Euskarak batutako antzokiak

Euskarak batutako antzokiak

Peru Azpillaga

Lautan Hiru. Lau eragile, lau aste eta hiru antzerki saio aste bakoitzean: “Antzerki txikien festibal handia”. Bueltan da Euskaltzaindiak martxan jarritako Lautan Hiru, euskarazko antzerki laburren jaialdia. Euskaltzaindiak Cafe Bar Bilbaorekin, Zazpi Katu gaztetxearekin eta Bira Kulturarekin lankidetzan antolatu du egitasmoa, eta, hilabete batez, lau eragileen egoitzak antzoki bilakatuko dira, euskarazko antzerkiari ateak irekitzeko.

Atzo hasi zen Lautan Hiru jaialdia, eta, otsailaren 27ra arte, ostegunero, hiru antzerki pieza labur ikusteko aukera emango du Bilboko Zazpikaleetan. Aurtengo edizioan, gainera, euskarazko antzerki laburren mundutik harago salto egin, eta arte eszenikoen bestelako eredu batzuk ere erantsi dizkiote egitarauari. “Egitasmoaren helburua euskarazko arte eszenikoak bultzatzea da, eta, bide batez, Zazpikaleetako euskal giroa hauspotzea”, jakinarazi du Iñaki Mendizabal Euskaltzaindiko komunikazio arduradunak.

Euskaltzaindiaren mendeurreneko egitaraua zela-eta jaio zen egitasmoa; iaz izandako arrakasta ikusita, antolatzaileek ez dute zalantzarik izan aurten errepikatzeko. “Harreman handia daukagu Bilboko Zazpikaleetako eragileekin; mendeurrenaren aitzakiarekin elkarlan hori sustatzeko apustua egin genuen, eta egitasmo hau jaio zen”, azaldu du. Ideia berari heldu dio Mikel Martinez aktore eta Cafe Bar Bilbaoko kudeatzaileak: “Lehenagotik ezagutzen genuen elkar; nik harremana dut eragile guztietako kideekin; horrela, oso era naturalean izan da elkarlana”. Euskara erdigunean jartzeko helburuarekin heldu diote laurek erronkari: “Euskara, kultura, euskal bizitza eta transbertsaltasuna, horiek dira egitasmo honen oinarriak”, erantsi du. “Transbertsaltasun hori da gakoa, espazio bereziak sortzea, espazio jakinak eraldatzea kultura espaziotik harago doan zerbait sortzeko”, zehaztu du Mendizabalek.

Desberdinen arteko lana

“Aitortu behar dugu Euskaltzaindiaren proposamena jaso genuenean harrituta geratu ginela”, onartu du Uxue Elgorriaga Zazpi Katu gaztetxeko kideak. “Euskaltzaindiaren eta gune autogestionatu baten arteko elkarlana ez da inondik inora ohikoa, eta hori da egitasmo honek duen indarguneetako bat”. Nabarmendu du lau eragileen arteko elkarlana “ezin hobea” izan dela hasieratik: “Lan egiteko moduak, beste eragileen inplikazioa, euskara, antzerkia… Guretzat proposamen berria eta erakargarria zen, eta oso pozik gaude aurten ere errepikatzeko aukera izateaz”.

Iazko edizioan giro “oso polita” sortu zela adierazi du Elgorriagak. Ostegunak pasatu ahala espazio guztiak bete egiten zirela ikusi zuten, eta gainera jendeak errepikatu egiten zuela. Zazpi Katu gaztetxean normalean kontzertuak dira nagusi, eta, hori beharrean, euskarazko antzerkiak emateko aukera izatea eta bestelakoetan hurbiltzen ez den jendea erakartzea “oso positiboa” dela azpimarratu du. “Benetan pozik gaude iazko emaitzarekin”.

“Esperientzia zoragarria izan da; asmo eta gogo bera duen jendearekin elkarlanean aritzea beti da aberasgarria; denok laguntzen dugu elkar”, azpimarratu du Mendizabalek. “Badu amateurtasun puntu bat ere”, erantsi du. Aitortu du giroa eta publikoa bestelakoak direla, antzoki ez-formalak direnez: “Hori ere gustatzen zaigu; oso hurbilekoa da dena”.

