Natalia Salazar Orbe
"Gernikako arbola/ da bedeinkatua/ euskaldunen artean/ guztiz maitatua", batetik. "Gazte gaztetatikan/ herritik kanpora/ estranjeri aldean/ pasa det denbora", bestetik. Ezagun izateaz gain, ereserki ere bihurtu diren abestiak dira. Jose Maria Iparragirre Urretxuko (Gipuzkoa) bardoak sortu zituen. Haren jaiotzaren bigarren mendeurrena beteko da abuztuan, eta haren irudia eta legatua gogoan izango ditu aurten Loraldia jaialdiak, Bilbon. Sortzaile gipuzkoarraren omenez sortutako ikuskizuna estreinatuko dute: Iparragirre, bihotzeko Jose Mari. Ez da omenaldi hutsa izango. Haren inguruan izan ziren emakumeen ikuspuntutik kontatuko dute abeslariaren bizitza, andreok idatzitako fikziozko gutunak oinarri hartuta.