Natalia Salazar Orbe
Itsasoaren astinduek eta eguneroko kargatze eta deskargatze lanek portuan eragin dituzten kalteak konpontzeko lanak abiatu dituzte Bermeon. Zehazki, Xixili eta Erroxape moilak konponduko ditu Eusko Jaurlaritzak.
Albisteak
Bidea urratzeko oholtzak
Natalia Salazar Orbe
Bizkaian bertsolaritzak zuen hutsunea betetzeko asmoari helduta, herriz herri ibili zen hilaren 8an azken arnasa eman zuen Jon Lopategi bertsolaria. Bizkaiko taldekako lehiaketak ere eskualdez eskualde aritzen diren bat-bateko kantu egileak bilatzen ditu.
Herensugea herrenka
Uxue Gutierrez Lorenzo
Mari izango da, seguru asko, euskal mitologiako pertsonaia gorenena, kondaira ugariren protagonista. Izadiaren amarekin batera, baina, haren ahaideak ere egin dira ezagun. Izan ere, esaten denez, Anbotoko Damak senarra eta bi seme ditu Euskal Herriko zenbait txokotan gordeak.
Bermerik gabeko etorkizuna
Peru Azpillaga Diez
Prekaritate hitzak egunkari azal eta izenburu ugari hartu ditu XXI. mendeaz geroztik. Ezerezetik, egunkari eta albistegi guztietara egin du salto azken hamarkadan, eta badirudi lanaren munduaren logika itxuraldatu egin duela. Gazteekin eta bizi duten lan egoerarekin lotzen da, batik bat, prekaritatea; baina, zer esan nahi du zehazki?
“Prekaritate kroniko batean” ikusten dute beren burua Ezkerraldean
Aitziber Laskibar Lizarribar
Etorkizuna ilun sumatzen dute Ezkerraldeko gazteek. "Prekaritate kroniko batean" murgilduta ikusten dute bere burua; "bizitzako alor guztietara" hedatu den prekaritate egoeran. "Gure bizitzen parte da eta gelditzeko etorri da», adierazi du Ezkerraldeko Ernaik bertako gazteen egoeraren berri emateko agerraldian.
Erreparaziorik izan ez dutenei, aitorpena
Natalia Salazar Orbe
Felipa zuen izena; orozkoarra zen. Senarra sozialista zuen, errepublikazalea edota abertzalea izatea gogor zigortzen zen garai hartan. Eta hura ere zigortu zuten: erbesteratu egin zioten gizona. Felipak, berriz, herrian bertan pairatu zituen errepresaliak. "San Martinerako errepidea egiteko lanak egitera behartu zuten; orgarekin lan egitera. Seme-alaba gaztetxoek eramaten zioten haurtxo txikia amari, bularra eman ziezaion errepide hartan lanean ari zen bitartean. Egunean bizpahiru aldiz eramaten zioten. Han lanean ari ziren presoek errespetu handiz tratatzen zutela kontatzen zuen; intimitatea gordetzen laguntzen ziotela". Karla Santistebanen hitzak dira. Orozkoko memoria historikoa berreskuratzeko lanerako elkartu den herritar talde bateko kidea da. Bihar ikusiko dute argia Feliparenak bezalako lekukotzek, osatu duten ikus-entzunezko batean. Horrez gain, hainbat ekitaldi egingo dituzte, gaur hasita.
Ontzia egin, eta itsasoa kendu
Aitziber Laskibar Lizarribar
Atunontzia zen lehen. Baina jabeek saldu, eta erosle berezia izan zuen Aita Mari-k, 32 metroko luzera duen itsasontziak: Europara iristeko ahaleginean Mediterraneoko uretan noraezean diren migratzaileei laguntzeko lanean aritzen den boluntario talde bat. Diru laguntzak bilatu, itsasontzia konpondu eta egokitu, eta migratzaileak itsasoan ito aurretik salbatzeko prest dago Aita Mari. Tripulazioa eta boluntario taldea ere bai. Abiatzear zen duela hiru bat aste. Baina Bilbon dago, Itsas Museoaren ondoan, itsasadarrean lotuta. Espainiako Gobernuak ukatu egin dio Mediterraneoko uretara abiatzeko baimena.
“Hori da kontua: uste dute ez direla inor”
N. S. O.
Gazte eta arduragabe gisa ageri dira sarri LGTBI kolektiboko kideak. Baina adineko jende asko ere badago. Horien errealitatea erakusten du Visibles film laburrak. Zinegoak-en emango dute, hilaren 25ean. Ainhoa Urgoitia (Bilbo, 1976) da gidoilaria.
Zer erakusten du filmak?
LGTBI kolektiboko adinekoek duten egoera tamalgarria erakusten du. Ikusgarritasuna eman nahi genien. Izan ere, badirudi egungo gizartean zerbaitetaz hitz egiten ez bada ez dela existitzen. Beti hitz egiten dugu gaur egun ditugun eskubideei buruz, lortu ditugun aurrerapen guztiei buruz, nola gizartea pixkanaka zabaltzen ari den eta errealitate desberdinak onartzen dituen. Badirudi dena lortu dugula orain. Hori ez da egia. Gure aurrekoek bidea zabaldu digute, eta ez diegu eman euren espazioa. Hori da zineman erakutsi nahi duguna: zergatik adin batera iristean ikusgarritasuna galtzen den. Eta, zehatzago, LGTBI kolektiboko gure nagusiekin zer gertatzen den.
