Arratia eta Lea-Artibai, bertsolari gazteen sariketako bigarren fasera

Martxan dago Bertsolari Gazteen XXII. BBK Sariketa. Martitzenean egin zuten lehenengo saioa, Markina-Xemeinen, eta Lea-Artibaikoak nagusitu ziren; eguaztenean, berriz, Arratiakoek irabazi zuten, Zallan.

Hori horrela, Bilboaldeko bertsolariak eta Enkarterrikoak lehiaketatik kanpo geratu dira. Orain, Arratiakoak, Busturialdekoak, Lea-Artibaikoak, Durangaldekoak eta Uribe Kostakoak geratzen dira.

Hurrengo saioa datorren martitzenean izango da, Algortan (Getxo). Finalerdiei dagokienez, hilaren 19an eta 25ean egingo dituzte, Durangon eta Igorren.

Finala, martxoaren 28an

Durangaldeko bertsolariak zuzenean pasatuko dira fase horretara, iazko txapelketa haiek irabazi zutelako. Martxoaren 28an ebatziko dute nor den Bizkaiko bertsolari gazte onena, 19:00etan, Bilboko Kafe Antzokian.

Zazpi talde ari dira txapelketan, eskualdeko bana. Bi adin mailatan bereizita lehiatzen dira: 18 urtera artekoak, batetik; 18 eta 24 urte artekoak, bestetik.

Sariei dagokienez, 2.000 eurotik gora banatuko dituzte. Txapeldunak 1.260 euro jasoko ditu, eta bigarren saria 900 eurokoa da. Horrez gain, antolatzaileek 140 euro emango dizkiote saioan bizkaierarik onena erabiltzen duen bertsolariari.