Sortzaileen udaberri loratua

Natalia Salazar Orbe

“Gernikako arbola/ da bedeinkatua/ euskaldunen artean/ guztiz maitatua”, batetik. “Gazte gaztetatikan/ herritik kanpora/ estranjeri aldean/ pasa det denbora”, bestetik. Ezagun izateaz gain, ereserki ere bihurtu diren abestiak dira. Jose Maria Iparragirre Urretxuko (Gipuzkoa) bardoak sortu zituen. Haren jaiotzaren bigarren mendeurrena beteko da abuztuan, eta haren irudia eta legatua gogoan izango ditu aurten Loraldia jaialdiak, Bilbon. Sortzaile gipuzkoarraren omenez sortutako ikuskizuna estreinatuko dute: Iparragirre, bihotzeko Jose Mari. Ez da omenaldi hutsa izango. Haren inguruan izan ziren emakumeen ikuspuntutik kontatuko dute abeslariaren bizitza, andreok idatzitako fikziozko gutunak oinarri hartuta.

Jaialdian aurkeztuko dituzten lan berrietako bat besterik ez da izango hori. Iparragirreren kantak ere entzungo dira. Asteartean hasi eta martxoaren 29ra bitarte, 29 emanaldi eskainiko dituzte 120tik gora sortzailek. Horietatik asko jaialdian bertan estreinatuko dituzte. Eta Loraldiaren beraren produkzio propioak ere aurkeztuko dituzte.

Iparragirreren bizitzako zenbait pasarte kontatuko dituena da horietako bat. Eta BERRIA egunkariarekin elkarlanean ondutako Pessoa eta Sarrionandia Casa do Fadon literatur ikuskizun musikatua beste bat. Fernando Pessoa eta Joseba Sarrionandia idazleen arteko hitzordu literario bat irudikatuko dute Itsas Museoan. Ikusleak Lisboako Casa do Fado batera eramango ditu saioak, bi sortzaileak han elkartuta daudela irudikatuko baitute. Mikel Antzak jarri dizkio hitzak topaketa horri. Diana Villarinho fado abeslariak doinuz jantziko du topaketa. Sarrionandiak Pessoari dion miresmenetik abiatutako lana da taularatuko dutena. Saiakera eta olerki egile portugaldarraren eragina nabari da idazle bizkaitarraren hainbat lanetan.

Euskal sortzaileak eta euskaraz sortutako lanak nabarmentzea da Loraldiaren helburu nagusietako bat. Lan horiek publiko berriei helarazi nahi dizkiete. Eta memorian sakontzen ere saiatu dira, iturri zaharren erreferenteetatik abiatuta proposamen berritzaileak plazaratzeko asmoz. Horiexek dira haien asmoak.

Seigarren jaialdia dute aurtengoa. Eta antolatzaileek uste dute Loraldia jada errotuta dagoela Bilboko kultur agendan. Hamaika desira! leloa du, eskainiko dituzten emanaldi guztien erakusgarri. Diziplina anitz uztartuko dituzte; askotariko formatuak izango dira, eta denetariko jarduerak egongo dira aukeran: antzerkia, dantza, musika, literatura, zinema, gastronomia eta bertsolaritza landuko dituzte saioetan. Rol joko bat ere antolatu dute.

MUSIKA

Musikak emango dio hasiera jaialdiari. Joseba Martin kazetariak euskal musikaren historiari buruzko hausnarketa egingo du, bi menderen arteko bilakaera aztertuta. Iparragirre eta Mikel Urdangarin abeslarien arteko sokari tiraka, euskal nortasuna azaleratuko du.

Euskal kulturako zenbait erreferente izango dituzte gogoan aurten. Iparragirre eta Sarrionandiaz gain, Fermin Muguruza eta Agustin Xaho eramango dituzte oholtzara. Asisko Urmenetak Xahoren irudia ezagutarazteko AztiHitza komikia sortu zuen, eta lan hura oinarri duen ikuskizuna aurkeztuko dute orain. Zuberoako semearen historia eramango dute Itsas Museora, musika, marrazkiak eta irakurketa dramatizatua uztartuta.

Euskal herritarrentzako lekua ez ezik, nazioarteko pertsona ospetsuentzako lekua ere hartuko du jaialdiak. Besteak beste, Bob Dylanen kantu ezagunenen hitzak euskaraz entzun ahal izango dira Adolfo Diaz Letamendi aktorearen hitzetan.

ANTZERKIA

Iparragirreren ondareaz gain, bestelako gaiak izango dituzte aztergai Loraldian izango diren antzezlanek. Martxoaren 27an Teatro Eguna ospatuko dute, eta Lurrun minez lana aukeratu dute egun horretarako. Galder Perezek idatzi zuen lanaren gidoia, duela urtebete, eta orain estreinatuko dute obra. Hiru homosexualen arteko drama psikologikoa, soziala eta sexuala irudikatzen du. Beharrezko ote da horrenbeste identitateren etiketa? Edo dena justifikatu eta azaldu beharra ez ote da bestelako botereetatik jasotako herentzia kontserbadore patriarkala? Horra hor egilearen galderak. Aukeretako batzuk baino ez dira horiek.

LITERATURA

Eskaintzarik zabalena literaturaren alorrean eskainiko du jaialdiak. Irakurri, mesedez kanpainarekin bat egin du, eta testu literarioak, bertsoak eta musika entzuteko aukera eskainiko du San Mames geltoki intermodalean egun batez. Agertoki bat jarriko dute han, eta zenbait idazlek testuak irakurriko dituzte. Miren Amuriza eta Oihana Bartra bertsolariek idazle bizkaitarren berbak josiko dituzte, inprobisazioa bidelagun. Dena harilkatuko duen doinua Nerea Alberdik jarriko du, bere biolinarekin.

Noam Chomskyk identifikatutako hedabideen manipulazio estrategiak destilatu, eta poesia bihurtu ditu Harkaitz Canok. Doinua jarri die Pettik, eta emaitza Loraldian aurkeztuko dute.

Iñigo Astiz kazetariak eta Mikel Aierbe literatur irakasle eta ikerlariak Högeitavat lana taularatuko dute. Astizen Analfabetoa liburuko azken olerkia aurkeztuko diete ikusleei, irakurketa eszeniko baten bidez.

DANTZA

Aura konpainiak klakea, txalaparta eta pianoa uztartzen dituen Txak txak ikuskizuna aurkeztuko du. Besteak beste, jazz mundura eramango dute ezpata dantza.

ZINEMA

Bi film eskainiko ditu Loraldiak: Maider Oleagaren Muga deitzen da pausoa eta Josu Martinezen Anti film laburra. Pantaila handiari ere txokoa ireki diote hala.

BERTSOLARITZA

Garbiñe Ubeda idazleak etorkizunari buruz idatzitako Zaharkitze programatua testuaren gainean inprobisatzen ariko dira Alaia Martin eta Onintza Enbeita bertsolariak. Hori guztiori, Don Inorrez taldearen musikak girotuta.