Lautan Hiru jaialdiaren bidez, beraz, antolatzaileek ohartarazi dute arte eszenikoen mundua bestelako ikusleei zabaltzeko aukera dagoela. “Euskaraz eta kaletik gertu dagoen egitasmo bat da, eta antzerkira joan ohi ez den jende asko erakartzen du”, azaldu du Mendizabalek. Haren aburuz, obra laburrak izateak lagundu egiten du horretan. “Azkenean, egun bakarrean hiru emanaldi ikusteko aukera dagoenez, balorazioa beti izaten da positiboa, bat gustatu ez arren bestearekin asetzen delako jendea”.

Martinezek, bestalde, jaialdiak duen dinamismoa goraipatu du. “Ez da leku zehatz batean egiteko pentsatutako egitasmo bat; mugimenduan oinarrituta dago, eta hori oso inportantea da”. Jendea normalean ibiltzen ez den lekuetan ibiltzera bultzatzen duela esan du. “Azken finean, lau eragileek oso publiko ezberdina daukagu, eta jende hori euskararen inguruan nahastea eta harremanak sortzea da, azken finean, auzoko euskarazko bizitza sustatzea”. Martinezen aburuz, egitasmoak Arriagan edota hiriko antzoki handietan egiten diren obretara hurbiltzeko zubi lana egin dezake: “Eskaintza zabala egiten dugu, obra txiki baina indartsuekin eta jendearentzat hurbilak diren lekuetan; zaila da halako beste egitasmorik topatzea”.

Formatu horri esker iaz arrakasta “itzela” izan zutela nabarmendu du Martinezek: “Jendea prest dago ezagutzen ez duen obra bat ikusteko eta egitasmoan parte hartzeko”. Gainera, emanaldi artean sortzen den giroa ere goraipatu du: “Polita da funtzio batetik bestera pote bat hartu, ezagutzen ez duzun norbaitekin hitz egin…”. Elgorriagak ere hala ikusten du. Haren aburuz, Arriaga antzokitik kanpo, Zazpikaleetan, ez dago antzerkia eta gisako adierazpen artistikoak bultzatzeko aukerarik: “Auzoari eskaintzeko espazio propio bat sortu dugu honekin, elkarlanean oinarrituz eta ikuspuntu desberdin batekin lan eginez”.

Martinezek azpimarratu duenez, zaila da lau tokietara egokitzen diren antzezlanak topatzea. Batzuek baliabide jakin batzuk behar dituzte, edota agertoki handi xamar bat. Hala ere, eskaintza zabala egitea lortu dutela azpimarratu du, eta antzerki taldeek erakutsitako jarrera ere eskertu du: “Zaila da, baina saiatu gara gauzarik txukunenak ekartzen. Aurten, iaz ez bezala, clownak, ipuin kontalariak eta magia ere sartu dugu egitarauan, hots, antzerkitik harago doazen arte espresioak”. Horrekin batera, antzerki txikien kalitatea ere defendatu du: “Laburrak dira, eta txikiak direla esaten dugu, baina izugarrizko obrak daude, eta kalitatea benetan handia da”. Elgorriagak ere aktoreen jarrera goraipatu du: “Egia da ez ditugula baldintzarik onenak dituzten espazioak, baina oso ondo egokitzen dira, eta umiltasun handia erakusten dute, inongo aurreiritzirik gabe”.

Bonuak, astero

Mendizabalek iazko arrakasta errepikatzea espero du, eta aurten ere jendeak Zazpikaleetako lau tokiak betetzea ostegunetan, otsailean zehar. “Guretzat garrantzitsua da jendea etxetik ateratzea, ez soilik antzezlan bat ikustera, baizik eta arratsaldea pasatzera, euskal giroan eta euskarazko sorkuntza proiektu interesgarriak ikustera”. Sarrera eskuratzeko bi aukera daude: batetik, astero hiru emanaldiak ikusteko aukera ematen duen bost euroko bonua erostea, edo, bestetik, toki bakoitzean bertako obra ikusteko obrarako sarrera erostea, bi euroan.