Asteko Gaiak

Lurralde bakarra, bi auzotasun

Bi dira herri baten nortasun adierazle garrantzitsuenak: alde batetik, hizkuntza; bestetik, zuzenbidea. Alegia, familia eta gizartea antolatzeko sortzen den sistema berezia". Modu horretan nabarmendu du Gontzal Aizpurua abokatuak zuzenbide zibilari eustearen garrantzia. Bizkaiko Abokatuen Bazkuneko Gobernu Batzordeko eta Foru Zuzenbide Zibileko Batzordeko kide da. Euskal Herrian, jatorrizko zuzenbidea indartsuen gorde duten herrialde historikoetako bat da Bizkaia. Hala, bi zuzenbide zibil ditu: zuzenbide zibil orokorra —Espainiakoa— eta Bizkaiko foru zuzenbide zibila.

Auzotasunaren arabera —nongoa den aintzat hartuta, alegia—, kode zibil bat edo bestea ezartzen zaio bizkaitar bakoitzari. Bizkaitar guztiak dira forudunak, hiribilduetakoak eta Urduñakoak izan ezik; eta leku horietan ere badaude salbuespenak. Horren ondorioz, ezberdinak izan daitezke, adibidez, bizkaitar forudun batek eta bizkaitar forugabe batek senipartea uzterakoan izango dituzten eskubide eta betebeharrak. Hona hemen bi zuzenbideon arteko ezberdintasunik nabarmenenak.

1. Tronkalekotasuna

Bizkaiko foru zuzenbidearen ezaugarririk adierazgarrienetakoa da. Zuzenbide zibil orokorrak, ordea, ez du halakorik. "Jabetzak zeukan izaeraren arabera —kolektiboa eta ez indibidualista—, ondasun batzuk familiari lotuta daude; familiarenak dira, eta familian jarraitu behar dute". Tronkalekotasun horrek oinordekotzari eragiten dio, testamentu bidezkoan eta testamenturik bakoan; baina baita eskualdaketetan ere. Tronkaleko senide batzuek ondasunok eskuratzeko eskubidea dute, tronkalekoak ez diren beste senide batzuen aurretik; ezkontidearen aurretik, esaterako.

Foru zuzenbide zibilaren mendeko herri batean higiezin bat duenaren adibidea jarri du Aizpuruak. "Ondasun hori aurretik badatorkit, familiarena izandakoa bada, derrigorrez nire familiakoei utzi behar diet, nahiz eta, seme-alabarik izan ez dugunez, testamentuak esan alargunari utzi diodala". Kasu horretan, senideok testamentua deuseztatzeko eskatu, eta ondasunaren jabe egin daitezke.

Eskualdaketetan ere beste horrenbeste gertatzen da. Erosteko, lehentasuna dute tronkalekotasunaren parte diren senideek, eta, saldu aurretik, asmo horien berri eman behar zaie, notario bidez. Jakinarazpenik egin gabe, senideek eskubidea dute salerosketa hori deuseztatu eta bidezko tasazio prezioan eskuratzeko. "Egun, bada salbuespen bat: hiri lur diren guneetan eta hirigintza planaren arabera hiri lur bihurtuko diren guneetan, ez dago lehentasun eskubiderik".

2. Oinordekotza

Foru zuzenbide zibila ezartzen zaien bizkaitarrek, oinordekotza antolatzerakoan behartuta daude ondorengoei ondasunen lau bosten uztera. Zuzenbide zibil orokorrean, berriz, seniparte horrek bi herenekoa izan behar du. Senipartea aurrekoek edo arbasoek hartuz gero, horiei erdia uztera behartzen dute bi kode zibilek. Ezkontideak eta izatezko bikotekideak, alargun geratzerakoan, eta ondorengoak edota oinordekoak bizi badira, ondasunen erdiaren gozamena izango luke foru zuzenbidean. Alarguna hildakoaren gertuko senideekin bakarrik geratuko balitz —alegia, neba-arrebak, izeko-osabak, lehengusu-lehengusinak...—, aurrekorik eta ondorengorik gabe, ondasun guztien bi herenen gozamen izango luke. Zuzenbide zibil orokorrean, berriz, alargunak, ondorengorik baldin badago, heren baten gozamena izango luke, eta, gainerako kasuetan, osoa.

