Garraio publikoaren maiztasunen eskasiaren eta Enkarterri Bizkaian ezagutzera eman ez izanaren ondorioz, eskualde horretako bizilagunek bakartuta dauden irudipena dutela jakinarazi dute bertako errealitatearen berri duten herritar bik.
Igor Mendoza Zallan bizi da, eta Ibailorak dantza taldeko kidea da. Bizkaitarrek, oro har, euren eskualdea ez dutela ezagutzen deritzo. "Bilboko lagunek esaten didate ez dutela Enkarterri ezagutzen. Ez dakite zer dagoen Enkarterrin, zeintzuk herrik osatzen duten eskualdea… Burgosen [Espainia] bizi naizela diote", azaldu du.
Horren arrazoia "informazio falta" izan daitekeela deritzo Mendozak. Asko Asturiasera (Espainia) turismoa egitera joaten direla ekarri du gogora, "paisaia berdea duelako eta aberastasun natural handia duelako". "Karrantza ere alde horretatik izugarria da, baina ez dakigu hemen bertan, etxetik gertu, zer daukagun", adierazi du.
Turismoaren alorra ez dela behar beste landu uste du. Gogora ekarri du Enkartur bulegoa martxan dagoela. Hala ere, haren ustez, "diruagatik edo interes faltagatik", haien izena ez dute Bizkaira zabaldu.
Haren irudiko, administrazioen aldetik ere ahaztuta dago Enkarterri. "Guztia eramaten dute Getxo aldera edo Bilbora… Jende gehiago bizi den lekuetara. Batzuetan hori logikoa da, baina beste batzuetan ez. Gu ere bizkaitarrak gara!", esan du.
Garraio publikoa da, Mendozaren iritziz, gabezia nagusienetako bat. "Gauez ateratzeko Gautxoririk [Bilbobusen gaueko zerbitzua] ere ez daukagu, eta trena, adibidez, oso garestia da", salatu du. Trenak edo autobusak, gainera, ibilbidea egiteko denbora asko behar dutela ekarri du gogora.
Trena eta autobusa, lehian
Asier Pagazaurtundua Zallako Herriko kultur elkarteko kideak ere antzeko iritzia dauka. Haren esanetan, gainera, trena eta autobusa, osagarriak izan beharrean, "lehian ibiltzen dira elkarrekin". "Arangurenen, nire herrian, uste dut bata bestearekiko bost minuturen aldearekin pasatzen dela", esan du.
Ordutegiak "oso eskasak" direla adierazi du Pagazaurtunduak: "Goizekoak zein gauekoak. Lanean 06:00etan sartu behar baduzu, autoa behar duzu; gainerakoan, ez zara iristen. Eta, gauez, beste horrenbeste. Herri batetik bestera ere ezin zaitezke mugitu".
"Aste barruan 21:15etik aurrera auto pribaturik gabe ez daukazu zer eginik; ez dago Bilborako garraiorik. Hori Cadagua inguruan. Gainerako eremuan egoera are txarragoa da, gainera", gogorarazi du.
Enkarterriko bizilagunek, baina, egoera hori "onartuta" daukatela deritzo Mendozak. Hala ere, irtenbidea eskualdea "sustatzea eta zerbitzu gehiago jartzea" izan daitekeela uste du. Batez ere, garraioa da, haren ustez, bultzatu beharrekoa: "Merkeagoa eta gauez ere ibiliko dena".
Euskara eta euskal kulturaren presentzia ere eskasa dela ekarri du gogora Ibailorak dantza taldeko kideak. "Gu saiatzen gara gauzak antolatzen". Jarduera horiek, baina, gehienetan, elkarteek antolatu behar dituztela esan du, "udalaren diru laguntzarik barik".
Euskara, norberaren baitan
Mendoza eta Pagazaurtunduaren ustez, hala ere, euskal kultura eskualdean zabaldu gabe egote hori ez da Enkarterriren Bizkaiarekiko "urruntasun" horren ondorio. "Historikoki gazteleraren mendekotasun handia izan du eskualdeak", gogorarazi du Mendozak. Jende nagusi gutxik daki euskaraz. "Belaunaldi berriak hasi gara biltzen, sustatzen eta euskal kultura bizitzen. Baina zaila da hutsetik hastea". Hala ere, gogora ekarri duenez, "Bilbon ere gaztelera entzuten da, nahiz eta jardueretan gehiago inbertitzen den. Norberaren kulturaren baitan dago hori".