Txiroak, kroniko bihurtzen

25.000 bilbotar pobrezian daude, Eduardo Maiz Bilboko Udaleko Gizarte Ekintza eta Etxebizitza Arloko zinegotzi ordezkariak jakinarazi duenez. Hau da, hiriburuan, pobrezia tasa %8tik gertu dago. Bilbotarren %2k ez dute ezer; erabateko pobrezian bizi dira, eta beste %5ek denbora luzea daramate egoera larrian. Maizen esanetan, pobrezia kroniko bihurtzen ari da kasu askotan. Bilboko Elizbarrutiko Caritasekin, Bizkaiko Gurutze Gorriarekin eta Bizkaiko Elikagai Bankuarekin batera, “borroka horretan laguntzeko” deia luzatu die herritarrei. 2014a “oso gogorra” izango dela ohartarazi dute lau eragile horiek.

Maizekin batera, Carlos Bargos Caritaseko zuzendaria, Nicolas Palacios Elikagai Bankukoa eta Manu Calvo Gurutze Gorrikoa batu dira, alarma piztera: “Gero eta gehiago dira aurreztutakoa bukatzen ari zaien familiak. Datozen hilabeteetan, egoera are larriagoa izan daiteke”.

Elkarte horiek ere igartzen dituzte ondorioak. Bargos: “Gero eta laguntza eskaera gehiago ditugu, eta horrek eragiten du pertsona bakoitzari denbora gutxiago eskaini ahal izatea eta laguntza lehen baino apalagoa izatea”. Bilbon, mila boluntario inguru dira, eta, 68 proiekturen bitartez, 6.100 gizon-emakume laguntzen dituzte. Besteak beste, etxegabeekin, mendekotasuna dutenekin eta integrazio arazoak dituztenekin behar egiten dute. Bargosek erabat ukatu ditu administrazio eta politikari batzuek aipatzen dituzten kimu berdeak: “Ez dago halakorik guregana jotzen dutenen artean. Ez gaitzatela engainatu”.

Elikagai Bankuko boluntarioek ere iritsi ezinik dabiltzala sentitzen dute askotan. “Bilketan esfortzu handiagoa egin beharko dugu aurten, eskaera handitzen ari delako. Egungo egoeran, ez gara gai izango datozen guztiak asebetetzeko”, agertu du Palaciosek, kezkaturik. Izan ere, eskaera %33 handitu da, baina bildutako kilo kopuruak %13 baino ez du egin gora.

Iazko datuei erreparatuz, 3,5 milioi kilo elikagai banatu zituen Bizkaian; 2012. urtean baino %12,2 gehiago. 6,13 milioi euroko balioa zuten jakiok. Horietatik, erdia pasatxo Bilbon bertan geratu ziren; 15.450 pertsonari eman zieten jatekoa.

Gurutze Gorriak ere larri ikusten ditu datozen hilabeteak. Calvok azaldu duenez, iaz 2.993 lagunek jaso zuten haien laguntza herrialde historikoan; aurten, 3.000 inguru izango dira. Gogora ekarri du 2012az geroztik pobreziaren eta gizarte bazterketaren kontrako plan berezia dutela martxan. Hiru lan arlo nagusi dituzte: 0 eta 2 urte arteko haurren ongizatea, bazterketa egoeran daudenen higienea eta etxebizitza eta pobrezia energetikoa.

Laguntza ofizialei dagokienez, iaz, udalak 117 milioi euro banatu zituen Bilbon, diru sarrerak bermatzeko errentaren bitartez. 15.000 familiak jaso zuten diru hori. Horrez gain, beste 19 milioi euro banatu zituzten 5.800 familiaren artean, etxebizitzetarako laguntza osagarrien bitartez.

Maiz zinegotziaren esanetan, gizarte laguntzetara bideratuta, guztira, 5,5 milioi euro inguru kudeatu zituen Bilboko Udalak 2013an. Horietatik, 1.234.000 euro udalaren aurrekontuetakoak izan ziren. Gizarte larrialdiko laguntzetan, udal laguntza berezietan eta pobreziaren aurkako borroka planetan inbertitu zituzten. Bereziki, etxebizitzarekin arazoak dituzten bilbotarrak lagundu ditu udalak. Diruaren %70 jarri zuten etxebizitzak mantentzeko laguntzetan eta alokairuak edo hipoteka maileguak ordaintzeko laguntzetan.