Foru zuzenbide zibilean, senipartea kolektiboa da. "Askatasun osoa dago derrigorrez utzi beharrekoa nahi bezala banatzeko ondasunak jasotzeko eskubidea dutenen artean. Adibidez, seme-alabetako bakarrari utz diezaiokezu ondasunen lau bosten, eta besteei ezer ez", azaldu du. Zuzenbide zibil orokorrean, ostera, denei eman behar zaie zerbait.

Zuzenbide bakoitzak bere printzipioak ditu: "Gurean, helburua beti izan da ondasunak osotasunean transmititzea, ahal den neurrian. Adibidez, saihestu nahi izan da ustiategiak zatitzea".

3. 'Alkar-poderosoa'

"Gure erakunde zibiletan, izarra da". Bizkaian asko erabiltzen den testamentu mota da alkar-poderoso delakoa —eskuordetza bidezko testamentua—, eta mendeetan ere asko erabili da. Zuzenbide zibil orokorrean debekatuta egon arren, zuzenbide zibil orokorra aplikatzen zaien bizkaitarrek erabil dezakete; halere, eskuordekoaren ahalmenak ezberdinak dira foru zuzenbide zibilak bizkaitar forudunentzat ezarritako eskuordetza bidezko testamentuak ezarritakoekiko.

Zer da, bada, testamentu mota hori? "Pertsona batek bere ondasunak banatzeko boterea ematen dio konfiantzazko beste pertsona bati; normalean, ezkontideari edo izatezko bikoteari. Botere hori jaso duenak, bizi den bitartean, hildakoaren ondasunen gozamena eta administrazioa izango ditu".

Aizpuruaren esanetan, hainbat helburu ditu. Batez ere, ezkontidea babestea tronkalekotasunak eragin diezazkiokeen kalteetatik. Hala, adibidez, gerta daiteke alargunak bizileku duen etxea utzi behar izatea, tronkalekotasunaren izenean. Eskuordetza bidezko testamentuari esker, halakoak saihestuko lituzkete.

Horrez gain, oinordekoen senipartea hobeto banatzea ere lortu nahi da. "Hil denak testamentua egin zenean baino informazio gehiago du alargunak. Adibidez, seme-alabetako batek besteek baino behar gehiago izan badu, ondare gehiago uzteko aukera izango luke, edo etxeko ustiategiaz arduratzen hasi denari ustiategiaren jabegoa uztekoa".

4. Oinordetza itunak

Ondasunen jabeak, bizi den bitartean, bana ditzake jarauspena, senipartea eta ondasun zehatzak derrigorrezko oinordekoen artean, onuradunekin hartutako kontraprestazio akordio baten arabera —adibidez, bizi den bitartean ondasun horien gozamena izatea—. Zuzenbide zibil orokorrean debekatuta dago halakorik. Debekatuta daude, era berean, elkarreko testamentuak. Dena den, azken horiek —testamentua elkarrekin egitea—, ez dira asko erabiltzen foru zuzenbide zibilean.

5. Foru komunikazioa

Bizkaiko foru zuzenbideak jasotzen duen ezkontzaren ondasun jaurpidea da. Bikote bat ezkondu edo izatezko bikote egiten bada, eurek erabakitzen dute ondasunak nola erregulatu. Ezer itundu ezean, bizkaitar forudunei foru komunikazioa ezarriko zaie. Alegia, ondasun guztiak, bienak, batak zein besteak ekarritakoak, bienak izango dira.

Erregimen horrek oinordekotzarekin dauka lotura. "Alarguna bien seme-alabekin geratzen denean aplikatzen da foru komunikazioa; ondasunak erdibitu egiten dira: erdia, alargunarentzat; beste erdia, seme-alabentzat". Gainera, normalean, eskuordetza bidezko testamentua eginda izan ohi dutenez, seme-alaben esku geratu den erdi horren gozamena ere alargunak izango luke.

