Izateko modu anitz, plazara

Izateko modu anitz, plazara

Natalia Salazar Orbe

Identitateari eta genero aniztasunari lotuta ekoitzitako lanen erakustaldia eta gai horien inguruan hausnartzeko eta eztabaidatzeko aukera eskainiko du aurten Zinegoak jaialdiak. Otsailaren 24tik martxoaren 8ra bitarte film luzeak, film laburrak, dokumentalak, emanaldi bereziak eta topaketak egingo dituzte Bilboko hainbat agertokitan. Ekoitzitakoaz gozatzeaz gain, sortzeko aukera ere eskainiko dute aurten, ordea. Gaur hasi eta astelehenera bitartean Express… Your sex! ikus-entzunezko rally maratoia antolatu dute. Hor parte hartzen duten taldeek 72 ordu izango dituzte sakelako telefonoarekin film laburrak grabatzeko.

Gaur bertan jakinaraziko dute lehenengoz antolatu duten lehiaketa horren gaia. Hala ere, aurreratu dute sexu, identitate eta genero aniztasunarekin lotuta egongo dela. Lau sari izango ditu: 300, 200 eta 100 euroko sari bana, eta publikoak aukeratuko duen 100 euroko beste bat.

Lehiakideek ez dute beharko material profesionalik euren lanak filmatzeko. Nahita hartu dute erabaki hori, Zinegoak jaialdiko zuzendari Pau Guillenek argitu duenez. “Ez genuen nahi material falta traba bihurtzea maratoi honetan parte hartzeko. Interesa duten guztien parte hartzea bultzatu nahi dugu, batik bat gazteena. Gidoian jarri nahi dugu arreta, istorioa kontatzeko erabili diren baliabideetan baino gehiago”. Gehienez, hiru minutuko filmak izan beharko dira.

Parte hartu nahi dutenek gaur, 18:30ean, eman behar dute izena, Bizkaia aretoko Oteiza auditoriumean. Sari banaketa hilaren 20an egingo dute, Bilborocken.

Hasiera besterik ez da izango. Otsailaren 24an hasita, bi astez izango baita 17. Zinegoak jaialdia, Hamaika modu izateko, sentitzeko, maitatzeko, bizitzeko izenburupean. Sexualitatea ikuspegi anitzetatik ulertzeko beharra azpimarratu du Guillenek, “sexualitatea osatzen duten geruza guztiak ahaztu barik. Sexu-orientazioari buruz hitz egin nahi dugu, eta genero identitatearekin lotu. Identitate horiek adierazteko ditugun modu anitzen edertasuna gehitu nahi diogu, eta generoa ulertzeko orduan azaleratzen diren modu anitzekin osatzea, ematen zaigun ikuspegi binariotik harago”.

Sexu aniztasuna inor kanpoan utziko ez duen errealitate gisa ulertuta, fikzioa eta dokumentala uztartzen dituzten hainbat lan aurkeztuko dituzte jaialdiaren egoitza nagusi izango diren hiru aretoetan: Bilborocken, Azkuna zentroan eta Bilbo Arten.

Arriaga antzokian egingo dute inaugurazio ekitaldia. Dorian Wood artistaren ikuskizuna eta Mi pequeño gran samurai dokumental laburraren estreinaldia emango dituzte. Arantza Ibarrak zuzendu du Ondarroako Ekai Lersundiren kasua azaltzen duen dokumentala. Bulba zuen mutila izateak borroka gogorregia eskatzen zion, eta bere buruaz beste egin zuen gazteak, 2018an.

Historiaz eta istorioz jositako jaialdia izango da aurtengoa ere. LGTBI+ pertsonen artean gertatzen diren suizidio kasuei erreparatuko diete, batetik, baina beste hainbat gai ere izango dituzte aztergai; hala nola transexualitatea eta ultraeskuinak hartu duen indarrak sortzen duen homofobia.

Euskal sortzaileentzako Erroak saila egokitu dute. Sail ofizialean zein handik kanpo izango dute lekua bertako ekoizpenek.

FIK, DOK eta KRAK sailak finkatu dituzte jaialdian. Hiru atal horien barruan emango dituzte sail ofizialeko lan guztiak. FIK sailean fikziozko lanak emango dituzte. Heute oder Morgen filma izango da sail horretan ikusi ahalko direnetako bat. Bisexualitatearen edo lotura afektiboen eredu berrien inguruko hausnarketa planteatzen du.

DOK saileko 4 cuerpos dokumentalak agerian utziko du gorputzak, itxura fisikoak, genitalitateak eta gorputzaren gaitasun anitzek nola baldintzatzen dituzten pertsonen arteko harremanak. Khartoum Offside lanak, berriz, Sudango emakumezkoen kirol taldeek pairatzen dituzten egoerak ezagutaraziko ditu. Azkenik, KRAK sailak lengoaia berriak eta istorioak kontatzeko modu berriak plazaratuko ditu. Ne croyez surtout pas que je hurle filmak, esaterako, maitasunik ezari buruzko istorioa kontatuko du.

Berritasunak ere izango dira. Vermut saioetan protagonistekin bertatik bertara hitz egiteko aukera izango da. Hori baitu bereizgarri jaialdiak: zuzendariak eta aktoreak bertatik bertara ezagutzeko aukera.