobernuari. 1937ko apirilaren 19tik 1979ko apirilera bitartean Bilboko Udalak emandako dominak, ohorezko herritar edo kutun izendapenak ere baliorik gabe uztea galdegin zuten.
42 urte horietan izandako udalbatzek 52 urrezko domina banatu zituzten, zilarrezko beste 29 eta brontzezko 427. Horrez gain, hiru seme kutun eta ohorezko alkate bat ere —Franco bera— izendatu zituzten. 2001ean egindako osoko bilkura batek horietatik guztietatik hogei izendapen baino ez zituen baliogabetu..
Jose Ramon Muroren Bilbo errealista, Berreginen Museoan
Bilboko paisaiak erakusten dituzten hamazazpi margolan eraman ditu Jose Ramon Muro Pegeregek Bilboko Berreginen Museora. Pintura guztietan errealismoa da nagusi.
Argiak eta itzalak izenburua duen erakusketan, hiriko hainbat toki jasotzen dituzten margolanak batu ditu: besteak beste, Kale Nagusia, Casilda Iturrizar parkea, Zorrotzaurreibarra, Zazpikaleak eta Santimami.
Hiriko paisaiara egokitutako hiperrealismoaren mugan dabilela, artistak gustuko izaten du aldez aurretik aukeratutako gaia ondo prestatzea. Teknika landua erabiliz, konposizio zaindua eta osotasunaren perspektiba aberasten duten hiriko altzarien ñabardurak gehitu ohi dizkie bere lanei.
Perspektiba nabarmentzen duten ihes lerro ondo definituak eta kontraste handiak dira, hain zuzen, Muro Peregen artelanen ezaugarri orokorrak. Artistak, gehienetan, pintura akrilikoa erabiltzen du, euskarri zurrunean eta teknika mistoak aplikatuta.
Artelan bakoitza hasieratik, aukeratutako gaitik abiatuta, kontu handiz planifikatutako egitasmoa da. Murok, kasualitatez aukeratu ez diren argien eta itzalen konposizioan, argazki errealista irudikatzen du modu berezian markatuta dagoen momentu batean.
Ibilbide luzea
Jose Ramon Muro Pereg Bilbon jaio zen, 1954. urtean, eta hainbat erakusketa egin ditu. Horretaz gainera, marrazketari eta pinturari eskainitako ibilbide luzea dauka.
Berreginen Museoko bigarren solairuan jarri dute ikusgai Argiak eta itzalak erakusketa, eta apirilaren 21era arte egongo da zabalik. Martitzenetatik zapatuetara, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara egongo da irekita museoa; domeketan, berriz, 10:00etatik 14:00etara bisita daiteke. Astelehenetan itxita egoten da.
Arratia eta Lea-Artibai, bertsolari gazteen sariketako bigarren fasera
Martxan dago Bertsolari Gazteen XXII. BBK Sariketa. Martitzenean egin zuten lehenengo saioa, Markina-Xemeinen, eta Lea-Artibaikoak nagusitu ziren; eguaztenean, berriz, Arratiakoek irabazi zuten, Zallan.Hori horrela, Bilboaldeko bertsolariak eta Enkart...
Portu eta hondartzek izango dute lehentasuna
Neguan Kantauri itsasoan izandako ekaitzek Bizkaiko kostaldean 14 milioi eurotik gorako kalteak sortu dituzte. Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta udalek zenbatu dituzte eurek ordaindu beharreko txikizioak, eta kopuru hori atera zaie guztia batuta. Martxoaren 3ko olatuek eragindakoak neurtu gabe dituzte oraindik. Zenbateko hori beste %10 hazteko bestekoak izan direla uste dute. Eta Espainiako Gobernuak ere ez du bukatu bere kontaketa. Dena den, dagoeneko 500.000 eurotik gorako inbertsioa egin du Nekazaritza, Arrantza eta Ingurumen Ministerioak, martxan dauden konponketa lanak ordaintzeko —Sopelako hondartzan, Gorlizkoan eta Bakioko pasealekuan eta itsasadarrean—.
14 milioi horietatik, erdiak inguru Bermeon zenbatu dituzte. Otsailaren 2ko eta martxoaren 3ko ekaitzetan bertako portuak jaso ditu kolperik latzenak. Pantalanak, portu zaharreko azpiegiturak, dikea, kai muturra, Frantxuako arrantzaleen lonjak... Sartzea lortu duen lekuetan, dena apurtu zuen itsasoak. Lekeition ere milioi bat eurotik gorako gastuak izango dituzte. Estoldetako kutxa txikiak, itsas hesia eta beste hainbat azpiegitura apurtu zituen urak portuan.
Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika sailburuaren esanetan, lehentasuna portuek eta hondartzek izango dute. "Herri hauen ekonomiarako ezinbesteko azpiegiturak dira, arrantzarako, merkataritzako eta turismorako", nabarmendu du. Horregatik, "ahalik eta arinen" konponduta egotea da erakunde publikoen asmoa.
Bi hilabete barru berriro elkartuko dira. Ordurako lan guztiak hasita egongo dira, eta hainbat bukatuta. Hartara, kostu guztiak zehatzago zenbatuta edukiko dituzte. Sailburuaren esanetan, udarako guztia konponduta egotea "ezinbestekoa" da.
Ohiz kanpoko kalteak direla nabarmendu dute guztiek. "Unai Rementeria, Bizkaiko Lehendakaritza ahalduna: "Ditudan 40 urteetan ez dut halakorik ezagutu. Eta aurten zazpi denborale izan ditugu, bata bestearen atzetik. Ikusteko eta argazkiak ateratzeko oso politak izan dira, baina eragin dituzten ondorioak beldurgarriak ere bai. Otsailaren 2koa, bereziki, izugarria izan zen".
Itsasertzean sortutako kalteak Espainiako Gobernuak ordainduko ditu, harena baita itsasbazterra mantendu eta kudeatzeko eskumena. Honela azaldu du Rementeriak: "Gure esku daude hondartzak; udalek egin behar dute hiri altzarien mantentzea, eta Jaurlaritzak portuena". Bilboko portua da salbuespena, Espainiako Sustapen Ministerioarena baita. Herri administrazioei gogoratu die foru aldundiak baduela larrialdietarako funts bat: "Eurek ordaindu beharreko gastuei aurre egiteko, hiri altzariak eta bestelako kalteak konpontzeko, berbarako, ezustekoetarako funts horretara jo dezakete udalek".
Europari laguntza eskatzea ere ez dute baztertu. Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, Kantabriako Gobernuaren egitekoa izango litzateke eskaera egitea, hura baita une honetan Ardatz Atlantikoaren Batzordeko burua. Hala ere, laguntza horiek iritsi bitartean zain egon beharrean, beharrean hastea erabaki dute.