Ohituretan oinarritutakoa arautzen du foru zuzenbideak

Nahiz eta legez zuzenbide zibil osoa arautzeko aukera izan, Bizkaiko foru zuzenbideak ohituretan oinarritutako erakundeak baino ez ditu arautzen: oinordekotzak, ezkontzaren ondasunen jaurpidea, tronkalekotasuna eta bide zorrak, batez ere. Zuzenbide or...

Auzotasun bat edo beste bat lortzeko, hiru bide daude

Zuzenbide zibil bat edo bestea, auzotasunaren arabera ezartzen zaizkio norbanakoari. Baina nola lortzen da auzotasuna? Nagusiki, jaiotzez. Edo, bestela, etxez aldatuz gero, hamar urteko egoitzaldiarekin. Eta bada beste bide bat ere: bi urtez leku bate...

Zuzenbide zibil orokorreko herriak.

Herriotako lur eremu batzuetan ezartzen da zuzenbide zibil orokorra: Balmaseda, Urduña, Bilbo, Otxandio, Portugalete, Ermua, Ondarroa, Durango, Plentzia, Bermeo, Gernika, Lekeitio eta Lanestosan. Bizkaiko jaun-andreek sortu zituzten.

Zuzenbide zibil orokorrak aldaketak izan ditu aspaldian

Espainian indarrean dagoen kode zibila, Bizkaiko foru gabeko herrietan ere aplikatzen dena, 1889koa da. Herri forudunetan ere badu eragina, foru zuzenbideak arautzen ez dituen gaietan. Lehen 50 urteetan, eskuz idatzitako testamentua onartzeko baino ez...

Saltzeko beste era bat

Eurengan krisiak beste era bateko eragina izan duten dendak ere badira. Bigarren eskuko produktuak saltzen dituzte, eta atzean filosofia bat ere badute, solidarioa, ekologikoa eta integratzailea. Horien artean, Ekorropa kooperatiba dago, Koopera gizarte sareko kideetako bat.

Krisiak gainerako saltokietan eragin nabarmena izan du, baina euren produktuen salmentek goraka egin dutela esan du Terese Heras Ekorropako Ingurumen eta Komunikabide teknikariak. Jendeak zer erosi behar duen gehiago pentsatzen duela, eta, beraz, gutxiago erosten duela dio Herasek. Aldi berean, baina, erosketak egiteko orduan "hausnarketa eta kontzientziazioa areagotu" egin direla ekarri du gogora.

"Produktu berreskuratuak" aurki daitezke Bizkaian zehar Ekorropak dituen hamar dendatan. Bilbon hiru dauzka, Getxon bi eta bana Portugaleten, Barakaldon, Ermuan, Durangon eta Galdakaon. Arropak saltzen dituzte, bereziki, baina, Bilbon, Fernandez del Campo kalean duten Koopera izeneko merkatuan, bestelakoak ere badaude: elektrotresnak, liburuak, jostailuak, janari ekologikoa, bidezko merkataritzako produktuak...

Prezio eta kalitate onak

Prezioak, gainera, edozeinegaz lehiatzeko modukoak direla azaldu du Herasek: "Gure arropa merke saltzen saiatzen gara, ekoizpen prozesuak uzten digun beste". Adibidez, "goitik behera, 30 eurorekin jantz zaitezke", azaldu du; "zapata batzuk hamar eurotan, praka batzuk sei eurotan, gona bat lau eurotan…", eros daitezkeela adierazi du.

Prezioa apala izan arren, kalitate eta berme osoko arropak dituztela argitu du, ordea. Arropa hori herritarrengandik jasotzen dute. Hain zuzen, Rezikleta kooperatibaren bitartez edukiontzi batzuetan jasotako arropak hartzen dituzte. Arropa jaso ondoren, "erabat higienizatu" eta prozesu batetik pasatzen dutela azaldu du.

Euren erosleei dagokienez, nagusiki, etxeko andre helduek jotzen dute denda horietara. Hala ere, bikote gazteak ere sarri joaten direla azaldu du Herasek. Horrez gain, gizonezko asko bakarrik eta aitona-amonak euren ilobekin joaten zaizkie; horiek dituzte bezero ohikoenak. Gazte asko izaten direla argitu du, "produktuak oso berritzaileak direlako eta ezin dituzulako beste edozein lekutan aurkitu".