Gizarteak zergatik egiten du ikusezin kolektibo hori?
Proiektu honekin hasi ginenean, konturatu ginen zineman ez dela hitz egiten adinekoei edo zahartzaroari buruz. Badirudi zahartzaroa ezkutatuta dagoela, ez duela inporta; ez da gustukoa. Gainera, zeri esaten diogu zahar? Nori esan diezaiokezu zaharra dela? Egungo sistema kapitalista honetan badirudi aktibo ez bazaude ez duzula balio ezertarako. Jarrera horrek oso gaizki hitz egiten du gaur egungo gizarteari buruz. Azken batean, gure nagusiengatik gaude hemen. Badirudi jakituriaren transmisioa ere ez dela hartzen kontuan. Dena egiten da azkar, dena teknologiaren mende... Gure nagusiek daukaten jakituria alde batera uzten dugu; ez dugu hartzen kontuan. Pertsona bat ez bada aktiboa eta ez badago sartuta sisteman, ez du ezertarako balio. Bada, guk ikusgarritasuna eman nahi diegu.
LGTBI kolektiboan, gainera, izugarrizko karga izan dute: ezin izan dituzte bizi beraien sexualitatea, beraien maitasuna eta beraien izaera. 60 urtetik gorako askok ez dute onartzen euren izaera. Oraindik ez dira ausartzen senideei esaten zein den euren izaera sexuala. Ezkutatu egiten dute. Homofobia hain barneratuta daukate, ezen oraindik ez dira beren buruaz harro sentitzen; ezkutuan jarraitzen dute.
Zer ondorio du LGTBI kolektiboaren inguruan osatu den estereotipoak?
Ez dakit nork sustatu duen estereotipo hori. Zinean zein publizitatean adineko pertsona bat irudikatzen dutenean —ez bakarrik LGTBI kolektibokoa— gazteago bat jartzen dute, ez adineko bat. Badirudi kolektibo horretako kideak izugarri dibertitzen direla, ondo pasatzen dutela eta 40 urtera artekoak baino ez direla. Adin horretatik aurrera ez dira existitzen. Gure dokumentalean Federico Armenteros agertzen da, 26 de Diciembre fundazioko zuzendaria. Berak esan zigun behin Madrilgo udaletxean bilera bat egin zutela zenbait kolektibok. Hango psikologo batekin hitz egiten ari zela, hark esan zion ez zuela pentsatzen adineko homosexualik zegoenik. Oso esanguratsua da, zerbait gaizki dagoen seinale. Estereotipo bat sortu da. Komunikabideetan soilik agertzen dira gay harrotasunaren eguna eta antzekoak, baina ez da agertzen eguneroko bizitza. Hori falta da.
Eta non daude adineko horiek?
Beraien etxeetan sartuta. Askok ez du familiarik. Kontuan izan behar dugu gizartea ez eze, lehengo familiak ere oso zapaltzaileak zirela. Rol gogorra betetzen zuten askotan. Lagunen zirkulua ere murritza dute. Homofobia hain barneratuta dutenez, gainera, etxean sartu dira. Askok ez dute nahi zaharren egoitza batera joan, uste dutelako berriz sartu beharko dutela armairuan. Izugarrizko beldurra daukate erakusteko benetan zer diren. Fundazioak edo beste kolektibo batzuek ematen diete soilik ateratzeko aukera.
Ezagutu genuen pertsona bat hamazazpi urte egin zituena etxean sartuta. Udaleko gizarte langileek 26 de Diciembre fundaziora deitu zuten pertsona haren egoera azaltzeko, ez zuelako nahi haien laguntzarik. Fundaziokoak joan ziren, gizonak ikusi zuen kolektibokoak zirela eta laguntza onartu zien. Ordurako, osasunez oso gaizki zegoen. Fundaziokoei esan zien orain ez zuela hil nahi; haiek ezagutu zituela eta. Lasai egoteko esan zioten, beti egongo zela euren bihotzean eta euren lehenengo zentroari bere izena jarriko ziotela. Hark, berriz: 'Baina ni ez naiz inor'. Hori da kontua: uste dute ez direla inor. Homofobia hain barneratua dute, ezen beraiekin lan egitea eta burbuila horretatik ateratzea oso zaila baita. Gizartea oso gogorra izan da beraiekin; baita familia asko ere.
Hausnartu behar dugu zer egiten ari garen gure nagusiekin. Gizarte batek modernoa, aurrerakoia, soziala eta demokratikoa izan nahi badu ezin du utzi pertsonak beraien etxeetan bakarrik egotea. Kolektiboko pertsonek ez dituzte landu beraien maitasunak eta maitatzeko harremanak. Ez diete utzi egiten.
Sariak ere jaso ditu lanak.
Madrilgo LesGayCineMad jaialdian saritu zuten. Saria jasotzera joateko deitu ziguten. Protagonistak bidali genituen. Haietako bati izugarrizko bizitza eman dio joan eta saria jasotzeak. Indar handia eman dio jendea gerturatu eta esateak bere lekukotzak benetan hunkitu duela. Hori da saria.
Badirudi hitz egiten ez den hori ez dela existitzen, eta gizarteak ahalmen berezia du horretarako. Horretarako egon behar du zineak, azaleratzen ez den guztia ikusarazteko. Ez dugu ahaztu behar egungo eskubideak atzoko herritarrei esker ditugula. Gainerakoan ez genituzke izango. Gizarte anitz eta justu batek ez lituzke ahaztu beharko adinekoak, inoiz.