Jose Ramon Muroren Bilbo errealista, Berreginen Museoan

Bilboko paisaiak erakusten dituzten hamazazpi margolan eraman ditu Jose Ramon Muro Pegeregek Bilboko Berreginen Museora. Pintura guztietan errealismoa da nagusi.

Argiak eta itzalak izenburua duen erakusketan, hiriko hainbat toki jasotzen dituzten margolanak batu ditu: besteak beste, Kale Nagusia, Casilda Iturrizar parkea, Zorrotzaurreibarra, Zazpikaleak eta Santimami.

Hiriko paisaiara egokitutako hiperrealismoaren mugan dabilela, artistak gustuko izaten du aldez aurretik aukeratutako gaia ondo prestatzea. Teknika landua erabiliz, konposizio zaindua eta osotasunaren perspektiba aberasten duten hiriko altzarien ñabardurak gehitu ohi dizkie bere lanei.

Perspektiba nabarmentzen duten ihes lerro ondo definituak eta kontraste handiak dira, hain zuzen, Muro Peregen artelanen ezaugarri orokorrak. Artistak, gehienetan, pintura akrilikoa erabiltzen du, euskarri zurrunean eta teknika mistoak aplikatuta.

Artelan bakoitza hasieratik, aukeratutako gaitik abiatuta, kontu handiz planifikatutako egitasmoa da. Murok, kasualitatez aukeratu ez diren argien eta itzalen konposizioan, argazki errealista irudikatzen du modu berezian markatuta dagoen momentu batean.

Ibilbide luzea

Jose Ramon Muro Pereg Bilbon jaio zen, 1954. urtean, eta hainbat erakusketa egin ditu. Horretaz gainera, marrazketari eta pinturari eskainitako ibilbide luzea dauka.

Berreginen Museoko bigarren solairuan jarri dute ikusgai Argiak eta itzalak erakusketa, eta apirilaren 21era arte egongo da zabalik. Martitzenetatik zapatuetara, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara egongo da irekita museoa; domeketan, berriz, 10:00etatik 14:00etara bisita daiteke. Astelehenetan itxita egoten da.