Tresna elektrikoak ere prezio onean aurki daitezke Koopera merkatuan. "Urtebeteko bermea daukan garbigailu bat 110 eurotan eros dezakezu", esan du.

Ekarpena gizarteari

Eta produktu horiek erosita gizarteari eta ingurumenari ere nolabaiteko ekarpena egiten diote bezeroek. Izan ere, Ekorroparen filosofiak hiru oinarri ditu. Batetik, "lanaren bitartez gizarteratzea sustatzea". Bestetik, "ingurumena zaintzea berreskurapen prozesuen bitartez". Eta, azkenik, "ekonomia solidarioa sustatzea". Kontsumo iraunkorra sustatu gura dutela azaldu du, "biztanleriari erosteko beste era bat eskainiz".

Antzeko filosofia eta lana darabiltza Emaus kooperatibak. Eta eurak ere herritarrek erabiltzen ez dituzten tresnak jaso, eraberritu eta salgai jartzen dituzte Bilbon, Getxon eta Gamizen dituzten bost saltokietan. Liburuak, arropa eta "etxean daukazun edozein gauza" aurki daiteke dendotan, Nines Perez dendetako arduradunak jakinarazi duenez.

Kooperaren antzera, herritarren etxeetan, enpresetan, udaletxetan edota eskoletan jasotzen dituzten tresnak jartzen dituzte salgai. "Jaso, erabiltzeko modukoak direnak hartu —gainerakoak birziklatzera bidali— eta erabilgarri daudenei beste erabilera bat ematen diegu", azaldu du.

Krisiari dagokionez, "salmentak ondo" doazen arren, tresnak jasotzeko prozesua moteldu egin dela nabaritu du Perezek. Egoera ekonomikoak txarrera egin duenez, lehenago beste saltoki batzuetara joaten ziren bezeroak orain Emausera joaten hasi direla azaldu du.

Helburu solidariorik gabekoak

Era honetako elkarteek eta antzekoek egiten duten bezala, bigarren eskuko produktuak saltzen ditu Chechu Lemongek ere El Cofre de Pandora dendan. Lemongerenak, baina, are esklusiboagoak dira. Batzuen eta besteen filosofiak ez du zerikusirik, gainera. Lemongen denda AEBetan ohikoak diren feal market delakoen antzekoa da, eta denetarik aurki dezakete bertara hurbiltzen diren bezeroek."Zine proiektagailu bat, XVIII. mendeko aterki bat…", hainbat produktu berezi aurki daitezke Bilbon, Fernandez del Campo kalean duen dendan.

Hamar urte daramatza bertan beharrean. Egoerak, baina, azken urteetan txarrera egin duela azaldu du. Nabarmen, gainera. "Denda honek eta era honetako gainontzekoek ez dute irtenbiderik. Itxi egin beharko dut. Oso produktu erakargarriak ditut: Bigarren Mundu Gerrako irratiak, nazien kaskoak… Baina jendeak itsasontzi bat nahi du pezeta baten truke. Eta horrelakorik ez dago", eman du aditzera.

Megaparkeko lan baldintzen beherapenak salatu dituzte

Barakaldoko Megapark merkataritza gunean langabezia eta prekarietatea nagusi direla salatu zuten astelehenean hainbat lagunek eta elkartek, ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, CGT eta CNT sindikatuek deituta. Langile eskubideei dagokienez, Megapark "merkealdia...

Jaiegunetan dendarik ez irekitzeko eskatu dute

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta (ESK-k ere bat egin zuen), ehunka lagunek protesta egin zuten domekan Bilboko Kale Nagusian jaieguna izanik ateak zabaldu zituen denda baten aurrean. Sindikatuek salatu zuten domekaz dendak zabaltzeak ez duel...

Udaberrian jarri dute itxaropena

Erosketen aroak ez du etenik: Gabonak pasata, merkealdia iritsi da. Joan den larunbatean hasi zen, eta hiru hilabetez arropa eta oinetakoak merkeago erosteko aukera izango dugu gure herri eta hirietako dendetan. Oro har, Eguberrietako kanpaina motela izan bazen ere, larunbatean Bilboko dendak jendez lepo zeuden. Zazpikaleetan, kasurako, ez zegoela ia ibiltzeko lekurik dio auzoko merkatarien elkarteko buru Jon Aldeiturriagak. "Goizean ere bai, baina arratsalde partean, batez ere, sekulakoa izan zen. Aspaldiko jendetsuenetakoa".

Udazkenetik kexu agertu dira dendariak. Izan ere, urtaroak ez zituen eguraldi aldetik zegozkionak bete. Lehorretik eta epeletik jo zuen urrian eta azaroan. Gabonetako opariak erosteko garaia iritsi zenean, ordea, haizeteak eta euri zaparrada mardulak izan genituen. "Azken urteetako Gabonetako kanpainarik txarrena izan da aurtengoa", gogoratu du. Horri krisi ekonomikoak eragindako diru falta eta gastatzeko beldurra gehituz gero, horra Aldeiturriagak salmenten hotzaldiari aurkitutako arrazoiak.

Merkealdian salmentak hobetuko diren esperantza badu, baina, hala ere, argi utzi nahi izan du horrek ez duela neguko kanpaina salbatuko. "Egin kontu merkealdian irabaziak gutxitu egiten direla, dendariari erosketa eta salmenta prezioen artean geratzen zaion tartea gutxitu egiten delako". Hala ere, egoerari eusten laguntzeko besteko salmentak izatea espero du. Adibidez, Bilbo Erdiguneko Dendarien Elkarteak jakinarazi du kide diren dendetan salmentek %25 egin dutela gora lehen bi egunetan.

Krisi ekonomikoa bukatzea ezinbestekotzat jotzen du Aldeiturriagak. "Askok ez du dirurik, eta izan badutenak gastatzeko beldur dira, garai latzagoak etorriko direla esan eta esan ari zaizkigulako". Baina, horretaz gain, merkataritzak bizi duen gaixoaldiak bestelako sendagaiak behar dituela irizten dio. "Ez da erraza. Berrikuntza izan daiteke, adibidez, lagungarri izan dakigukeen beste faktoreetako bat. Kontu korapilatsua da". Hala ere, ekaitzari aurre egiteko, argi dauka ezinbestekoa dela batak bestea babestea. Horretarako, Zazpikaleetako Dendarien Elkartearen eta antzeko elkarteek izan dezaketen garrantzia azpimarratzen du.

Hain zuzen, iaz bete zituzten hamar urte elkarlanean Ondarroako merkatariek. 2001ean sortu zuten Zatozte deritzon dendarien elkartea, eta 2003an Salda Badago ostalarien elkartearekin bat egin zuten. Zatozteko teknikaria da Eva Aranbarri: "85 kide gara gau egun; horietatik 70 dendak dira, eta 15 taberna edo jatetxeak. 9.000 biztanleko herri baterako, ez dago batere gaizki".

Eurenean Gabonetako kanpaina ez dela hain kaxkarra izan dio, nahiz eta urrian eta azaroan larri ibili ziren. "Udazkenean ondarroar asko hondartzara joan da", gogoratu du; "zertarako nahi zituzten neguko botak edo jakak?". Baina abenduarekin batera, egoera apur bat arteztu da, Ondarroan behintzat: "Opariak egiteko orduan jendeak herrian erostea hobesten du. Gertutasunagatik, oparia itzuli behar bada ere, erosoagoa da Ondarroako denda batean itzuli behar izatea", azaldu du arrazoia. Hala, hain zuzen, hori da Ondarroako dendetan salmenta gehien pilatzen den sasoia.

Gainera, elkarte gisa erosketa txartelak oparitzen dituzte bezeroen artean, herrian geratzeko joera hori indartze aldera. Dendako ehun euroko bina erosketa txartel banatu dituzte oraingoan, kasurako. "Osotara, ia 9.000 euro banatu ditugu bezeroen artean, eta horrek asko erakartzen du". Horiek hala, kanpaina horiek ezinbestekotzat jotzen ditu.

Merkealdian mugimendu gehiago espero dute, hala ere. Askok eta askok prezio txikiagoei itxarotea hobetsi baitu, diru apur bat aurrezteko. "Krisia izugarri nabaritu dugu. 'Ahal den bitartean, iazko jakarekin eta iazko botekin jarraituko dut', pentsatzen du orain jendeak. Merkaturatu den azken arropa eskuratzea dagoeneko ez da hain garrantzitsua". %30 eta %50eko beherapenak egin dizkiete prezioei. "Guk ezin dugu egin denda handiek egiten duten modura, %70eko beherapenik; bestela, itxi egin beharko genuke. Horrekin ezin dugu lehiatu".

Denda handi horiek, gainera, bezero mordoa kentzen dizkiete. Urte osoan asko dira erosketak egitera herritik kanpora joaten direnak. Duela bost urte egindako azterlan baten arabera, %60 inguru. "Eibar eta Durango oso gertu ditugu, eta, autobusari esker, berehala eta ia doan Bilbon egon zaitezke". "Eta urtez urte zenbateko hori ugarituz joan den irudipena dute dendariek".

Hiriburuarekin lehian

"Joan den astean Bilbora joan nintzen, eta sekulako ilara zegoen Antonio Lopez margolariaren erakusketa ikusteko. Mungiar asko zeuden tartean. Horietako askok gero arratsalde-pasa egiteko aprobetxatuko zuten, eta, seguruenik, erosketaren bat edo beste ere egingo zuten", dio Elena Viteri Mungiako Merkatarien Elkarteko zuzendaritzako kideak. Hala, Bilbok Mungiarekiko gertutasun fisikoa ez ezik —autobusez hogei minutuko bidea—, bestelako erakarpen indar bat ere baduela iruditzen zaio. Alegia, museo, erakusketa areto eta antzoki eskaintza zabal horrek ere indartzen duela merkataritza.

Mungian oraindik ez dute merkealdiaren olatua nabaritu. "Herrietan motelagoa izaten da, eta ez da lehen egunetan igartzen. Hasieran jendeak Bilbora jotzeko ohitura du, mauka bila. Gero jotzen du guregana, aurrez ikusita duen arropa edo oinetako horren bila, orain merkeago eskuratzeko asmoz".

Horri lotuta, Viterik merkealdiaren legea aldatzeko beharra nabarmentzen du. "Zaharkituta geratu da". Hasteko, urtaroa merkealdiarekin hasteari ez dio zentzuzkoa irizten. "Abenduaren 21ean hasi zen negua, eta urtarrilaren 7an merkealdia hasi? Horrek ez du ez hanka ez buru. Urtaroan saldu ez duguna stocketik kentzeko izan behar du merkealdiak". Denda handiek merkealdirako beren-beregi ekoizten dutela salatu du. Eta legeak ez du halakorik onartzen: "Argi dio gutxienez merkealdia hasi baino hilabete lehenago dendan salgai egon diren produktuek izan behar dutela merkatu direnak". Denda txikiak ezin direla horren aurka lehiatu iruditzen zaio, eurek zazpi edo zortzi hilabete lehenago erosi behar dutelako arropa.

Bidenabar, ez du begi onez ikusten neguko merkealdiarekin batera udako denboraldiko lehen arropak saltzen hastea. "Ez da saltzeko egiten, saltzen den arren, salmenta horien pisua oso txikia baita. Denda handiek test modura erabiltzen dute. Aurreratutako produktuotan arrakasta handiena duten horiexek dira gero asko ekoizten dituztenak merkealdia datorrenerako".

Horiek hala, Viteriren ustez, eurek bestelako baliabide batzuk erabili behar dituzte jendea erakartzeko. "Batez ere, gertutasuna eta konfiantza saldu behar ditugu, gure ezaugarri nagusi modura. Soilik horrela lortuko dugu irautea". Eta oraingoz eusten diote. Herrian merkataritzak ez duela behera egin azpimarratu nahi izan du. Krisiagatik hainbat dendak ixteko erabakia hartu behar izan duten arren, berriak neurri berean zabaltzen ari omen dira. Dena den, badira batzuen eta besteen arteko aldeak: "Lekukoa hartzen duten dendak txikiagoak dira, lagun bakarrak lan egiten dutenak, gastu gutxiagokoak".